Teknologia albisteak
1

Ibarretxe planaren eztabaida

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Legebiltzarretik (Gasteiz)
2004-12-30 : 15:12

Hiru urte eta erdiko ibilbide luzearen ondoren, gaur goizean hasi da, azkenik, Estatutu Berrirako Proposamenaren eztabaida, "Ibarretxe plana" izenaz ezagunagoa.

Goizeko bederatzi eta erdietan hasi eta, ordubiak eta laurdenean Atutxak bazkaltzeko etena jakinarazi duen arte, ia bost orduko hizketaldi jarraitu eta maiz errepikatuak entzun ditugu Legebiltzarrean geundenok nahiz telebistaz aditu dutenek. Edukiaren laburpenak eta balorazioak komunikabide guztietan egingo dituztenez gero, giroaren berri ematen saiatuko gara kronikatxo honetan.

Floridako naximentua

Floridako parkearen izkina batean dago Gasteizko Institutu zaharra, aurki 25 urte beteko dituen parlamentua. Gabonetan, urtero-urtero, jaiotza dotorea paratu ohi dute Floridako parke horretan: egiazkoen tamaina bereko eskultura ugari daude han-hemen hedaturik, artzainak, erregeak, txerri, zaldi, ardi, asto eta behiak, Maria, Jose eta ninia irudikatzeko.

Belen horren antzera, nork bere rola du Legebiltzarraren barruan ere, urteroko diskurtsoa errepikatu baitute parlamentariek beren txandetan. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria hasi da, xehetasunetan sartu gabe, estatutu berriaren zergatiak eta onurak azalduz, bere ohiko estilo eta hiztegiarekin.

Ondoren osoko zuzenketen txanda hasi da. Sozialistena, popularrena eta sozialista abertzaleena ziren aurkeztutakoak, baina lehenengo biak bakarrik eztabaidatu ahal izan dira orain arte. Patxi Lopezek, lehenik, eta Leopoldo Barredak, ondotik, gogor gaitzetsi dute Ibarretxeren plana (gogorrago bigarrenak), batez ere laugarren artikulua kritikatuz, hiritartasuna eta naziotasuna kontzeptuen bitasuna dakarrena.

Zuzenketa bakoitzaren azalpenaren ondoren erantzunen eta kontra-erantzunen txanda etorri da. Joseba Egibarrek eta Elixabete Piñolek hitz egin dute jeltzaleen aldetik, Rafael Larreinak Eusko Alkartasunarenetik, Oskar Matutek Ezker Batuaren txandan eta Joseba Permachek Sozialista Abertzaleen izenean. Beren argudioaren funtsa, laburbiltzearren, herritarrek parte hartzeko duten eskubidearen defentsa izan da, autodeterminazioa demokraziaren funts bihurtuz eta herriaren nahia legezkotasunaren gainetik jarriz.

Burdinazko maskuria

Juan Mari Atutxak fama du, batetik, debatea zorrotz zuzentzeko, eta gaur goizean ere izan du hori erakusteko aukera, legebiltzarkideei nahiz ikusleei errieta eginez tokiz kanpo hitz egin edo txalo joz gero.

Beste zerbaiten fama ere badu Atutxak: inoiz ez altxatzearena saioak irauten duen bitartean. Parlamentari ia guztiak altxatzen dira tarteka, zigarro bat erretzeko, tabernan zer edo zer hartzeko, komunera joateko edo zernahitarako. Berdin egiten dute bisitari eta kazetari gehienek ere, luze eta nekagarri egiten baita hankak luzatu gabe egotea hainbeste orduz, batez ere mintzaldiak aspergarri samarrak direnean, gaur izan diren moduan.

Hala ere, Atutxa bere tokian tente. "Burdinazko maskuria" ere deitu izan diote, txixagurari eusteko dohain horregatik. Ez da puxikaren deiari entzungor egin dion bakarra: gure balkoi-zatian mugitu ere gabe iraun du lerro hauek idazten dizkizuen honek eta berdin Koldo Izagirrek ere, Lizardik Espainiako gorteetan egin zuen bezala Berria egunkariaren berri-emaile gisa etorri denak.

Baina maskuriaren beharrei gosea ere erantsi zaie dagoeneko, eta amaitutzat emango dut kronikatxo hau, arratsaldean jarraitzeko asmotan. Gero arte.

Erantzunak

Iban Arantzabal
2004-12-30 : 16:25

> Beste zerbaiten fama ere badu Atutxak: inoiz ez altxatzearena saioak irauten duen bitartean. Parlamentari ia guztiak altxatzen dira tarteka, zigarro bat erretzeko, tabernan zer edo zer hartzeko, komunera joateko edo zernahitarako.


Taberna


Ez da ez txantxetakoa. Taberna lepo zegoen gaur goizean, bai behintzat ni egon naizen bi alditan. Egon naiz Patxi Lopez berba egiten egon den bitartean eta baita Egibar zegoenean ere. Legebiltzarreko tabernan 5 zerbitzari denera heldu ezinik. Atutxa ez da mugituko, baina dedio! sartu-irtenak ez du geldialdirik, eta ez dira denak komunera. Orain, tabernan ere tentsioa somatu zitekeen eta emaitza jakina dela denek badiote ere badago zer gertatuko denaren jakinmina. Itxarongo dugu, lasai.


Kalean ere izan du eragina planak


Aipatuko nuke kanpora atera naizenean egon den kale agerraldia ere. Legebiltzarrean egon dira 200 kazetari inguru. Fernando Barrena zegoen kanpoan berbetan eta ez dira izan dozena bat han bildutakoak. Ez dakit zein etxetakoak ziren Barrenaren hitzak jasotzen zebiltzanak, baina asmatu ere egingo nuke, seguruenik.


Nik ikusi ez badut ere, badakit Ertzaintzak kargatu ere egin duela ni Gasteiztik atera eta gero. Bestalde, Goizaldean, PSOEko gazteak ere egon dira informazioa banatzen kanpo aldean.


Informazioa gehitze aldera, lotura batzuk


Egongo dira lotura interesgarri gehiago ere eta norbaitek gehitzea gura balu badaki erantzutea besterik ez duela. Badakizue hau blog bat da.


Informazio guztia paperean


Legebiltzarrean egon naizen tartean banatu didate prentsa ohar pila bat, bi hizkuntzatan Lehendakariak egindako hitzaldiaren laburpena, baita "Ibarretxe plana" moduan ezagutu dena, baita Patxi Lopez-ek esandakoen fotokopia elebakarra... Hori bai, denak paperean! Zuei helaraztea nahi nuen, baina eskatuta ere ez dut jaso ahal izan dokumentazio hori digitalean, eta klaro, webguneetan ere ez dute... Hurrengoan akaso...


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago