Teknologia albisteak
4

Intza proiektua: Euskal Lokuzioak Sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-05-17 : 12:05

Joan den barikuan aurkeztu zuten Euskal Lokuzioak Sarean webgune berria. Intza proiektua izenez bataiatua izan da. Euren xede nagusia, euskaldun guztiei euskarazko lokuzioak ezagutzeko eta lantzeko aukera doan eskaintzea da.

Orain arte, 6.195 esapide bildu dituzte Intza proiektuan, hala literatura kultutik nola herri hizkeratik. Horien erdia gaika sailkatuak daude, multzokako antolaketan. Orain arte 178 kontzeptu daude, adibidez: aberastasuna, axola, beldurra, egia, heriotza, laudorioa, maiztasuna, pazientzia, susmoa, umorea, zalantza, zorigaitza...

  • Lokuzio guztiek dute beren fitxa: testuingurua, adiera, korrespondentzia, iturburua.
  • Bilaketa era anitzean egin liteke: gai nagusietatik, hitz-gakoak bilatuz, gaztelaniazko edo frantsesezko lokuzioetatik, e.a.
  • Bilatu nahi den hitza, zehaztu daiteke ea hitz hasiera den edo hitz osoa. Posible da ere erdera bakoitzeko korrespontzia guztien zerrendak ikustea.
  • Webguneak helbide bat eskaintzen du, erabiltzaileen iradokizunak eta oharrak jasotzeko, edo lokuzio berriak gehitzeko.
  • Intza Proiektuko datubaseak publikoak dira, eta XML formatuan daude guztien eskura.

http://www.armiarma.com/intza/

Lan taldea hauek osatzen dute:

  • Joxan Elosegi
  • Koldo Izagirre
  • Josu Landa

Iradokizunetarako edo kontsultetarako e-posta bat ere jarri dute: intza@armiarma.com

Datutegia publikoa eta doakoa da

Egitasmo honetako datu baseak publikoak dira, eta XML formatuan eskaintzen dituzte, gura duenak erabili ahal izan ditzan.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2004-05-17 : 13:10

Zorionak Armiarma. Oso baliabide interesgarria. Gotzon Garateren atsotitz bildumarekin batera gordetzekoa Interneteko faboritoetan.


>
> Egitasmo honetako datu baseak publikoak dira, eta XML formatuan eskaintzen dituzte, gura duenak erabili ahal izan dezan.


Bikaina. Publikotasun hori ez duzue lizentzia libre batekin babestu... Beharbada ez da beharrezko. Baina egindako lan horri beste norbaitek copyright propioa ezarri ez diezaion, begiratu zitekeen kontua da. Iradokizun xume bat besterik ez.


Josu Landa
2004-05-17 : 13:53

> Publikotasun hori ez duzue lizentzia libre batekin babestu... Beharbada ez da beharrezko. Baina egindako lan horri beste norbaitek copyright propioa ezarri ez diezaion, begiratu zitekeen kontua da. Iradokizun xume bat besterik ez.



Atrebitzea daukate. Damutuko litzaieke, eta ez mehatxua, ohartarazpena baizik. Geure arteko ekosistematxoa GPL lizentziaz babestu beharra ote daukagu?

Luistxo Fernandez
2004-05-17 : 14:41

>
> . Geure arteko ekosistematxoa GPL lizentziaz babestu beharra ote daukagu?


Nik baietz uste dut.


Eta eredu ona izan zitekeen, ez bakarrik lapurreta saihesteko bai eta ere, lan horren etorkizuneko gehikuntzak sustatzeko; haiek ere, izatekotan, libre izan daitezen.


GPL softwareari dagokio batik bat. FDL izan zitekeen erreferentzia zuzenago bat, edo Creative Commons izenarekin zabaltzen ari den lizentzia multzo malgua. Nire faboritoa hauxe da.


Inozentzio Goikoa Zerumuga
2004-05-18 : 13:57

Nik PRSTV sistemari deritzot aukera egokiena, dudarik gabe. Oraindik asmatu gabe dago. Beraz, nahi erara erabil daiteke. Birtualki potentzialitate mugagabekoa da, eta guztiz norbereganagarria ekosistema softwarikoen ikuspegitik.



Zer iritzi-miritzi duzu, Luistxo, proposamen nirte ustez ezin zentzuzkoago honetaz? Honen kontra ere izango duzu zerbait, seguru.





Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago