Teknologia albisteak
1

Sharon Stonerrek irabazi du Danbaka, Debagoieneko I. Musika Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Usoa Agirre - Goiena
2005-01-17 : 18:01

Debagoienean antolatzen den lehenengo musika lehiaketa izan da eta musika maila bikainaz gozatzeko aukera izan dute kontzertuetara bertaratutakoek. Sharon Stonerreko oñatiarrek jaso dute lehenengo edizioko sari nagusia: disko bat grabatzea. Epaimahaikoen esanetan, "egiten duten stoner edo rock pisutsuak harrapatu egin zituen ikusleak".

Zuzenekoak hartu dituzte kontuan epaimahaikoek

Zuzenekoak hartu dituzte kontuan epaimahaikoek

Goiena multimedia enpresak antolatu du lehiaketa, Elgetako Espaloia Kafe Antzokiarekin batera. Talde edo bakarlarien zuzeneko saioak izan dira epaimahaiak baloratu dituenak. Debagoieneko 43 taldek eman zuten izena lehiaketan eta epaimahaiak aukeratutako 20k parte hartu zuten Espaloia antzokiko zuzenekoetan. 2004ko urriaren 22an hasi zituzten zuzenekook eta guztira bost izan dira. Zuzeneko horiek kontuan hartuta, epaimahaiko kideek hiru finalistak aukeratu zituzten; Potemkin (Oñati), Sharon Stoner (Oñati) eta Muted (Arrasate-Abadiño).

Final bikaina ostiralean

Joan den ostiralean, hilak 14, izan zen finala Elgetako Espaloia antzokian. Oso final lehiatua izan zen. Hiru taldeek dena eman zuten. Finalistek ez zituzten eurengan zeuden usteak bertan behera utzi eta esperotako maila eman zuten. Batez ere Mutedek buru-belarri prestatutako emanaldiaren aldeko apustua egin zuen, eta Sharon Stonerrek eta Potemkinek espontaneitate handiagoa nahiago izan zuten.

Deustuko Split 77 taldearen ia ordubeteko saioa izan zen segidan, epaimahaiak irabazlea zein zen erabaki bitartean. Enboskadak jaso zuen entzuleen saria, SMS botoen bidez aukeratu zuen publikoak eurentzako onena; bateria bat eta 1.000 euroko erosketa bonua eraman zituen Arrasateko Enboskadak.

Gutun-azal batetik atera zuten irabazlearen izena: Sharon Stoner. Taldea eta zaleak, pozik baino poziago. Arrasateko Shot estudioetan diskoa grabatuko dute orain oñatiarrek.

Epaimahaikoen arabera, hiru finalistak

  • Potemkin: Zuzeneko bizia izan zen. Kantariak eta taldeak komunikatu egin zuten. Taula gaina landuta jendea jatera atera ziren. Zuzeneko piztiak kontzertu potentean.
  • Muted: Metal berria deritzona egiten ondo dakite. Eskola dutela sumatzen da, indartsu aritu ziren eta bazekiten taula gainean mugitzen. Emaitza trinkoa lortu zuten.
  • Sharon Stoner: Egiten duten stoner edo rock pisutsuak harrapatu egin zituen ikusleak. Musikariek bat egiten dute oso soinu trinkoa lortzeko. Bateria jotzailearena maisulana da.

Goiena.net-en lehiaketari buruzko informazio guztia

Goiena.net -en atal berezia izan du Danbaka lehiaketak: www.goiena.net/danbaka Hor jaso dute lehiaketaren gaineko informazio guztia: lehiaketara aurkeztutako taldeen fitxak, mp3ak, oinarriak, albiste artxiboa...

Danbakari buruzko eztabaida ugari ere sortu dira Goiena.net-en. Musika zaleek lehiaketaren gaineko iritzia eman dute eztabaidetan. Hemen duzue horietako eztabaida bat, oraindik ere iritzia emateko aukera dute musika zaleek.

Finaleko argazkiak ere bildu dituzte Goiena.net-en.

Erantzunak

a2ak
2005-01-20 : 10:39

Zorionak Danbakako antolatzailie eta baitxa be Sharon Stonerrekuei. Azken honein 2 kontzertuak Danbakan oso onak izan zien, merezitako irabazliak. Penia isarevolution ez zala finalera heldu, beste talde on bat!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago