Teknologia albisteak

Kurduak lekurik egin ezinik oraindik

Erabiltzailearen aurpegia
Ararat
2003-03-29 : 12:03

Kurduek beso zabalik hartu dituzte amerikarrak, hauek lagunduko dietelako etsairik amorratuenetako bat, Saddam Hussein, bazterretik kentzen. Baina turkiarrak atzetik dituzte mehatxukor, hauek ez dute nahi-eta kurduak indartzea Husseinen ondorengo Iraken.

Turkiak oztopo ugari jarri dizkie AEB Ameriketako Estatu Batuei, hauen tropak Iraken iparraldean sar zitezen Turkiako lurrak erabilita. Iraken iparraldean bizi diren kurduek, berriz, 60.000 peshmerga edo gudari jarri dituzte amerikarrei laguntzeko.

Atzo bertan hasi ziren amerikarrak eta peshmergak orpoz-orpo elkarlanean. Jim Muir kazetariak kontatzen zuenez, BBC News albistarian, 10.000 bat peshmergak eraso gogorra egin zieten Ansal Al Islam talde kurdu fundamentalistak kontrolatzen zuen eremuari eta, amerikarren abiazioaren laguntzarekin, egotzi egin zituzten handik, 70 bat militante hil eta gero.

Ansal Al Islam erakundeko kide askok Afganistanen egin bide zuten burruka, errusiarren aurka eta, antza denez, harremanak dituzte Al Kaeda erakundearekin. Azken aldian, kontrolatzen zuten eremu bat Iranen mugaren ondoan, 40 bat herriz osatua. Han nagusitu zirenetik, atentatu asko egin omen zituzten bonba autoekin.

Bai amerikarrek eta baita PUK Kurdistango Batasun Abertzaleak interes handia zuten erresistentzia gune hau desegiteko Kirkuk aldera egin aurretik, eta badirudi lortu dutela.

Turkia, erne

Hala ere, kurduek ez dute bat ere erraza izango egoeraz profitatzea, atzetik Turkia baitabil presio handiak egiten. Turkiak ez du inolaz ere nahi Kurduak indar daitezen Iraken barruan eta gobernu autonomo indartsua egin dezaten. Kirkuk kurduen eskuetan egon litekeela pentsatze hutsak histeriko jartzen du, badaki-eta inguru horretan petrolio asko dagoela eta horrek dirubide ederrak emango lizkiekela kurduei.

Horregatik, esaten da 1.500 bat soldadu turkiar ere sartu direla Ipar Iraken amerikar soldaduekin batera, kontrolatzeko zer egiten duten kurduek. Ez badira gehiago sartu izan da AEBek, Alemaniak eta Erresuma Batuak ezetz esan diotelako, ez dutela onartuko Turkia sartzea Ipar Iraken.

Bien bitartean, Turkiak kontrolatzen duen Kurdistanen ere, giro latza bizi da, atzo ETBk erakutsi zuen moduan. Poliziak estu eta gogor jazartzen ditu kurduak,

Kurdistanen historia laburra

Estaturik gabeko nazio handia da Kurdistan. Hogeita bost milioi inguru kurdu bizi dira 530.000 km koadroan, gehienak Turkian (13,7 m), Iranen (7 m), Iraken (4,4 m), Sirian (1,3 m), Libanon eta Sobiet Batasunean izandako lurralde zenbaitetan. Eta hauetako leku askotan, zapalduta bizi dira oraindik ere.

Inguruko beste herri askok bezala, kurduek ere gorabehera handiak bizi izan dituzte historian zehar. Batzuetan mazedoniarren mende, Bagdadeko Kalifaren barruan edo Inperio Otomanoen barne. Kontua da inoiz ez dutela izan batasun politikorik. 1923an aukera izan zuten estatu autonomo bat eratzeko, baina Turkiaren presioaren ondorioz, ezer gabe geratu ziren.

Ondorioz, matxinada handiak gertatu ziren hala Turkian nola Iraken. Geroztik, Turkia, Irak eta Irango kurduen talde armatuek aurre egin diete herri horietako gobernuei, eta hauen aldetik errepresio bortitza jasan behar izan dute askotan.

Borroka horretan batasunik gabe jardun dute, nork bere gobernuaren aurka, auzo gobernuaren laguntzarekin askotan, beronen azpian zeuden anai-arrebak kontuan hartu gabe.

Azken masakrea, Halabjan

1988an nozitu zuten kurduek azken masakrea. Martxoaren 16an, artean Irak eta Iranen arteko gerra azken hondarretan zela, Saddam Husseinen gerra hegazkinek hiru egunez bonbardatu zuten Halabja herrixka, Kurdistanen, Irango mugatik 11 kilometrora.

Setioak hiru egun iraun zuen eta eta izan zen populazio zibil batek inoiz jasan duen eraso kimikorik handiena: sarin, tabun, mostaza eta VX gasak jaurti zizkieten airez eta lurrez. Ondorioz, 5.000 lagun hil ziren berehala. Guztira, baina, 12.000 bat lagun zendu ziren.

Munduko gobernurik ahaltsuenek ez ikusiarena egin zuten orduan, sasoi hartan denak zeuden-eta Iraken alde eta Iranen aurka.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago