Teknologia albisteak
3

Valdecillako ospitalea, hitzez hitz

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2003-10-27 : 11:10

Uda honetan hilabete bat igaro nuen ospitalean, hezur-muineko transplantea egiten. Denbora horren erdia bakartuta egin nuen, gela berezi batean. Hango esperientzia dakart orain, hiztegi moduan antolatuta.

Atropina. Botika madarikatu honek ia hilotz utzi ninduen ebakuntza gelako mahai gainean. Eman zidaten pultsua bizkortzeko, kateterra ipini aurretik. Handik puntuko, sentitu nuen sekulako berotasuna, itolarria eta bihotza lehertu beharra. Minutu batez edo, takikardia bat izan nuen, atropinak eraginda. Kontua da betidanik izan dudala pultsua baju, eta horrela esan nien bezperan erizainei eta egun berean ekokardiograma egin zidan medikuari. Zirujauak, ordea, ez zuen txostena irakurri, eta ez zidan galdetu ere egin.

Botagura. Lau egunean egin nuen botaka, kimioak eraginda. Txarrena izaten zen urdaila larri jartzen zenean: ezin jan, ezin edan, ezin irakurri… Halakoetan erremedioa izaten nuen egonean egotea, denborari aurrera egiten uztea.

Cámara. Egun batean mutil bat egokitu zitzaidan erizain. Sartu zenean nire bakarlekuan, begietara so egin eta harritu aurpegia jarri zuen: “barkatu, baina a zer sustoa eman didazun”, esan zidan, “sekulako antza duzu Javier Cámara aktorearekin, badakizu Siete Vidas saioan antzezten zuena”. Harritu egin nintzen, anartean inork ez baitzidan horrelakorik esan, baina gero konturatu nintzen antz apur bat izan nezakeela, hiru asteko bizarra eta ile eskasarekin…

Dutxa. Ospitalean egon nintzen egun guztietan dutxatu nintzen. Hura izaten zen, gainera, eguneko unerik gozoena, batez ere bakargelan egon nintzen egunetan. Ziegatik irteteko abagune bakarra izaten zen, alboko gelako gaixoa agurtu eta garbi sentitzeko aukera.

Eldarnioak. Bakartuta nengoela, azken egunetan gauza bitxiak ikusten nituen begiak ixten nituen aldiro: sekulako irudiak mugimenduan, zoom etengabeak, elkarrizketak…, eta nik ez nituen bat ere kontrolatzen. Begiak ireki eta joan egiten ziren. Itxi ostera eta hantxe agertzen ziren, nik nahi baino indartsuago. Irudiok erabat desagertu ziren bakargelatik atera nindutenean.

Fatima. Nire arreba txikia, hezur-muina eman didana. Gauza asko zor dizkiot, baina orain betiko zorra izango dut berarekin. JF sinatu beharko nuke aurrerantzean, biok bat garelako orain nire azalaren barruan.

Gasa. Nire liburuak garbitzeko erabiltzen zen, bakargelan ezin baitzen ezer sartu, erabat esterilizatu barik. Lau egun behar izaten nituen liburuak jasotzeko, gaseatu ondoren bizpahiru egun behar izaten ziren-eta gasaren pozoina desagertarazteko. Horrela, Atxaga, Auster eta Mendiguren Elizegiren liburuak gas ganberatik pasatu ziren, nire eskuetara iritsi aurretik.

Hedabideak. Bakartuta nengoela, telebista eta irratia nituen eskura. Lehena, gauetan bakarrik pizten nuen, albistegiak ikusteko. Irratia, aldiz, sarriago: albisteak-eta entzuteko SER katea; eta musikaz gozatzeko, Kiss-FM. Prentsa idatzirik, sartu ere ez.

Ihesa. Ospitalean sartu eta bigarren egunean, beheko solairura eraman ninduten, eskaner bat egitera. Goizeko 11:30etan, hantxe nintzen, gurpildun aulki batean. Amaitutakoan, itxaron gela batean aparkatu ninduten, beste bost bat gaixorekin batera, aurrez aurre kanpoko jendea genuela, haiek medikuaren zain. Itxaron eta itxaron, eta zeladorerik etorri ez gure bila. Nire alboko gizona, gizon nagusia, sutan zegoen: ez dago eskubiderik, auto hondatuak bezala tratatzen gaituzte! 13:00etan, ikusirik inor ez zetorrela, agurtu agurea, hartu sueroa esku batean, eta joan egin nintzen oinez igogailuetara. Haiek ere oporretan, antza, eta eskaileretan gora abiatu nintzen, piura harekin. Bederatzi solairu igo nituen horrela, pauso bizian, baina zorabio puntuan. Kontatu nionean, Begok barre egiten zuen, buruari eraginez: bueno, bueno… Gure solairuko arduradunak, berriz, telefonoa hartu eta sekulako errieta egin zion zeladoreen buruari.

Janaria. Valdecillako ospitalean ondo eman ziguten jaten, batez ere bakargelan. Badakite han dagoen jendeak arazoak dituela jateko, kimioak eraginda denak, eta, horregatik, saiatzen dira denetik eskaintzen.

Kimera. Transplantea egin eta hurrengo sei hilabeteetan, nire egoerari kimera deitzen diote medikuek. Izan ere, nire gorputzean nire zelulak eta nire arrebarenak bizi dira nahasian. Urte erdi pasatutakoan, ostera, arrebarenak nagusituko dira.

Lo eragileak. Begiak itxi eta lo egin ezinik nenbilen bakardadean igarotako azken gauak. Hori zela eta, hiru gauetan lo eragiteko pilulak hartu nituen, baina zirkinik ere ez: bazirudien Garoñako indarretxe nuklearrak sortutako elektrizitate guztiak nire gorputza zeharkatzen zuela. Kimioaren eta sukarraren kontuak.

Mini-alotransplantea. “Hogei urte izango bazenitu, transplante normal bat egingo genizuke —esan zidan medikuak lehen gauean—, baina nola 50 dituzun, beste transplante mota hau egingo dizugu, mini-alotransplantea, zure gorputzak hobeto eraman dezan”.

O. Ospitalera joan nintzenean nire odola zen A +. Sei hilabete geroago, berriz, izango da O -, hori baita gaur egun nire arreba Fatimaren odol mota. Odolari dagokionez, horixe izango da transplantearen ondoriorik deigarriena.

Plaketak. “Defentsak eta plaketak baju dituzun bitartean, bakartuta egon behar, infekziorik harrapa ez dezazun”. Birritan sartu zizkidaten plaketak, transfusio bidez, oso baju nituelako. Bestela, edozerk eragin ziezadakeen hemorragia bat.

Reserborioa. Ontzi txikitxo bat da, plastikozkoa, nire ezker besoaren azalpean sartu zidatena gaixotu nintzenean, eta hortik plastikozko hoditxo bat abiatzen da, zain baten bidez, bihotzeraino. Hortik sartzen zizkidaten kimioa eta bestelako botikak, bestela zainak hondatu egiten dira eta. Galdakaon ibili nintzen bitartean, oso ondo etorri zitzaidan. Eta Valdecillan ere, kateterra kendu zidatenean, zornatu zitzaidalako, reserborioak egin zituen ordezko lanak. Eskerrak.

Sukarra. Dena ondo zihoan, baina lau egun falta zitzaizkidala bakargelatik irteteko, kateterrak infekzio bat eragin, eta sekulako sukarrak eman zizkidan. Antibiotikoak hartu behar, plakak egin behar, eta norbera nahastu. Guztira zortzi egun ibili nintzen kalentura kendu ezinik.

Tourra. Lehen astea izan nuen Frantziako Tourraz gozatzeko aukera, gela irekian nengoen bitartean. Han geundela, Carlos gaixo igorretarrari ekarri zioten Iban Mayoren elastiko laranja, txirrindulariak berak sinatuta. Frantziatik bereziki ekarrita!

Usainak. Hasierako egunetan, oso ondo jaten nuen bakargelan. Denetik, eta ondo. Bukaera aldera, ostera, hasi nintzen usain txarra hartzen zenbait janariri, batez ere egositakoei. Eta ezin jan… Erizainek esan zidaten lasai egoteko, kimioaren eraginez hipertrofiatu zitzaidala usaimena eta, horregatik, hartzen nituela zenbait usain gainerakoek hartzen ez zituztenak.

Valdecilla. Eraikin txikienak zaharberritzen ari dira, oso ondo gainera. Eraikin berria ere ikusgarria da; ematen du hotel bat. Baina badu akats nabarmen bat: abuztuko egun erre haietan, jendea kiskali egiten zen han, aire girotua ez zebilelako. Inauguratu zenetik, azken hauteskunde kanpainian, ez dabil aire girotua. Zorionez, gu beste eraikin batean izan ginen; zaharragoa, baina ez hain beroa.

WC. Bakargelan ez geneukan komunik. Txiza eta kaka ontzi batzuetan egin behar izaten genuen, gelan bertan, medikuek neurtu behar izaten baitzuten aldi oro zenbat sartzen genuen gorputzean eta zenbat ateratzen. Hasieran denok izan genituen arazoak kaka egiteko, seguruenik ez geundelako ohituta, ez gelan bertan egitera, ez eta bereiztera likidoa alde batera eta solidoa bestera.

Zilbor hestea. Telefonoa izan zen niretzat zilbor hestea, bakartuta izan nintzen bitartean. Hari esker, lotuta nengoen munduarekin. Bakargelan nengoela, Suediatik deitu zidaten, eta Venezuelatik. Etxekoek ere, egunero hots egiten zidaten, edo mezuak bidali. Dei eta mezu haiek ematen zidaten adorea aurrera egiteko, bakardadea gogorra baita. Behin baino gehiagotan gogoratu nintzen bahituekin eta zigor ziegetan dauden presoekin, inkomunikaturik eta ingurukoen gorrotoa nozitzen…

Nahi badituzu irakurri aurreko artikuluak, Sustatun argitaratu ditudanak nire minbiziaren inguruan, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.

  1. Medikuak esan dit minbizia dudala.
  2. Eskerrik asko denoi ospitaletik!
  3. Hasi naiz kimioterapian.
  4. Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
  5. Burusoil baten memoriak
  6. Berri onak: tratamendua aldatu didate
  7. Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimena
  8. Neuk ere hartu dut EPO
  9. Bete dut hirugarren zikloa, kimioterapian
  10. Nire hezur-muina garbi dago
  11. Santanderrera noa, transplantea egitera
  12. Urtebete minbiziarekin

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi
2003-10-27 : 12:33

Zure mezuetako bakoitzak, eta bereziki azken aldikoek, berez ematen didaten pozaz gainera, oraingoan eskerrak eman beharrean nago arrazoi neurekoiago batengatik.

Izan ere, zelako ohorea egin didazun, Joxe, horrelako konpainia ilustrean sarturik: Atxaga, Auster eta M.E.



Irakurketa zure bakar-ordu horietan aringarri izango zitzaizulakoan, eutsi goiari!



X.

Iban Arantzabal
2003-10-27 : 13:57

> O. Ospitalera joan nintzenean nire odola zen A +. Sei hilabete geroago, berriz, izango da O -


------- Arzallusek eragina zuela banekien, baina odola aldatzeraino... :-)


Aitor Irure
2003-10-30 : 16:51

Aupa Joxe;



Dirudienez helburua geroz eta gertuago duzu.



ANIMO GUZTIOI !!





Aitor I.

Erantzun

Sartu