Teknologia albisteak
1

EITBk blog faltsu bat sortu du telesail bat promozionatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2005-07-19 : 10:07

Eibar.org-eko blogetan mezu olde bat jasotzen hasi gara. Ia-ia spama, agian ia barik. Eibarrera etorri berria den blogista argentinar batek lotura eskatzen duela... Gezurra da, baina ez dute abisatzen inon zer den benetan: laster emitituko duten telesail baten marketing kanpaina, Mi querido Klikowsky.

Hau da Eibarko blogetan errepikaturik jaso duguna: soy un argentino a puntito de irme a vivir alla (mi novia es de Eibar) y bueno, como me meti a hacer mi propio blog, me gustaria que me linkearan en eibar.org. No hablo euskera, pero en fin, me quisiera poder contribuir con mis ideas a la blogosfera del lugar... si te parece bien, podes ver mi blog en www.klikowsky.com y decidir si te gusta. Saludos

Klikowsky.com ikusi eta benetako bloga dela ematen du... erantzun mordoarekin ere. Inon ez dago arrastorik abisatzen duenik hau publizitatea dela, marketing kanpaina bat. Eta izatez horixe da: Saul Klikowsky fikziozko pertsonaia da. ETBrentzako saila ekoizten egon da Globomedia ekoiztetxea eta orain marketing garaia iritsi da, udazkenean estreinatzeko-edo, irudikatzen dugu.

Ez da zaila izan trukoa asmatzea. Blogari faltsuak kontatzen duena EITBk sailaz zabaldutakoarekin konpara daiteke. Klikowsky izena bera ere... Googlen bilatu eta ez dirudi Saul fikziozkoak baizik ez duela deitura hori munduan. Alegia, Europako ekialdeko izen judu edo poloniarra dirudi, Argentinara joandako familiaren batena, baina itxura bakarrik du horrena: deitura eufoniko faltsua besterik ez da, Klikartegi bezain egiazkoa.

Blog faltsuak marketinerako... Azken aldian honelakoak ikusten dira. Batzuei ez zaie gaizki iruditzen, baina sareko blogari askorentzat inozokeria zatarra dira. Orain arteko ezagunena, McDonalds etxeak egin zuen, LincolnFry blog faltsua, patata prijitu batzuk promozionatzeko. Irakurri ikuspegi negatibo batzuk Strategic Public Relations-en edo Jeremy Zawodnyrenean.

Red Couch blogariak honela ikusten ditu marketineko blog faltsuak: Demostratzen dute hain pasio gutxi sortzen duela produktuak ekoiztetxean, non publizitate agentzia kontratatu behar duten blog faltsua idazteko. McDonalds-en LincolnFry-en erantzun guztiak ere faltsuak ziren. Ez dakigu hori ote den kasua Klikowskyrenean.

Saila, bestalde, Globomediarena den arren, domeinua erakunde publiko batek erosi du, EITBk.

Beharbada fikzioa izanda lehengaia desberdina da... Baina, abisatzea ere ez dago gaizki. Ez da bidezkoa, demagun, etorkin latinoamerikarri buruzko albiste batean Gaur Egun teleberrian, Eibarrera etorri berria den Saul Klikowsky baten berbak sartzea, ezta? Teleberrian hala bada, zergatik da desberdina sarean?

Erantzunak

Eneko
2005-07-19 : 12:01

Famatua egin zen Vichy kosmetiko etxeak promozioarako sortu zuen blog faltsua: Journal de ma peau (nire azalaren egunkaria) izenekoa.


Blog faltsu (fake blog) horretan Claire izeneko pertsonai faltsu batek, bere azalaren gora beherak kontatzen zituen blogean, Vichy-ren zimurren aurkako Peel Microabrasion produktua goraipatuz, jakina.


Baina, benetan famatua egin zen jendea protestaka hasi zenean. Azkenean, Journal de ma peau blogaren benetako arduradunak, Delphinek, mezu honen bitartez barkamena eskatu behar izan zuen.


Mezu horretan, Vichy-koek blogeko pertsonaia erreala izan behar duela aitortzen zuten eta benetan blogaren ardura duen Vichy-ko taldea aurkeztu zuten.


Bigarren aldaketa bat egin da blogean eta duela gutxi, ekainaren 2 eta 3an bidalitako mezuen bidez, frantzian blogari ezagunak diren 6 emakume aurkezten zituzten blogaren arduradunak bezala: Marie Corceiro-Leal (ParisZine ), Sophie Januel (Entremetteur de competences ), Sophie Kune (Je suis unique ), Nathalie Rosenberg (Chaud-mage ), Pascale Weeks (C'est moi qui l'ai fait! ) et Nawal Zerrouni (Les casseroles de Nawal ).


Ez dakit Vichy-ko Claire, Saul Klikowsky argentinarraren kasuarekin konpara daitekeen. Klikowsky blog faltsuaren spam mezuak jaso dituztenek eta irakurleek esango dute, baina gaia arriskutsua da eta blog honetan edo honetan aztertzen den bezala hanka sartzea oso erraza da.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago