Teknologia albisteak
6

Agenditisa: internet euskaldunaren beste zatiketa bat

Erabiltzailearen aurpegia
2003-10-15 : 11:10

Atzo aurkeztu zuten Kultur Gidaren harian erabaki dut artikulu hau idaztea. Euskaldun guztiok dakigu herri txiki honetan gutxi izanda, lanak bildu eta indartu ordez, bakoitza bere aldetik doala. Pentsatzekoa zen interneten distantziak oraindik gertuagoak eginik arazo hau gutxitzeko aukerak zeudela, baina itxura batean ez...

Eusko Jaurlaritzaren Kultur Gida webgunera aproba egitera sartzen denak azkar ikusiko ditu webguneak dauzkan gabeziak eta sobran daudenak. Baina badago zerbait larriagoa, nire ustez gaur egungo euskal internet munduaren gaixotasun handienetakoa dena eta Iban Zalduari azkeneko Argian imitatuz asmatu dudan agenditis hori da.

Webgune guztietan jarri nahi dugu ekitaldien agenda. Garrantzitsua da. Bilatzaileetan ondo egotea laguntzen du, automatikoki webgunea eguneratzen den inpresioa ematen du, erabilgarria (ez beti) gure erabiltzaileentzat... Adibideak mila: Sustatu bera , dantzan.com , Gaztelupeko Hotsak , Berria.info , SuTaGar ... Googlen bilatzea besterik ez dago hortaz konturatzeko. Gainera, agenda izatera propio zuzendutako webguneak ere badauzkagu: Argiaren Gure Agenda , KulturWeb edo atzo aurkeztutako Eusko Jaurlaritzaren Kultur Gida bera.

Beraz, mundu txiki honetan zerbaitetaz enteratu nahi duenak, batera eta bestera joan beharko du, enteratu arte. Ez da absurdua, Internet-en eta konpartitutako informazioaren garaian hau gertatzea? Zenbat aldiz tekleatuko da antzerki bakoitzaren izenburua, data, tokia eta testua?

Kontua da teknologiak arazo hau gainditzeko aukera eskaintzen duela, baina dirudienez ez gara ados jartzen. Aurretik hainbeste aldiz gertatu den bezala, bakoitza bere aldetik. Herri eta komunitate txikienetan ere gertatzen da hori Euskal Herrian.

Soluzioa RDF-a da

Soluzioa RDF-a da. RDF-a XML lengoaiaren dialekto bat da. Datuak formatu estandar batetan jartzeko sistema bat besterik ez. Adibidez,

  <item rdf:about="http://www.sustatu.com/RV_Events/zzrv1066043383">
    <title>Unai Elorriaga idazlea Tolosan</title>
    <link>http://www.sustatu.com/RV_Events/zzrv1066043383</link>
    <ev:type>hitzaldia</ev:type>
    <ev:organizer>Galtzaundi euskara elkartea</ev:organizer>
    <ev:location>Tolosa, Kultur etxeko aretoa</ev:location>
    <ev:startdate>2003-10-16</ev:startdate>
    <ev:enddate>2003-10-16</ev:enddate>
    <ev:subject>literatura</ev:subject>
  </item>

Garbia ez da? Formatu horretan edozein ordenagailuk irakurri ahal izango luke gure ebentua, gainera informazio gehiagoren bila bisitaria guregana bidaliz!

Orduan nik planteatzen dudan aukera da:

  • Sor dezagun webgune kudeatzaile guztiok (webgune dinamikoa dugunok gutxienez) RDF horiek automatikoki sortzeko sistema.
  • Utz dezagun RDF hori bistan, beste edonork hartzeko moduan.
  • ... eta sor dezagun atari bakar bat, kontsulta anitzak egiteko modua eskainiko duena eta kasuan kasuko informazio iturrira desbideratuko duena erabiltzailea.

Ez da modu hau lan egiteko logikoagoa? Ez dugu sarean gaudela aprobetxatu behar?

RDF-Events formatuari buruzko informazio gehiago

Erantzunak

Jone
2003-10-15 : 12:07

Kultur gida erabilgarria den begiratzekotan sartu nintzen atzo Jaurlaritzako kultur arduradunek hainbesteko ohiartzunez aurkeztu zuten web orrira. Ez nuen, ordea, baliagarria den edo ez ikusi. Sartu orduko asaldatu nintzen-eta. Lehen aukera beti da erdarazkoa! Agenda euskaraz irakurri eta erabili nahi izatera, "euskara" dioen botoian klikatu behar da. Orain ere, aukeratu egin behar euskaraz nahi dugula; eskatu egin behar gure hitzkuntzan egin diezagutela. Eta nondik eta Jaurlaritzatik. Marka da gero!

Luistxo Fernandez
2003-10-15 : 13:01

Sarrera astun, alferrikako eta zentzugabe hori lehenbizikoan kargatzean, gaztelaniaz, zuk diozun bezala.



Baina kargaren ondoren, euskara klikatzen duzunean, tori, berriro ere sarrera astun, alferrikako eta zentzugabea kargatzen da.



Eta orduan, azkenean, hirugarren kolpean, barrura.



Bitartean gainera, skip intro, skip intro, saiatzen zara ematen, eta alferrik da!

unai
2003-10-15 : 14:17

Horretarako nahi ditugu abertzaleak Jaurlaritzan?



Webgune guztietara sartzen garenean lehen orria, ESPAÑOLEZ.



Gero milioi asko gastatzen dituzte sentsibilizazio kanpainetan etabar, baina erdaldun bat kulturgida.net-era sartzen bada, española baino ez du ikusiko.



Horrela bultzatuko ditugu erdaldunak euskara ikastera?



Eta Otegik Legebiltzarrean ere, españolez.



Joseba Abaitua
2003-10-15 : 18:10

Guztiz ados nago zurekin, Gari. Nik ere lastima sentitu dut Kulturgida hori ikusi dudanean. Asmoa, besteen kasuan bezala, ona dirudi, baina ekoizpena txarra izan da.



Dena den, saiatu behar dugu eredu on bat egiten. Ea horrela egiteko aukera laister etortzen zaigun: albisten sindikazio on bat gure eskuko portalekin, alegia.



> - ... eta sor dezagun atari bakar bat, kontsulta anitzak egiteko modua eskainiko duena eta kasuan kasuko informazio iturrira desbideratuko duena erabiltzailea.



Nik hau ez dut hain garbi ikusten. Nire herriko kasuan esaterako, hiru komunitateen erdian kokatuta baitago (EKA, Nafarroa eta La Rioja). Kanpezuko biztanlei berdin zaie pelikula bat Gasteizen, zein Logroñon, zein Lizarran (edo Iruñan, apur bat luzatuz) ikusi. Kanpezuko agenda on batek hiru komunitateko atarietatik hartu beharko lituzke RDFak. Antzeko zerbait imajinatuko nuke nik Durango edo Ermua eta Eibarren kasuetan Bizkaiko eta Gipuzkuako agendekin. Eta berdin Debagoienako udaletxekin, etabar, etabar.



Ea agendititis-etik RDFatitis-era pasatzen dugun aurki!



Besarkada bat,

Joseba

Gari Araolaza
2003-10-15 : 18:51

Nik hau ez dut hain garbi ikusten. Nire herriko kasuan esaterako, hiru komunitateen erdian kokatuta baitago (EKA, Nafarroa eta La Rioja). Kanpezuko biztanlei berdin zaie pelikula bat Gasteizen, zein Logroñon, zein Lizarran (edo Iruñan, apur bat luzatuz) ikusi. Kanpezuko agenda on batek hiru komunitateko atarietatik hartu beharko lituzke RDFak.


Bai, ba. Baina toki guzti horietako zinemek RDF formatuan emango balute beraien informazioa, oso erraza litzateke adibidez Kanpezuko udalaren webgunean informazio hori integratzea ( Adibidez, Rippy erabiliz PHPn integratzeko). Edo bestela, RDF aggregator programa batekin pertsonalki aukeratu ahal izango genituzke iturriak: Gasteizko filmak , Iruñekoak edo baita Zaragozakoak ere


RDF-aren onena da, ez dagoela zertan webgune zentralizatu bat egon behar, hori ideia posible bat bakarrik zen. RDF-ari esker informazioa toki batetan norbaitek tekleatzen du eta automatikoki biderkatzen da mila tokitara.


Ea agendititis-etik RDFatitis-era pasatzen dugun aurki!


Guk ere nahi genuke! :-)


Gari


Iker
2003-10-16 : 01:32

Dantza ekitaldiren bat aurkitu nahiean sartu naiz Kultur Agenda berri horretan.


Bat bera ere ez! Koño, ba agian ez dago ezer egun hauetan pentsatu dut. Baina bai zera, Dantzan.com webgunean dagoen Dantza ekitaldien agendan begiratu dut eta hurrengo egunetan dozena bat inguru ageri dira!


Arrazoia duzue aurreko mezuetan. RDF/XML delako horren bidez edukien elkar trukaketa hori beharrezkoa dirudi horrelako agendetan.


Bestalde, ez dakit zer nolako eguneraketa duen makro kultur agenda horrek. Atzo egindako ekitaldiak hor daude oraindik iragarrita.


Hobetuko dutela pentsa beharko dugu...


Erantzun

Sartu