Teknologia albisteak
4

2004ko bitakora onenak. Hirugarren sariketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2005-01-24 : 10:01

Bitacoras.com-ek antolatu du 2004ko bitakora onenen sariketa. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Gaztelaniazko blogentzako sariketa da, baina euskarazkoek ere izango dute lekua.

Izan ere, sari bereziak egongo dira katalanez, euskaraz, galegoz eta ingelesez idatzitako blogentzat.

Sariketan parte hartu ahal izango dute Bitacoras.com-eko direktorioan dauden blogek. Hemen sariketako oinarriak.

Erabiltzaileek emango dute botoa

Sariketak hiru fase izango ditu. Lehenengo eta bigarren faseetan erabiltzaileek emango dute botoa; hirugarren fasean 10 bloger ezagunek osatutako epaimahaiak aukeratuko du kategoria bakoitzeko irabazlea.

Maiatzaren 15ean jakinaraziko dira blog irabazleen izenak, Bitacoras.com-en.

Erantzunak

e-gor
2005-01-24 : 12:02

> ... sari bereziak egongo dira katalanez, euskaraz, galegoz eta ingelesez idatzitako blogentzat. Sariketan parte hartu ahal izango dute Bitacoras.com-eko direktorioan dauden blogek.


Ingelesezko horrena arraroa da, direktorioan egoteko gaztelaniaz, katalanez, galegoz edo euskaraz idatzita egon behar baita...


> ... baina euskarazkoek ere izango dute lekua ... hirugarren fasean 10 bloger ezagunek osatutako epaimahaiak aukeratuko du kategoria bakoitzeko irabazlea ...


Egongo al da euskarazko blogentzako benetako sariketarik? Ez dakit ba:


  • Bere direktorioan bilatuta ez daude ez Sustatu ez beste euskarazko blog ezagunik... Nola bozkatu euskarazko blogik orduan?

  • Ez daukat argi kategoria bakoitzean 10 bloger-ez osatutako epaimahai ezberdin bat egongo den ala kategoria guztientzako epaimahai bera. Bigarrena bada, guztiek jakingo al dituzte lau hizkuntzak? Ez da posible. Edo pertsona bakarra egongo da euskaraz dakiena? Ez da oso justua. Eta lehena bada, eta euskarazko kategoriarako 10 bloger euskaldun ezagunez osatutako epaimahaia badago, ez da oso egokia ere... Blog euskalduna dugunok jada bagara makinatxo bat, baina zenbat dira ezagunak? Eta ezagunak direnak, blog ona dutelako izango da, eta epaimahaikoak izateagatik beraiena kanpoan geratzen bada...

Eskertzekoa da jende honek euskararengan ere pentsatu izana, baina horrela, euskal blogosfera ezagutu gabe edo/eta berau kontuan izan gabe, euskarazko blogentazko txapelketa bat antolatzea eta oinarriak jartzea, ez dut egingarri ikusten. Egingo dute, baina ez da izango benetako txapelketa ez ezer.


Ganorazko zerbait egin nahi bada, euskarazko bloger guztiak ados jarri beharko lirateke bertan izena emateko eta ondoren bozkatzeko, eta antolatzaileekin harremanetan jarri, azalduz oinarri horiekin ez dela erraza euskarazkoa egitea eta zerbait adosteko.


Jabi Zabala - sarean.com
2005-01-24 : 20:16

Bitacoras.com horrek "el portal de los weblogs en español" moduan aurkezten du bere burua. Hala da, hala izan da eta hala izango dela uste dut. Euskarazko bitakorak bilatzea besterik ez dugu horretaz jabetzeko. "Espainiako" jarri balute, esparrua galduko zuten. Beraz, hizkuntzan jarri dute irizpidea, Cervantesena aukeratuta. Zertara dator orain euskara aitatzea?



Edozein euskal bitakoragile gaztelaniazko blogosferaren erreferentzia batzuk emateko gai da. Eurek gurearen bat ere ez. Nork ezagutzen du gehiago, eurek ala guk? Nor da kulturalki aberatsagoa? Erdaldunek sekula ulertu ez duten kontua da hau.



Orain gogoratu dira gurekin (barka, gure hizkuntzarekin) eta, nonbait, gu ere Espainia izeneko ustezko "kulturen arragoan" parte ei garenez, hizkuntza horietakoak ere onartuko omen dituzte lehiaketan.



Hori, "beste hizkuntza horietan" egiten dena gutxiesteko beste modu bat da, egotekotan, horko sorkuntza hirugarren mailakoa izango dela aurreratuz eta eurentzat garrantzitsua espainierazko blogosfera dela.



Ez gaituzte ezagutzen, ez euskaldunok ezta euskarazko blogosfera ere. Dagoenik susmatu bakarrik egingo dute seguruenik, ez besterik.



Egingo dugu tratu bat: eurek ez dezatela euskarazko edo swahilierazko bitakorarik onar eta guk ez ditugu bitacoras.com-ekoak kontutan hartuko euskal blogosferaz hitz egitean.

Gari Araolaza
2005-01-25 : 10:47

Nik ezagutzen ditut beraien kulturaren harribitxi eta gorotzak. Beraiek beste ezagutzen ditut García Marquez, Cortazar edo Cervantesetik hasi eta Rociito, Leonardo Dantés, Dinio eta Anbar (lehen Tamara) arteko guztiak. Are gehiago, ez dut "te le he dicho" edo "el amoto" bezalako astakeriarik esaten, eta "Por qué, porque, porqué eta por que" ongi bereizten ikasi dut, beraiek baino hobeto gainera. Eta ez bakarrik "espainolaren kultura unibertsalaz" ari garela; Luar programa ere ikusi izan dut telebistan eta badakit zein umore talde ekartzen duten.


Aldiz, beraiek ez dakite nor diren Tapia eta Leturia, Estitxu Fernandez edo Saizarbitoria. Inoiz ez dute bertsolari bat entzun edo telebistako Zapping-ean Australiako aizkolarien irudiak ateratzen dituzte harriduraz, sudurretik kokakola edaten duen freak baten ondoan. Noiz atera dute azkenekoz euskal kantari bat beraien telebista "anitzetan"?


¡Qué raros son estos vascos! ¿y para qué se quieren separar?


Axier
2005-01-25 : 19:01

Erabat ados Jabi ta Garik botatakoarekin.



Honek guztiak gogora ekartzen dit Espainiako musikaren saria. Politikoki zuzenak izateko eta "geu ere" kontutan hartzen gaituztela lau haizetara zabaltzeko sari deskafeinatu horiek.

Azken finean Kepa Junkera batek onartzen badu artista latinoa dala zergatik ez dute ba emango halako saririk Inperioan bertan?



Ez dakit nork irabaziko duen haien "euskarazko Blog" onenaren saria baina gauzak behar bezala publikoki esateko gai izango al da eta sariari uko egin?

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago