Teknologia albisteak

Edorta Jimenez: "Caparen kronika XX. mendearen kronika da"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Egunen harian blogetik
2005-04-29 : 12:04

Edorta Jimenezek Robert Capa biografia idatzi du, prentsako argazkilaritza modernoaren aitatzat jotzen denaren bizitza kontatuz; hark Euskal Herriaren alde egindakoarekiko esker onez idatzi duela dio egileak, eta Caparen bizizaletasuna egin zaiola bereziki erakargarri. Paris eta Renon material bila ibili eta gero, auzolanaren emaitzatzat jotzen du bere obra. Hona, Jimenezen hitzak.

Kontaiguzu: noiz izan zenuen lehenengoz Robert Caparen berri, eta nola piztu zitzaizun harenganako jakin-mina?

Robert Caparen berri, horrela esateko, aspaldi-aspalditik neukan, hura ‘bigarrenez’ deskubritu nuenean. Hain zuzen ere, Ernest Hemingwayren bizitzarekin zerikusia jakin nuenean. Orduan jakin nuen Capa Euskal Herrian egona zela, eta hortxe geratu zitzaidan izena, noizbait begiratu beharrekoen artean. Gero, berriz, Bermeoko Estepan San Pedro adiskidea zirikatzen hasi zitzaidan, Capa Sollubeko batailan egon ote zen, eta noiz. Eta horrez gero buru-belarri sartu ginen biok Caparen bila, nolabait esan.

Euskal Herrian egindako ibilerei dagokienez, liburu honetan dibulgazio-lanetik harago joan eta benetako ikerketa egin duzu, ezkutuan zeuden datuak agerira ekarriz...

Ikerketa egin dut, bai, Parisen dauden haren artxiboetan ere begiratu izan dudalako. Iazko udaberrian izan nintzen Parisen, Caparen heriotzaren 50. urteurrenaren aitzakiaz Zazpika igandekaritik hari buruzko erreportajea idazteko eskatu zidatenean. Hunkigarria izan zen ikustea Bizkaian egindako 700dik gora argazki badirela Parisen, lo, hemengo erakunderen batek noiz kopiak eskuratuko zain. Era berean, hemen ezezaguna, erabat ezezaguna izan den Death in the Making liburuaren fotokopia eskuratu nuen, Renoko Center for Basque Studies delakoan ari den Pedro Oiarzabal lagunari esker. Liburua, 1938koa, balio sinboliko handikoa da. Niretzat behintzat. Irakurleari datu berriok emateko aukera izan dudalako idatzi dut liburua. Caparen biografia luze biak bilduz eta laburtuz egin nezakeen arren, datu berri horiek gabe ez nukeen sekula idatziko. Euskal irakurleei bestek ez duten zerbait ematen diedala jakiteak poztu egiten nau.

Bizizaletasunaren laudorioa

Argazkietako abilezia alde batera utzita, zer egin zaizu erakargarriena Caparengan?

Haren bizizaletasuna, nola jakin zuen bizitzari aurre egiten, zein maiteak zituen lagunak, zein maite emakumeak, zelan zekien jaten eta edaten, eta gero halako batean jan gabe eta edan gabe geratu ahal zela. Ezker ‘animiko’ edo sen hutsezko ezkerraren borroketan gaztetarik izan zela ere erakargarri egin zitzaidan, eta ez ziola arriskuari ihes egin. Eta zer esanik ez, zazpi-zortzi hizkuntzatan gaizki moldatzen zela jakiteak. Ze enbidia!

Aldi berean, pertsona baten bizialdia kontatuz XX. mendearen giltzarri guztiak jaso dituzu liburu honetan.

Lehen esan ez badut ere, horixe zen alderdi erakargarrienetakoa Caparen kasuan; hogeigarren mendeko giltzarriak bere bizitzan daude, bai. Judua sortzez, Lehen Mundu Gerraren giroan jaioa, nazismoa eta sozialismoaren goraldian hezia eta hazia, Espainiako Guda Zibilean argazkilari ospetsu bihurtua, Bigarren Mundu Gerran konsakratua, Makartismoaren marea beltzean harrapatua, Indotxinako gerran hila, zer ez zuen Capak ezagutu? Zer ez zuen erretratatu? Eta, gainera, Magnum ospetsuaren sortzaileetakoa! Caparen kronika mendearen hiru herenen kronika da.

Euskaldunen esker ona

Zerk ekartzen du pertsona baten hautaketa biografia idazteko orduan: harekiko identifikazioak? Hark bizi izan zituen arazoekiko jakin-minak? Giroekiko lilurak?

Kasu honetan, George Steer-en kasuan bezala, biografiatuarenganako esker onak eta neure sorterriari diodan maitasunak. Kausa biak uztartuz idatzi dut. Steerren kasuan, Londresen nengoen haren biografia ingelesez eskuratu nuenean. Autobusean igonda, irakurtzeari ekin nion. 'Telegram from Gernika’ testua irakurtzean negarra begietara etorri zitzaidan. Orduan erabaki nuen gizon haren alde zerbait egin behar nuela, berak gure alde egin zuenaren truke. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Caparekin. Capa Bilbon! Zerbait egin behar zen horrekin, hemen ez dugu-eta behar bezala tratatu. Kasu bietan, esan behar da, biografiatuek nire gogoko diren ezaugarriak dituzte; bizizaletasuna eta sufrimendua, batez ere. Eta giroa aipatzen bada, ba bai, sakonean hemengo azken gudan izateak, horrek ere garrantzia duela uste dut. Oraindik gure hogeigarren mendearen gakoa den gerra hori argitu guran gabiltza, edo ni neu behintzat horretan nabil. ?Eta zer izan da zailena biografia hau idaztean? Edo zer atseginena?

Zailena, orain arte idatzi diren biografia nagusi bietan datorrena ganoraz laburtzea izan da. Esan nahi dut, laburtu baino gehiago egin behar zela, alegia, berridatzi, kontaerari erritmoa emateko. Bizitasuna bilatu dut, eta hala ere biografia osoa idaztea izan dut helburu. Funtsezko dena sartzea, baita haren bizizaletasuna ere. Pozik nago, Caparen azken erakusketa baten kariaz egunkariek, agentziako berria kopiatuz, “Caparen alde mundanoa erakusten duen erakusketa” edo horrelako zerbait irakurri nuenean. “Ene, berria da hori, ala?”, esan nuen nire artean, alderdi hori liburu honetan badagoelako. Gero, ordu eta erdiko dokumentala ere ikusi nuen eta, horra! Biografia honetan ez dagoen daturik ez dago dokumentalean. Beraz, pozik lotu nintzen. Eta atsegina ezer izan bada, egunetan eta egunetan Robert Caparen irribarrea nire mahaira agertzea izan da. Caparen irribarrea konplizea izan da. Irribarre eterno horren bidez Robert Capak laguntzat nauela diost. Pena, harekin inoiz trago bat jo ez izana, zigarro bat erre ez izana. Bestela, Capak bazekien inork ezin izango duela inoiz bere biografia idatzi. Beti ibiliko gara irribarre horren sekretura iritsi nahi eta ezinik.

Ezkerreko tradizioan sakontzen

Lehen ere Steer-en biografia idatzi zenuen, kanpoko kazetariek 36ko gerran Euskal Herrian egin zuten lana azpimarratuz. Ildo horretan sakontzeko asmoa duzu, ala agortutzat jotzen duzu?

Ildo honetan sakontzeko asmoa badut, egia. Adibidez, apirilaren 6an, Gernika bonbardatu zuteneko egunaren urteurrenean, han egin nuen hitzaldian Robert Caparekin batera David Seymour ‘Chim’ aipatu nuen. Hor dugu argazkilari hori, bere txandaren zain. Une honetan gerra ondoko batzuek ere erakartzen naute, batez ere Galindezek. Baina erakargarri egiten zait Tomas Meabe ere, esaterako. Orain arte ez diegu, euskaraz behintzat, ezkerreko tradizio historikoan sartzen ahal diren pertsonaiei begiratu, nire liburuaren bilduma berean dagoen Pasionariaren kasuan edo Likinianoren kasuan izan ezik. Lezo Urreiztieta ere egunen batean berriro hartu beharko da, Martin Ugaldek utzi ziguna osatzeko, ahal dela hobetuz. Neuk egin ala beste batek egin, egitea litzateke kontua. Zein gustura irakurriko nituzkeen Lezoren ibilera nobelatuak! Gero, nire ‘Kilkerren hotsak’ nobelan diren batzuekin ere zerbait egin daitekeelakoan nago. Baina denbora, oi denbora! Nondik atera denbora?

Pozik sumatzen zaitugu lan honekin...

Bai. Nire burua auzolanaren tradizioan ikusten dut. Liburu hau tradizio horren barruan sortu da. Estepan San Pedro aipatu dut lehen, baina Juantxo Egañaren laguntza ez aipatzea ez litzateke zuzena izango. Zer esan Iñaki Goiganak den-denean eskaini didan laguntzaz eta beti luzatu izan didan eskuaz? Liburu hau ez da nirea bakarrik, zinez. Horiena ere bada. Unean uneko tirabirak saihestuz, elkarrekin lan egiteko bideak zabaldu behar ditugu, herriaren alde beti ere. Hau kontzientzia osoz diot, nahiz eta jakin ‘herria’ hitzak batzuei profetaren mamua ekarri behar diela gogora. Erronka apasionanteak ditugu historia, literatura eta artea maite ditugunok. Bertold Brecht-en bertso kantatu hura -bakarka ezin da / fusilak ala kateak?- egokituz, esan “Argazkiak ala Kateak!”, eta hortxe duzu Robert Caparen zereginaren gakoa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago