Teknologia albisteak
10

Eskerrik asko denoi ospitaletik!

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2002-09-20 : 17:09

Pozik hartu ditut zuen erantzunak, bai horixe! Zatika iritsi zaizkit ospitalera, Begok berak eta beste lagun batzuek ekarrita. Ez dakizue ondo nola gozatu didaten bihotza!

Bidali didazue elkartasuna, kemena eta maitasuna, eta nik neure egin ditut. Erakutsi didazue bihotzetik hitz egiten denean badakigula erantzuten, baita horretarako teknologia berriak erabili behar badira ere. Oharkabean ia, konturatu gara familia moduko bat antolatu dela Sustaturen inguruan. Eta horri esker, lehen baino hurbilago sentitzen gara. Mila esker!

Aste honetan analisi eta miaketa gehiago egin dizkidate. Ezker besoan ere egin didate ebakuntza txiki bat: kaxa txiki bat jarri azalpean, ezker besoaren eskumuturra eta ukondoaren artean, eta handik sartu plastikozko hodi bat, bihotzeraino doana. Hemendik aurrera, eta tratamenduak irauten duen bitartean, hodi horretatik sartuko dizkidate kimioa eta gainerako botikak, zainak honda ez daitezen.

Datorren astelehenean hasiko naiz kimioterapia hartzen. Aste osoa igaroko dut ospitalean. Ondoren, hiru bat aste egingo ditut etxean. Eta horrela beste hiru bat aldiz. Tratamendua amaitzeko egingo didate auto transplante bat, nire hezur muinarena.

Kontatuko dizuet. Gogorik baduzue, behintzat, Sustatun idatziko dut, noiz edo behin, esperientzia honen berri. Eta gustu baduzue, segituko dugu hitz egiten, orain arte bezala. Akaso honen ostean denok ere garbiago ulertuko dugu zer den minbizia edukitzea eta ez diogu hainbeseko beldurrik izango.

Mila esker idatzi duzuen guztioi eta baita idazteko indarrik aurkitu ez duzuenoi ere.

Maite zaituztet!

Erantzunak

Luistxo
2002-09-20 : 18:01

> Pozik hartu ditut zuen erantzunak, bai horixe! > Kontatuko dizuet. Gogorik baduzue, behintzat, Sustatun idatziko dut, noiz edo behin, esperientzia honen berri. Eta gustu baduzue, segituko dugu hitz egiten, orain arte bezala.


Bueno, okurritu ere ez zait egiten lana eskatzea... Baina zuk nahi baduzu, zuk ikusi. Weblog pertsonalak gaixotasuna borrokatzeko sortzen dutenak ere badaude sarean.


Ikusi Aurki-n esperientzia pertsonalak kontatzen dituztenen atal hau


Era honetako gune dexente daude. Azkar aurkitu dudanetako bat, No Bra Required (bularretakoen beharrik ez), emakume adoretsu batena...


Gora zu!


editorea
2002-09-20 : 18:17

Albiste honek aurretik izan du beste "kapitulu" bat. Ni idazten nagoen honetan, Joxe Aranzabalek idatzitako artikuluak 56 erantzun jasoak ditu. Sustatuko irakurleok badakizue albisteak artxibatuta geratzen direla eta bilatzailea erabiliz jendeak oraindik ere irakurriko duela albiste hori eta baita erantzunak eman ere. Izan ere, idatzita dagoen moduak irakurtzera animatzen du eta baita idazleari erantzutera ere.


56 erantzun: errekorra Sustatun. Albiste batek ere ez zituen horrenbeste mezu jasoak eta 2200 pertsonatik gora sartu dira Sustatun albistea publikatu zen egun horretan. Albiste hori egoteak ere lagunduko zuen egun horretako bisita kopuruan.


Joxek bihotzarekin idatzi zuen eta du, orain ere. Albiste humanoa inondik ere. Zuk esaten duzun moduan, "konturatu gara familia moduko bat antolatu dela Sustaturen inguruan." Ba familia horren partez animo berriz ere.


Iñaki eta Pili
2002-09-21 : 02:50

Maratoi honetan aurrera egingo duzula argi daukagu jadanik.

Eta teknologiak elkartzeko ere balio duela erakutsi digunez... besarkada handi bat Bilbotik!

Kontxi Umerez eta M Elkoroberezibar
2002-09-21 : 19:34

Momentu hauetan hitzak soberan daude, bakarrik esan animo eta aurrera, lasterketa gogorra da, baina jokoan dagoen sariak merezi du. Bi musu eta eutsi gogor.

andoni urzelai
2002-09-23 : 00:09

Aupa joxe!

Ezustean harrapatu nau albisteak. Zaila suertatzen da horrelakotan ezer esatea. Zorionez, ordea, posta elektronikoaren hotztasunak, distantziak, erraztu egiten du nolabait unea.

Adoretsu ikusi zaitut idatzietan, sendo. Pozten naiz. Zuk diozun bezela lasterketa luzetan makina bat aldiz jarduna zara, baduzu, hortaz, horri eta gehiagori aurre egiteko kemena.

Gure partez, besarkada bero bat, zuri eta zureei. Eutsi sendo goiari, ukabila bildu eta ekiozu amorruz bideari.



Andoni eta Jone Miren

Iratzeder
2002-09-23 : 13:32

Ez dugu pertsonalki elkar ezagutzen. Badugu ordea pertsona bat amankomunean, Bego. Ostiralean ikusi nuen lehenez Bego zure albistea jakin nuenetik, eta hark eman zidan zure eskutitzaren berri.



Hunkituta eta harrituta utzi ninduen zure eskutitzak. Begoren aurpegian ikusitako adorea eta aurrera segitzeko gogoa zure hitzetan ere nabarmen zela ikusteak, asko poztu ninduen.



Ruper, Oñatiko kantariak dioen bezala: "Dabilen harriari ez zaio goroldiorik itsasten".



Ekin gogor eta besarkada haundi bat zuri, Bego eta Mireni!



Gurutze Irizar
2002-09-24 : 09:31

Besarkadak gure partetik ere.



Ama Kontxa, Gurutze, Salem, Garazi eta Beñat

Mikel Iturria
2002-09-24 : 12:07

Aupa Joxe:


Aurreko batean zure testua gazteleraz jartzea okurritu zitzaidan eta lagun bati bidaltzea, berak bere webgunean jarri du.


Hona hemen helbidea: Javierortiz.net


Animo!


Zure laguna
2002-09-24 : 19:39

Zure eskolako ikasle bat naiz, eta benetan lerrotxo hauen bidez animorik indartsuenak bidaltzea gustatuko litzaidake.

Miresgarria da zuk zure barrutik besteoi bidaltzen diguzun indarra.

animo eta aurrera segi!!!!

Joxe Rojas
2002-09-25 : 15:58

Animo, tokaio!



Tratamenduarekin bukatzen duzunean Mac OS X euskaratzen hasi behar dugu-eta! ;)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago