Teknologia albisteak
3

Irratia.com 2.0

Erabiltzailearen aurpegia
irratia.com - Bilbo Hiria irratiko estudiotik
2004-12-14 : 12:12

Isiltasuna hautsi eta irratia.com 2.0 abian da. Irrati bitakora bat sortu dugu. Eta lata ematera gatoz. Internet, musika eta irratiak batu gintuen duela urte batzuk. Teknologia berriei buruz, musikaren inguruan, irratigintzaren berri emango dugu astearte arratsaldero zuzenean, eta bitakoran egongo gara 24 orduz.

Hasi, 2000. urteko azaroan hasi ginen irratigintza eta Internet uztartzeko saiakeran. Lortu genuen, eta baita bide berri bat abiatu ere. Asko dira garai hartan egindako kontzertu, emankizun, erretransmisio, eztabaida saio eta saiakera antzuak. Asko. Ondo gogoan ditugu.

Gurea ekimen amateur bat izan da beti. Euskal irratigintza urrats berriak ematen hasi zen: elkarlana, proiektu bateratuak, sarea... eta zerbait lortu izanaren sentsazioa geneukan. Gazi gozoa da oraindik zaporea.

Bitartean, gutako bakoitza bere zereginetara murgildu da berriz ere. Biak ala biak, gauza ezberdinetan gabiltza, nahikoa loturik daude komunikazioa, kulturgintza eta Internetekin. Baina leku ezberdinetan beti ere. Sareak batu gaitu, denbora eta urruntasunaren kontra.

I+G (ikasten eta gozatzen) ere aritu gara. Nork berean. Eta Interneteko euskal panoraman bizi izandako aldaketak eta hobekuntzak geure egin ditugu. Orain, 2004 urte hau finitzear den honetan, berriz ere irrati estudioan elkartzeko desiatzen gaude. Argi gorria noiz piztuko. Sintoniaren musika elektronikoa entzun, eta berriz ere teknologia berriak, euskal kulturgintza, musika eta gure burutazioak mahaian nahasteko.

Bilbo Hiria irratikoek abegikor hartu gaituzte. Bilbon eta Bizkaiko zati handi batean euskaraz aritzen den irratia da (FM 96.0) eta Interneten ere aspaldi eskaintzen ditu bere emankizunak.

Beraz lagunok, badakizue, gaurtik aurrera Irratia.com 2.0 bertsioa abian da. Uhinetatik, saretik, bitakora baten.... zuek esango. Guk burutuko.

Irratia.com

Erantzunak

Iban Arantzabal
2004-12-14 : 15:39

Ondo etorri eta zorterik onena!

Firefox-en erabiltzaile bat
2004-12-14 : 19:04

Lehenengo irratsaioa entzuteko irrikitan nintzen, baina irratia.com-eko eskuinaldeko zutabeko 'Zuzenean entzun' estekan klik egin eta... erantzunik ez :-(

Badaezpada, proba egitearren, Explorer ireki dut (aspaldiko partez) eta... bingo!



En fin, beste proiektu berri bat Explorer-en nagusitasuna bultzatzen...

Firefox-en erabiltzailea
2004-12-15 : 03:02

Orain bai, badabil Firefoxekin ere. Eta zorionak, bide batez, lehenengo saioagatik. Oso interesgarria eta atsegina izan da.

Erantzun

Sartu