Teknologia albisteak
6

Gabriel Arestiren Bilbao ezagutzeko

Erabiltzailearen aurpegia
bihotz bakartien kluba - Literatura Eskola
2004-02-13 : 10:02

Literatura Eskolak eskolaz kanpoko ekintzak ere antolatzen ditu. Eta zapatu honetan eskurtsioa egingo dugu Bilbora. Gabriel Arestik famatu zuen Bilbao ezagutzera. Goizean Koldo Izagirregaz Arestiren lanak aztertu ostean, bazkalostean ibilbide arestiarra egingo dugu Bilbaoko kaleetan.

Gabriel Arestiren poesiak Bilbo ezagutzeko aukera ematen digulako. Poesiak irakurri ditugu, eta orain tokiak eurak bistaratuko ditugu. Jaio zen etxea, bere auzoa, berak poemetan aipatzen dituen Bilboko karrikak, Zorrotzako portua, Euskalduna untziola, Oteiza bere lagunaren lanak...

Handia da Bilbo. Handiagoa eman zuen poeta.

Ibilbide guztia mapa batean zehaztu dugu (pdf formatuan dago). Kolorez margotu dugu oinez eta tranbian egingo dugun ibilaldia, eta ibilaldi poetikoa ere prestatu dugu Hemen oro da garbitasuna titulupean. Bertan gure ibilbideko tokiak azaldu eta dagokion testuak irakurriko ditugu.

Etorri gura duzula? Zapatu honetan, otsailak 14, arrastiko 17:00etan Kalderapekon jarri dugu hitzordua.

Erantzunak

Etor Garate
2004-02-13 : 11:36

Ez ditut antolatzaileak ezagutzen, baina ederra ekimena. Ia ondo ateratzen den. Pena ezin joan izana.

Maite
2004-02-13 : 19:51

Mundiala biharko plana, Etor. Larrabetzuko bbk-ko literatura eskolakideak ditut ibilaldi arestiarra antolatu dutenak: Radio Euskadiko Iñaki Berazategi eta EHUeko irakasle Karmelo Landa dira.



Azelako gozada Gabriel Arestiren inguruko horrenbeste kontu bbk-tik eskura eta burura ekarri izana; eta zer esanik ez, bihar, Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre eta osterantzeko eskolakideengandik aterako den dena.



X. jaunak esan bezala: ni ere oso pozik joaten naiz Larrabetzura.

markos zapiain
2004-02-15 : 11:07

polita izan zen?

Maite
2004-02-15 : 14:53

> polita izan zen?



Portatu ziren bai portatu zirenez bultzatzaile biak, bbk-koak eta ibilaldian parte hartutako denak.



Ez dakit ibilbidea irakurria izango duzun edo ez, baina, "maparen argibideak" dioen estekan dago zehaztapena. Azalpenak egiten zituzten geldialdiko Iñakik eta Karmelok; lekukotasun poema irakutzen zuen gero, bbk-ko kideren batek.



Egitarauaz kanpoko bi sorpresa ere eduki genituen: Odolosteak eta ardoa atera zizkigun Mikel Martinezek Cafe Bilbaoko terrazara. Itxura denez, Arestik, "Artxandara begira" poema hantxe idatzi zuen odolostea janez.



Meli Esteban ere ezagutu genuen. Meli, Gabriel Arestiren alarguna da. Jatorra eta dotorea oso bera.



ETB-koak izan genituen bidelagun denbora guztian. Bertatik Bertarakoak edo; eguastenean erakutsi behar dutela uste dut. Ez nago ziur esateko.

bihotz bakartien konplota
2004-02-16 : 10:40

Kafea hartzen geunden, bostak jo zutenean. Bazkarian berba asko egin genuen, jaten ari ginela. Goizeko ikastaroaren abarrotsa zen oraindik Kalderapekon batutakoen artean; izan ere Koldo Izagirrek Donostia eta Bilbo ekarri zituen poesiarekin. Zelan idatzi den Donostia ederrari buruz, eta zer idatzi den Bilboren gainean.



Halabeharrez Bilbora jo behar genuen ikastarokook. Eta begi barriekaz so egin genion Euskal Herriko hiri bakarrari, literaturak behar duen hiriari.

Bostak ziren, eta hitzordua geneukan. Kalderapekoko atarian azaldu ziguten nondik norakoa Iñaki Berazategi eta Karmelo Landak, gure gidariek.



Erribera kalera jo genuen lehenbizi, garai bateko Euskaltzaindiak zuen egoitzako atarira, eta Aresti euskaldunberri eta akademiako kidea gogoratu genuen, Bilbo erdaldun honetan.



Jaiotetxera jo genuen artez. Barroeta Aldamar 2. Eta Arestiren ahotsa entzun, bere atarian. Arestik gogoratu zigun non eta zelan bizi zen, zer bizi zuen... Bere poema bat ere irakurri zuen Xabier Mendigurenek.



Albia jardinetan, Sabino Aranaren aurrean jarri ginen, bere etxetik hur. Sabinetxeri Arestik idatzitako poema argitaratu gabea irakurri zuen Iñaki Berazategik, gaztelaniaz. Irratikoak ahots sendoa eta irakurtzeko gaitasun handiak ditu, aho bete hortz utzi gintuen denok.



Eta Mazarredo almirantearen zumarditik abiatu ginen oinez, tropelean. 30 lagun inguru edo. Haur gazte eta nagusi.

Guggenheimen beste geldi une bat, barriro Arestiren ahotsa entzuteko.

Handik Arte Ederretako museora, pintura museoa. Eta bertan beste bi poema errezitatu, museoaren aitzinean, Arestiren testuak irakurriz, gogoraraziz zer idatzi zigun, bere garaiaz lotsaturik... Deustuko unibertsitatea pare parean zuela, eta ijitoen txabolak... eta turistak.... poema gogoangarriak denak. Juanra Madariaga eta Lutxo Egia testuak irakurtzen.



Museoaren aurrean, bere heriotzaren 10. urteurrenean jarritako harria eta haritza ikusi genituen, harrian idatziriko poema errezitatu zuen Mikel Martinez Maskaradako antzezleak.



Euskalduna untzilola genuen zai. Bertatik ikusi genituen Basurtu, Zorrotzako portua, langileen garaiak gogoratu... eta poemak entzun. BBK-ko kideek irakurriak.



Eta tranbian itzulia. Euskalduna palazio berritik, Pio Baroja plazaraino, guztiak tranbian sartuta, Pessoaren Lisboan ibiliko bagina bezala, baina Arestiren Bilbon gaude.

Udaletxearen aurrean, Jurgi Oteizaren lan handi bat dago. Oteiza lagun zuen Arestik, eta Q poema -zein bestela- eskaini zion Harri eta herri liburuan. Hura irakurri eta plaza barrirantz.



Euskaltzaindiaren egoitza berria bisitatu, eta Cafe Bilbaon odolosteak jan genituen Artxandara begira. Ostean Esperantza kalea genuen zain, bai laburra, meharra eta iluna den Esperantza hori.... Arenalera joan eta azkenekoz Arestiren ahotsa entzun eta eguna amaitzeko.



Bilbok behar duen Aresti egun bizi bat aldarrikatzen. Bilbok eman duen euskal poeta handia aldarrikatzen. Literaturak behar duen Bilbo hori ezagutzen, eta aldarrikatzen.

Xabier Mendiguren Elizegi
2004-02-16 : 12:38

Elixabete Garmendia ibili zen grabazioaren arduradun, eta Postdata saioa egiten du berak, eguerdian eta gauerdian botatzen duten hori.

Ohi bezain fin eta ederki egingo duela esango nuke. Han ibili ginenon poz eta emozioaren laurdena transmititzen ez da erraza baina.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago