Teknologia albisteak

Erabilgarritasuna: zeozertarako balio duten webguneak egin

Erabiltzailearen aurpegia
Maite Rementeria - Pompeu Fabra unibertsitatea, Bartzelona
2002-07-16 : 10:07

Edozeini aulki batek zerbaiterako balio duen galdetu ezkero, bertan eserita egoteko dela erantzungo digu inongo dudarik gabe. Objetu guztiek funtzio nagusi bat dute eta aulki bat egiten dugunean argi euki behar dugu gutxienez jartzeko balio behar duela. Baina webgune bat egiten dugunean, argi al daukagu zein den bere funtzioa? Zertarako balio behar duen? Balio ote duen benetan guk nahi dugun horretarako?

Galdera guzti hauen atzean EEBBn aspalditik ezaguna den zientzia bat daukagu: Usability. Gaztelaniaz Usabilidad eta euskaraz erabilgarritasuna bezala itzuli dut. Web erabilgarri bat, erraz erabiltzeko gai garen web bat bezala defini dezakegu. Web bat non gauzak erraz aurkitzen diren, nabegazioa erraza du. Erabiltzaileak erraz erosi, erregistratu, idatzi, bilatu dezake behar duen hori. Testuak ondo idatzita daude. Gauzak erraz kargatzen dira. Orrialdeek ez dute errorerik ematen. Eta abar luze bat. Orohar, erabiltzaileak modu erraz batean asetzen du gure webera etorri denean zeukan beharra.

Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean nago "Usabilidad y arquitectura de la información" deritzon ikastaro bat egiten. Ikastaroan bibliografia bat eman digute eta badira pare bat liburu interesatzen zaizkidanak. Hemendik irten eta FNACera joatea pentsatu dut ea hauetako libururen bat aurkitzen dudan. FNAC zenbait hiri handitan dauden planta askotako liburu eta disko denda erraldoiak dira. Denda berandu arte zabalik egongo dela suposatu dut eta 21:00etan ateratzen naizenez, ikastarotik atera ostean dendara joateko astirik izango dudan jakin nahi dut. Web-era sartu naiz. Weba oso txukuna da, diseinu polita, liburuak on-line ere eros daitezke, ... Dendaren ordutegiaren bila hasi naiz. 10 minutu pasa ostean agian bihar goizean joango naizela erabaki dut.

Web honen egileak, berdin zait FNAC edo lana egin duen enpresak, pentsatu al dute zeintzuk diren beren web-era hurbilduko diren bezeroen beharrak? Agian bai, baina nerekin behintzat kale egin dute.

Baina nork egiten du Usability? Fidelity Investments, EEBBetako inbertsio fondo konpainia handienak esaterako, 15 langiletik gora duzka bere webaren erabilgarritasuna bermatzeko. Azken 3 urteotan 120 test baino gehiago egin dituzte beraien webari buruz. Laborategi berezi bat ere badaukate beraien testak egin eta beraien bezeroen jokaerak eta beharrak ikertzeko. Emaitza zein da? Banku honetan egiten diren eragiketen %85a on-line egiten dira.

Zertan datza zehazki erabilgarritasunaren kontu hau? Erabiltzaileari bere helburuak lortzea (liburu bat erostea, informazioa aurkitzea, ordutegia begiratzea, transferentzia bat egitea, ...) ahalbidetu behar diogu gauzak ahalik eta modu erraz eta erabilgarrienean aurkeztuz. Eta zer egin horretarako? Erabiltzailea ikertu behar dugu. Bere jokaera eta beharrak ezagutu behar ditugu, bere kontestua ulertu.

Zer egin gure web-a erabilgarria den edo ez jakiteko? Teknika desberdin asko daude hau jakiteko: Erabiltzaileei egindako testak (user test edo test de usuario ), jakitunek egindako testak sarri errepikatzen diren erruak aztertuz (heuristic test), log- en azterketa, etab... Badira zenbait kontsultora modu serio eta sakonean azterketa hauek egiten dituztenak. Momentuz gutxi diren arren, internet munduan gora egiten ari den lanbide bat dela esan dezakegu.

Baina beti ez da erraza azterketa zientifiko bat egitea. Aurrekontuek askotan ez digute horretarako aukerarik ematen. Kasu hauetan guk geuk egin ditzakegu probatxo batzuk, oso zientifikoak izan ez arren, seguruenik gauza bat baino gehiago argituko dizkigutenak. Hartu zure web-ean egin daitezke pare bat lan eta jar itzazu 2-3 pertsona lan hori egiten. Eskatu iezaiezu egiten ari direna altuan esan dezatela. Agian zuretzat horren erraza den lan hori erabiltzailearentzat zaila dela ohar zaitezke.

Gai honen inguruan badira zenbait web. Hona hemen helbideak interesa duzuenontzat.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago