Teknologia albisteak
20

Ainhoa, Operación Triunfo irabazteko gertu

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2003-01-27 : 10:01

Gaur gauean jokatuko da finala Operación Triunfon (OT). Sei gazte ahaleginduko dira lehen hiruren artean geratzen, tartean Ainhoa, euskaldun bat Galdakaokoa.

Gaur erabakiko da nortzuk diren irabazleak Operación Triunfo lehiaketan. Hobeto esanda, lehiaketa honen bigarren aldian.

Lehenengoan ez zen euskaldunik izan. Baina bigarrenean bi sartu ziren akademian: Enrique Anaut iruinseme madrildua eta Ainhoa, Galdakaokoa. Anaut hirugarren astean atera zuten kanpora, indarrik ez-eta. Ainhoa, berriz, hainbat aldiz izan dute kaleratzeko zorian, baina eutsi egin dio azken arte.

Euskal arrastorik ez

Hainbat gala ikusi ditut OTren bigarren aldi honetan eta gauza batek eman dit atentzioa Ainhoari dagokionez: ez diot bat ere zantzurik ikusi, euskalduna dela sala dezakeenik. Ez gurasoekin elkartu zenean, ez Bilbora ekarri zutenean, ez eta bere jaioterrian egin zuten erreportajean, inon ez zen euskarazko berba bat bera ere agertu. Aitzitik, Beth edo Joan katalanen kasuetan arrasto mordoa ageri ziren, katalantasuna erakusten zutenak.

Ez dakit den Ainhoa bera ez delako eusakaraduna edo antolatzaileek ezkutatu dizkiotelako euskal azternak oro, badaezpada, aznarismoan bizi gara eta. Ainhoaren foroan ere arrasto bakarra aurkitu dut euskaraz, jotake, irabazi arte! Gainerakoa gaztelaniaz dago.

Pizza banatzailea

Ainhoa orain 22 urte jaio zen Galdakaon. Bi nebarreba ditu, bera baino zaharragoak. Irakasle ikasketak eta Soinketa ikasten ari da eta, sei hilabetez, pizzeria batean ibili zen lanean, pizzak banatzen. Musika du gustuko eta hainbat taldetan jo izan du OTra joan aurretik. Ah, eta bere liburu gogokoena da Behi Euskaldun Baten Memoriak, Bernardo Atxagarena. Horra euskal aztarna bat, nahiz eta ez dakigun euskaraz irakurri zuen edo gaztelaniaz, berak Memorias de una vaca aipatzen du eta.

Nik ikusi dudanagatik, esango nuke izaera zurrun samarra duela Ainhoak. Arazoak izan ditu bere kideen artean, batez ere izendatuta egon denean (hainbat aldiz) kanpora irteteko. Tentsioak eragindako gorabeherak izango ziren, noski, baina hor ez du erakutsi beste batzuek frogatu duten jendetasuna. Horrekin batera, ostera, irabazi du borrokalari ospea, erraz amore ematen ez omen duelako. Keinu asko egiten ditu ahoarekin, lotsati samarra delako seguruenik eta, beste batzuek bezala OTn, imintzio mordoa egiten ditu besoekin, publikoari-eta maitasuna adierazteko.

Harrituko nintzateke Ainhoa sartuko balitz irabazleen artean. Epaimahaiak hainbat aldiz izendatu du kalera irteteko. Publikoak ere inoiz ez du jo faboritotzat. Batzuek eta besteek badituzte beste faborito batzuk: Beth, Manuel Carrasco eta Miguel Nández. Iaz bezala, neska bat eta bi mutil. Formula asmatuta dago eta, iaz behintzat, etekin onak eman zizkien. Zertarako arriskatu?

Erantzunak

AinhoFan
2003-01-28 : 10:35

Marrazoak ur-azpian filmatzeko nolakoak egin behar diren ikusten egon nintzen ETB2-an, baina itxura batean Ainhoak irabazi du!


urizarreta
2003-01-28 : 16:13

Izena euskerazkoa bakarrik, azala eta mamia hutsaren hurrengo.

Españardoak, daukaguna gure inguruetan, Galdakaon, zein Basaurin zein Durangon.

Argi dago telebistan agertuko dala "promoziño berezian" gaztelaniaz. Bihotz arloko telebista programetan, FMko programetan, edo prentsa arrosan, susterbako ETB-2an, Ugalderen programan.

Ez dakit Euskadi Gaztean ezta Sorginen Laratzan agertuko den, baina kapaz dira jartzeko.

Galdakaoko udalak behintzat laguntza eman dio, kargua itxiko duen Landa alkatearen bidez, eskerrak jarraitzen ez duen.

Ba hori, atzoko danak mozoloen antzera arrastaka operazioa ikusten. Nik behintzat ez nuen ikusi, ezta ikusi gura bere.

Aznarren triunfo bat gehiago.

iñaki olano
2003-01-28 : 16:17

Otegik Radio Euskadin esan duenez, agian "baskito" guztiak Eurobisioan Espainia animatzen jartzeko sistema polita asmatu dute.



Osea ke, kasualitaterik ez dela hemen izan, eta agian bozketa bera manipulatuta dagoela, beste hainbat sariketatan bezala (literatur munduan, hedabideen "autopremio"etan.. etabar) ez direlako batere garbiak izaten.



Lehendik ere Ansonen eraginez zenbait euskal herritar Espainiako miss eta mister hautatu izan dituztela ere... badira txutxumutxuak.



nik ez dakit. Baina zer deritzozue? Denbora galtzen ari ote gara gai honekin?



Gunilla
2003-01-28 : 17:20

Eta ondo pasa nuen. Ze arraio! Hori ere Aznarren garaipena? Leku guztietan ikusi behar ditugu mamuak?



Arren, ahaztu dezagun politika une batez.



Unai Elorriagak Espainiako Narratiba saria irabazi zuen bere liburua ona zelako, besterik gabe. Eta orain Ainhoak publikoari gustatu zaiolako irabazi du, besterik gabe.

Otero
2003-01-28 : 19:00

Pilo guztiak ez dira metak, esaten zuen baserriko osabak. Operación Triunfon ere, antzera. Aldera ditzagun, bestela, iazko eta aurtengo zenbaki hauek, La Vanguardiak kaleratu duenez:


  • Iaz, 12 milioi ikusle baino gehiago jarri ziren telebistaren aurrean Rosa irabazle aukeratu zuten galan. Ikusle kuota %68koa izan orduan. Atzo ikusleak ez omen ziren iritsi 8 milioira, El Paísek dioen bezala.

  • Iaz hamalau gala egin zituzten eta beste horrenbeste disko, zeinen ia bi milioi kopia saldu baitziren. Aurten, aldiz, apenas saldu dira milioi bat kopia baino apur bat gehiago.

  • La 2 telebistak ere igarri omen du beherakada. Iaz hiru bat milioi ikuslek ikusten zituzten kate horren laburpenak. Aurten ez omen dira iritsi bi milioira.

Datu hauek egiazkoak badira, ez dago zalantzarik jendea hasi dela nekatzen.


Eta besteari dagokionez, arrazoia ote du Otegik? Akaso PPren trikimailu bat izan da euskaldunok Espainiaren alde jar gaitezen? Atzo bertan Ainhoari itzuri zitzaion “¡Por España y por todo el mundo!”, Rosaren aldarriari erantzuterakoan.


AinhoFan
2003-01-28 : 20:07

Libertad Digital-en ere jaso dute Otegirena, eta nonbait Ainhoak horri erantzun diona ere bai:


http://www.libertaddigital.com/./noticias/noticia_1275749823.html


Ainhoa apolitikoa omen da.


mikel irizar
2003-01-28 : 21:21

Zurekin ados. Euskal hiritarrak ez gara asko, eta ez gara bereziki listoak. Irabazteko aukera gutxi, beraz. Gainera, euskal hiztuna eta abertzalea izatekoan, aukera gutxiago. Azkenean, irabazle perfekturik ez eta irabazlerik gabe geratu behar? Bada, niri irabaztea gustatzen zait, eta Karpin edo Nihat ez dira segurienik oso euskaltzaleak izango, baina Errealak Espainiako liga irabatzen badu, poztu egingo naiz. Eta Ainhoak Eurovision irabaziko balu, baita ere. Zergatik ez?

txapli
2003-01-28 : 22:35

BA ni ez nintzateke poztuko!



Ainhoak Eurovison irabaziko balu kontua ez da españolagoak izango garen edo ez. Kontua da hemen ze eredu nagusituko du, zein zaila izango den gaztetxo pila bati erakustea hemen ere musika egiten dela, eta batzutan ona gainera!



Ze zaila izango den gaztetxoei sinestaraztea hori guzti hori montaje bat dela, industriaren produktu bat gehiago, torloju bat den moduan, egunakri bat den moduan.



NIre aburuz OT kakaputa bat da eta hankaz gora jarri du musika mundua. Artista askori egin dio kalte, baina gurea hain mundu txikia izaki, ba, atera kontuak! Alejandro Sanzek diska gehiago ez saltzeak ez dit axola, baina nire herriko festetan Eurovisoneko kantua behin eta berriz entzun beharrak barrenak ugertzen dizkit.



EZ dit axola Ainhoa euskalduna izateak, Rosa Granadakoa zen eta nahikoa jasan genuen hemen. Benetan axola didana zera da, bultzatzen ari diren subnormalizazio prozesua. Eta gure gazte asko eta ez hain gazte asko ere, joku horretan ari da sartzen.



Olé!

Ertain
2003-01-29 : 02:24

> Ainhoa apolitikoa omen da.



Bai bai, "apolitiko" guztiak bezala, noski. Saria jasotzean nori dedikatzen zion galderari hauxe esan erantzunda:

"POR ESPAÑA Y POR EL MUNDO"



Politikaz paso egingo du bai, Espainiako gazte gehienak bezalaxe.

javier
2003-01-29 : 11:49

>Aurten, aldiz, apenas saldu dira milioi bat kopia

> baino apur bat gehiago.



Bai, frakaso totala. Milioi bat kopia bakarrik saldu dira.



Milioi bat kopia.



Benito, Fermin, Oskorri, Urdangarin, Sutagar, Laboa eta Ruperren artean bizitza osoan saldu dituzten eta salduko dituzten guztiak batuta ez dira iritsiko inoiz milioi batera.

Potxua
2003-01-29 : 12:18

> Benito, Fermin, Oskorri, Urdangarin, Sutagar, Laboa eta Ruperren artean bizitza osoan saldu dituzten eta salduko dituzten guztiak batuta ez dira iritsiko inoiz milioi batera.


Perspektiba apur bat, txo. Espainiak 39.000.000 bizilagunetik gora ditu. Euskaldunok, ostera, —euskarazko produktuak kontsumitzen ditugunok, alegia— ez gara iristen 600.000ra.


Ni
2003-01-29 : 17:25

Aizue, Euskadi ez da munduko zentrua! Batzuk hemen saiatzen
euskaldunak arazo politikoengatik ezik beste gauza batzuengatik
ezagunak izateaz (ez nago OT-ri buruz hitzegiten) eta zuek jo ta ke
guztiari kutsu politikoa sartu nahiean.

>inon ez zen euskarazko berba bat bera ere agertu


Akaso euskaraz ez dakiena ez da euskal herritarra? Bakarrik genuen
hau entzuteke! Mesedez! Eta gainera, nik atzo entzun nion euskaraz
egiten

>Akaso PPren trikimailu bat izan da euskaldunok Espainiaren
alde jar gaitezen?



Euskaldunok, Eurovision jarraituko badugu, ez da Espainia animatzeko
izango, Ainhoa jarraitzeko baino (bera baldin badoa, oraindik ez da
erabaki eta). Euskalduna sentitzen bazara eta espainola ez, ez duzu
eritsiz aldatuko konkurso bategatik, mesedez...

>baina nire herriko festetan Eurovisoneko kantua behin eta
berriz entzun beharrak barrenak ugertzen dizkit.


Ba horren ordez ez dizute jarriko euskadiko orkesta sinfonikoa edo
kalitatezko zehozer baizik eta "Melody" edo hoietariko baten
ohiukak, beraz, zer axola zaizu bata edo bestea.

Mesedez, Ez ezazue tontakeriarik esan, hau konkurso bat
baino ez da, ez da ezta musikarekin zer ikusirik duen zerbait, beraz
ez eiguzue pentsarazi honek euskadiko egoera politikoaren
norabidea markatuko duela

Isabel de todos los santos Pantoja
2003-01-29 : 17:37

Guztiz ados nago esaten duzun guztiarekin. Eta gauza bat gehituko nuke: mundu guztia kexu agertzen da OT zaborra delako etabar. Eta Jon Arretxeren "Ostegunak" eta horiek zer dira ba?



Benetan entzun duzu Ainhoa euskaraz hitz egiten? Non? Zer esan zuen?

Ni
2003-01-29 : 18:04

> Guztiz ados nago esaten duzun guztiarekin. Eta gauza bat gehituko nuke: mundu guztia kexu agertzen da OT zaborra delako etabar. Eta Jon Arretxeren "Ostegunak" eta horiek zer dira ba?

>

> Benetan entzun duzu Ainhoa euskaraz hitz egiten? Non? Zer esan zuen?



Eren egun "Lo que faltaba" programakoek egon ziren akademian

finalista guztiei entrebista egiteko, eta amaieran esan zioten Ainhoari

mesedez euskaraz agur bat botatzeko programako jarraitzailei. Berak

halako zehozer esan zuen: "Musu handi bat ETB-ko ikusentzuleentzat

eta eskerrik asko jarraitzaile guztiei". Ez da gehiegi, baina prestatu gabe

zegoen eta ez zitzaion batere kostatu. Beste lehiakideei gustatu

zitzaien euskara entzutea, eta galdetu zioten "besos" nola esaten zen.

Ainhoak erantzun zien, eta guztiok kamerara begira esan zuten:

"Musuak!"

txapapOTea
2003-01-30 : 00:14

Barkatuko didazue, baina honako eztabaida honetan muturra sartzen hasi naizenean ezin izan diot gehiagoz eutsi. Azken egunotan gai honen inguruan eztabaidarako parada izan dut eta lotsagarria iruditzen zait hemen esaten ari dena. Hemen bezalatsu ia guztiek egin didate kontra, baina patetikoegia iruditzen zait hau guztia...


Egia esateko ez naiz notizia honekin poztu, ezta poztuko ere. Esan den guztitik zenbaitzuri erantzuna ematea gustatuko litzaidake:


  • Bata, edozein garaipenek ez nautela pozten, garaipenak gustuko izan arren. Honako hau ez da garaipen bat izan, inondik inora. Hurbilago dago zaplazteko batetatik garaipenetik baino...

  • Unai Elorriagaren saria txatxukeri honekin konparatzea gehiegizkoa iruditzen zait. OT bezalakoak bihurtu behar al dira gure erreferenteak?

  • Beste ohar bat, "euskalduna omen zelako bota omen nahi zuten"... a ba ongi, gure ordezkari bihurtu da orain. Viva España!?

  • Eztabaida honetan beste edozein saiotan bezala, honen inguruko eztabaida hain sinpleak egitea patetikoa iruditzen zait. Hemen inork ez du "politizatu"...

  • Egia esan, ez dakit nola sartu naizen eztabaida antzu honetan, hori ere patetikoegia agian...

mikel irizar
2003-01-30 : 22:08

Eztabaida baten abiapuntua izan daiteke friboloa, eta eztabaida bera serioa. Hori gertatzen da hemen, klitxeak alboratu eta zentzuzko ideiak botatzen ditugunean mahaira. Hemen doa nire ahalegina:


1-. Kutrelux?


Ez zaizkit modako gauzak gehiegi gustatzen, boladan dagoen film, liburu edo diskoa ez dut normalean ikus/irakur/entzuten, ez horregatik behintzat. Baina ez dut uste askori gustatzen zaielako berez kutreak direnik. Gutxiri gustatzea ere ez da onaren garantia.


2-. Peste?


Modakoa peste bihur daiteke, larregiko bonbardaketak medio, eta zaila izaten da iskin egitea. Horrek haserrea eragin lezake, dudarik gabe.


3-. Traba?


OTk musikaren merkatu/pastela aldatu du, baina bakarrik musika mota batena. Chenoa versus Ana Belen, Rosa versus Pantoja, edo Bisbal versus Ricky Martin. Ez dut uste Bide Ertzean-en salmentak OT igarriko zutenik.


4-. Aznar?


Otegik izan ohi ditu une inspiratuak, baina Ainhoarena ez da izan horietako bat. Neurotiko samarra iruditzen zait Aznarren bibotea ikustea gai honetan. Baina horrela balitz ere, zergatik oparitu behar diogu Ainhoa Aznarri? Zergatik ez dugu azpimarratu behar euskaldunetik duena, asko ala gutxi?


5-. Espainia?


Hegoaldean bizi garenok asko dugu espainol kulturatik, Iparraldekoek frantsesetik. Ez dut uste euskaldun izateko hori ukatu edo borrokatu behar dugunik. Ahulegiak gara gailentzeko, baina gainera galera litzateke espainoletik edo frantsesetik duguna galtzea. Multikulturalak izan beharrean gaude, eleanitzak, buru irekiak. Horrela bakarrik lortuko da Euskal Herrian bizi den oro multikultura izatea, tartean euskalduna ere bai.


6-. Poztu?


Esateko modu bat zen, baina Ainhoa gureagoa da OTko edo Eurovisioneko beste guztiak baino. Karpin gureagoa da Errealean Celtan baino. Hurbiltasuna eta interes komunak daudenean, gu-tasunak sortzen dira. Niretzat, horietako gu batean sartzen dira Euskal Herriko biztanle guztiak, Ainhoa barne. Eta gu-tariko batek zerbait irabazten duenean, normala da poztea.


7-. Zertan ari gara?


Gai honek Sustatun toki haundia hartu du gizartean ere toki haundia duelako. Badaude gai traszendentalagoak, Sustatun bertan ere, baina ez dute eztabaidarik eragiten. Aprobetxa ditzagun horrelako aukerak!


Mundua konpontzen taldea
2003-01-31 : 12:45

Ainhoa eurovisionera!!!



Zergatik irabazi zuen Ainhoak? Boto asko hartu zuelako eta boto asko hartu zituen jendeari asko gustatzen zaiolako. Gainera azken bi galatan oso ondo abestu zuen.



Nor joango da eurovisionera? Guk uste dugu Ainhoa joango dela, abeslari onena delako. Baina agian, Ainhoarentzat ez da ona joatea, zeren eurovisionera joateko prestatzen ari den bitartean, ez da egongo bere diskoa prestatzen.



Polemikari dagokionez, guk uste dugu ez dela egon montajerik, epaimahaia Ainhoaren kontra egon zelako. Gainera, jendeak ez du pentsatzen politikan OT ikusten duenean.

Jul
2003-02-01 : 02:08

> Irizar jaunaren logika aplikatuz Mayor Orejak Espainiako hauteskundeak irabazten baditu guztiok poztu egin beharko ginateke, hori ere gutarra baita eta horrekin ez dut esan nahi Ainhoa abeslaria PPkoa denik, ezta gutxiago ere. Baina niri ez zait iruditzen batere pozgarria vasco-español (ni ere gaur egun vasco-española naiz zoritxarrez) batek Espainiaren izenean eurovision moduko festibal bat irabaztea, euskal herritar moduan soilik parte hartzeko aukerarik ez duen bitartean behintzat. Otegirena paranoia izan daiteke, baina azkenaldian espainiar "demokrazian" ikusten diren "espektakuluei" begiratzen badiogu... Gainera gogoratzen al zarete PSOEk hauteskundeak irabazi zituenean "Hay quien maneja mi barca quien" kantarekin bidali zuen abeslaria? orduan zer esaten zen? PSOEko agintariak andaluziarrak zirelako bidali zutela abeslari hori eta ez ziren gutxi hori esaten zutenak! Por tzierto abeslari hura boto bakar batekin azkena gelditu zen, baina Amaya abizena zuenez agian hori ere gutarra izango litzateke batzurentzat...

mikel irizar
2003-02-01 : 22:35

Remedios Amayak penagarri geratu zen Eurovision hartan. Baina entzun ezazue Diego Carrascorekin 'Nana de colores' kantatzen. Niri zirrara itzela sortzen dit.

arantzazuo@hotmail.com
2004-02-05 : 17:38

> BA ni ez nintzateke poztuko!

>

> Ainhoak Eurovison irabaziko balu kontua ez da españolagoak izango garen edo ez. Kontua da hemen ze eredu nagusituko du, zein zaila izango den gaztetxo pila bati erakustea hemen ere musika egiten dela, eta batzutan ona gainera!

>

> Ze zaila izango den gaztetxoei sinestaraztea hori guzti hori montaje bat dela, industriaren produktu bat gehiago, torloju bat den moduan, egunakri bat den moduan.

>

> NIre aburuz OT kakaputa bat da eta hankaz gora jarri du musika mundua. Artista askori egin dio kalte, baina gurea hain mundu txikia izaki, ba, atera kontuak! Alejandro Sanzek diska gehiago ez saltzeak ez dit axola, baina nire herriko festetan Eurovisoneko kantua behin eta berriz entzun beharrak barrenak ugertzen dizkit.

>

> EZ dit axola Ainhoa euskalduna izateak, Rosa Granadakoa zen eta nahikoa jasan genuen hemen. Benetan axola didana zera da, bultzatzen ari diren subnormalizazio prozesua. Eta gure gazte asko eta ez hain gazte asko ere, joku horretan ari da sartzen.

>

> Olé!

>

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago