Teknologia albisteak
1

aMSN euskaraz eta Jalgi-Talki, euskarazko berehalako mezularitza zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-11-08 : 09:11

Internet&Euskadi elkarteak aMSN txaterako programaren 0.94 euskaratu du. Software librekoa da aMSN eta bere bidez, Microsoften Messenger-era konektatu daiteke. Bestalde, euskalerria.org-ek ere badu Jalgi-Talki izeneko euskarazko Euskarazko berehalako mezularitza zerbitzua. Messenger mezularitza zerbitzurako pasabidea dute martxan.

Internet&Euskadi elkarteak egin du aMSN programaren itzulpena. Windows sistema eragilean Microsoft Messenger erabiltzen da. Linux sistema eragilean eta MAC ordenagailuetan Microsofteko txat sare horretara konektatzeko software libreko programa bat da aMSN. Programa 44 hizkuntzara itzuli da, euskarara barne.

Jalgi-Talki

Euskarazko berehalako mezularitza zerbitzua eskaintzen du Euskalerria.org atariak. JalgiTalki izenarekin bataiatu zuten, Jabber teknologian oinarritutakoa. Jabber berehalako mezularitzarako protokolo ireki, publiko eta askea da. Gari Araolazak idatzi zuen Sustaturako Bat-bateko mezularitza: Jabber 10 - ICQ 6 artikulua.

Beraz, euskalerria.org-ek Jabber zerbitzaria instalatu zuen eta zerbitzari horretan Messenger mezularitza zerbitzurako pasabidea jarri zuen. Jabber zerbitzaria erabiltzeko programetako bat tkabber da eta euskaratu egin zuten. JalgiTalki bezero-aplikazioa eskuratu daiteke euskalerria.org webgunean; euskara hutsean dago eta kode irekikoa da.

Beste mezularitza zerbitzuekin bateragarria da. MSN Messenger, AOL, ICQ edota Yahoo mezularitza sistema erabiltzen dutenekin komunikatu daiteke JalgiTalki bidez.

euskalerria.org webgunean JalgiTalki-ren gaineko informazio ugari jasotzen da.

Erantzunak

iepa!
2004-11-08 : 16:26

Jalgitalki programa probatu nuen eta ez zitzaidan batere gustatu. Erabiltzeko oso zaila da. AMSN frogatu eta ikaragarri gustatu zait, betiko MSNaren ezaugarri guztiak ditu, eta gainera euskaraz. Hori bai, belarritik tirakadatxo bat itzultzaileei: Itxi ez da tz-rekin idazten.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago