Teknologia albisteak
21

Gmail euskaratzeko bidean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2005-09-07 : 09:09

Gmail web bidezko eposta (Googlerena) katalanez dago jada. Eta laster euskaraz ere egon daiteke, 53R61 blog euskaldunean irakurri dugunez.

Hizkuntza aukera hauez gain, gauza berri gehiago ezagutu ditugu Gmail-en inguruan azken asteotan.

Euskaratzea ez da konpletoa oraindik, oker agerikok daude tartean, eta zuk ere lagundu nahi baduzu, hau da egin behar duzuna, 53R61-ri aholkua kopiatuz:

  1. Google in your language-en sartu.
  2. Gmail-eko zeure izena eta pasahitza sartu.
  3. Lehen aldian Hizkuntza galdetzen dute, Euskara aukeratu.
  4. Gmail UI, Gmail Email eta Gmail static UI Content ataletan sartu eta hasi esaldiak itzultzen.

Lagundu nahi baduzu, hor dago. Atal batzuk guztiz euskaratuta daude, baina kolaborazioa eta errepasoa ez da gaizki etorriko. Okerak nabaritu ditugu, ez oso txukunak. Adibidez: Forwarded message = Mezu erantzuta edo Bcc = erantzuna eta horrelako dexente.

Erantzunak

Gmaildun bat
2005-09-07 : 13:33

> Euskaratzea ez da konpletoa oraindik, oker agerikok daude tarteanEne uste apalean, onartezineko akatsez josita dago orain arteko lana. Batzuetan, euskararen ordez fikzio hutsa da. Adibidez: «we appreciate your help in making Gmail even better» -> «ederresten baitugu zure laguntza Gmail hobeago egiten».


Borondatea gauza ona da, baina 53R61 bloga ikusita, ez da harritzekoa halako akats mordoa izatea.


Baten batek (Sustatu-k?) esan beharko lioke «iturri onetik» Google-ri ez argitaratzeko Gmail euskaraz era horretan. Hobe luke Google-k txorrotxago jokatu inguratzen zaizkion euskal «itzultzaile» borondatetsuak hautatzerakoan.


Gari
2005-09-07 : 18:05

Eta horren aurrean zer egin daiteke?


Nik ere ez dut soluzio egokirik. Itzultzaile onak baditugu alde batetik eta bolondresak intentzio onarekin bestetik. Zaila izaten da bi ezaugarriak dituztenek proiektuak hartzea.


Arazo hau ez da berria, lehenago ere zenbat aldiz gertatu ote da software libreko hainbat aplikaziotan.


Eta bukatzeko: batetik, Google bera ez da ONG bat eta beraiei lana doan egitea ere ez da txukuna. Bestetik, norbaitek lan hori egin beharko du GMail euskaraz nahi badugu.


Horixe ba, kontraesanak besterik ez. Norbaitek soluziorik bai?


itziar
2005-09-07 : 23:58

Gmail euskaraz izan nahi dugunak, gu gara. Nik ez dakit Gmail-i zenbateraino inporta zaion bere zerbitzua euskarara itzultzea.



Erabiltzaileon laguntza eskatu izana ez zait gaizki iruditzen, "itzultzaile profesional" izena duten askok baino hobeto itzul bait dezakegu web orri hori. Hortaz ziur nago, gazteleratik itzultzeko behintzat, arazo asko izaten baitituzte.



Aukera jarri dute, beraz, animatzen denak kolabora dezala; akatsak aurkituz gero, zuzen ditzala. Denon artean lan txukuna egin dezakegu.

txapelgorri
2005-09-11 : 15:14

Beno, ba animatu zaitez zeu eta itzultzailearena egiten lagundu proiektuan. Oso erreza da kritikatzea ezertaz jain gabe. Hobe zenuke blogaren atzean (53R61rena diot) dagoen pertsonaren zeozertaz enteretzea, horrela hitz egitea baino.



Txapelgorri.

Manu
2005-09-12 : 15:16

Jo, ni gustora lagunduko nuke, gertatzen dana da, ingeleraz nahiko larri nabil. Esaldi motzak itzultzeko arazo gehiegirik ez dazkat, baino zenbait paragrafokin...



En fin, gaztelaniatikan itzultzeko aukera emango balitz, askoze azkarrago jungo zan itzultze prozezua nere ustetan.



Agurrak!!

itziar
2005-09-13 : 14:07

Egia esan, itzulpen lanak egiten hasia naiz, nire ingeles maila kontutan hartuta ordea, gauza gehiegi ere ezin dut egin. Norberaren aukera da kritikatzea, eta baita parte hartzea ere. Beti ere ahal den neurrian



Txopi
2005-09-13 : 14:48

Lotsagarria... Beti bezala, euskaraketen kalitateari buruzko kritikak webgune honetan.



Beste hainbatetan Sustatun egin duzuen bezala, albiste bat argitaratzean zuen ikuspuntu berezitik egiten duzue eta ekimen berriaren ilusioa akatsekin zikintzen duzue. Eta berriz ere, irakurleek ekimenari buruz hitzegin beharrean, zuek bultzatuta, irakurleak euskaraketa nork egin duen gora eta behera hasten dira, eta akats bilatzaileak ere agertzen dira...



Sustatu, noiz ikasiko duzue albisteak hobeto argitaratzen? Zuen inkonformismoa sendaezina al da? Jendearen lana behin eta berriz gutxietsiz sortzen dituzuen kalteak ez al dituzue ikusten?

Luistxo Fernandez
2005-09-13 : 14:56

> Sustatu, noiz ikasiko duzue albisteak hobeto argitaratzen?


Zuk irakatsitakoan, Txopi. Betikoa esango dizut: zuk kriterio hobeak dituzu, badakizu zein diren. Egin zuk euskarazko aktualitate teknologikoari buruzko blog hobea. Zure esku dago. Edo beste edozeinen esku.


> Zuen inkonformismoa sendaezina al da?


Neure kasuan behintzat, nahiko nuke hala balitz, neure inkonformismoa betirakoa eta sendaezina balitz. Baina hori geroak esango du. Baliteke adinak dena sendatzea eta konformista bihurtzea halabeharrez.


> Jendearen lana behin eta berriz gutxietsiz sortzen dituzuen kalteak ez al dituzue ikusten?


Nik ez dut hori irakurtzen hor goian. Itzulpen okerrak elkarlanaren bidez zuzendu daitezkeela... hori iradokitzen du goikoak, nere ustez.


Imanol
2005-09-13 : 17:41

Nik neuk bederen ez dut onartuko euskararen izenean edozein txapuza ikustea. Elkarlana da, nire ustez ere, irtenbidea. Baina, programa, aplikazio edo beste edozer gaizki euskaratuta badago, kritikatu egingo dut; eta ez niregatik, euskararengatik baizik.

Txopi
2005-09-13 : 20:06

> Nik neuk bederen ez dut onartuko euskararen

> izenean edozein txapuza ikustea. Elkarlana da,

> nire ustez ere, irtenbidea.




Ados nago zurekin Imanol, baina zure ustez elkarlana sustatzeko bidea 53R61ren ekimenaren albistea zabaltzerakoan Sustatuk bilatutako akatsak azpimarratzea al da? Gu guztion kidea den pertsona honek argi usten zuen euskaraketa bukatu gabe zegoela eta apurka apurka denon artean itzulpena hobetzen eta bukatzen joateko laguntza eskatzen zuen. Nola nahi duzue herri honetan inork ezer euskaratzea ausartzen diren guztiak publikoki harrikatzen badira? Beste hizkuntzetan gertatzen denaren aurka, gobernuak jarritako diruarekin enpresek egindako euskaraketak bakarrik dira zilegi? Euskal informatikari batek ezin du zerbait euskaratu (adibidez Gmail) eta denon artean itzulpena hobetu, mantendu, eguneratu? Hain sakrilegio parkaezina al da? Ezin dugu tipo hori zoriondu eta Itziarrek esan duen bezala, gure indarrak egin duen lan hori hobetzeko erabili?



Nik uste, "Gmaildun bat" delakoak 53R61ren blogari buruz egin duen erreferentzia oso itsusia izan da, baina Sustatuk albisteari eman dion ikuspuntuak lagunduta zalantzarik gabe. Giro txarra somatzen da "profesionala" ez den norbaitek programaren bat euskaratzen duen bakoitzean. Baina ez daukat hain argi Sustatuk sortzen lagundu duen zerbait bada ala irakurle heterogeneo multzo bat duen edozein forotan gertatu litzatekeena baizik. Hau da, euskaltzaleok oroar gure hizkuntzarekin dugun eskakizun maila altuegi baten ondorioz... Inork ez du kalitate gutxirekin gaztelerara itzulitako programarik inoiz erabili? Benetan programaren garatzaileekin kontaktuan jarri eta ekarpen hori kentzeko eskatuko lioke inork? Hori da hain zuzen Gmaildunak nori eta Sustaturi eskatu diona! Sinestezina...



> Baina, programa, aplikazio edo beste edozer

> gaizki euskaratuta badago, kritikatu egingo

> dut; eta ez niregatik, euskararengatik baizik.




Primeran Imanol. Zu eta zu bezalakoei esker euskara garbi eta kutsatugabea mantenduko da betirako... baina zure oroimenean (imaginazioan?) bakarrik :-( Ni praktikoagoa naiz eta euskal hiztun gehienak baztertu beharrean, software librearen filosofiari jarraiki, 53R61ren ekimena publikoki txalotzen dut: eskerrik asko bihotz bihotzez 53R61! Zuk emandako aurrerapausu horri esker, laster Gmail euskaratua gozatuko duten ahalik eta jende gehiago egotea espero dut. Eta ez hori bakarrik, erabiltzaile horien artean batzuk euskaraketa hobetu eta etorkizunean mantentzen ere lagunduko dizutenak egotea espero dut. Horren ordez, norbaitek zuk egindako lan mordoaren aurka eta euskara puruaren izenean Gmail-en euskaraketa blokeatzen badu, jakin dezala euskarari eta euskaldunoi ez digula benetan lagunduko; super-euskaldun batek euskaraketa peto petoa egin arte gaztelaniazko bertsioa erabiltzen jarraitu beharko dugu? Nire ustez ez. Gutxi gutxika gu guztion artean oraindik bukatu gabe dagoen lehen euskaraketa hori hobetzea da irtenbiderik zentzuzkoena. Ez diezaiogun elkarri trabarik jarri! Lagundu diezaiogun elkarri! Hori bai dela nire ustez euskarari laguntzeko era.

Txopi
2005-09-13 : 20:14

Ni Sustatuko erabiltzailea naiz. Ezin dut talde editorialaren irizpideak aldatu edo behintzat berrikusteko eskatu?



Inkonformismoari buruz esan duzuna arrazio duzu :-) Askotan inkonformismo gehiegi duzuela zen esan nahi nuena. Nire ustez gai batzuk oso era negatiboan tratatzen dituzue, eta ez nago horrekin gustora. Erabiltzaileon iritziak inolako baliorik du?

josu
2005-09-13 : 20:34

Ageri diren tira-birak alde batera utzita, lagundu eta aurreratzearren Gmail zertxobait gehiago euskaratzen saiatu naiz.



Ez naiz profesionala, baina oinarrizko akatsak zuzendu nahi izan ditut (ad: hilabete guztiak 3 letrarekin ageri dira Urt, Mar, Api, Mai eta abar, Otsaila izan ezik, Otsa agertuz). Baina, aldaketak ez ditu automatikoki egiten eta beldurra daukat bere horretan ez ote diren geratuko. Badakizue azken urrats gisa zeinek ametituko dituen ala ez proposatutako zuzenketak? Zeren esplikazioak ingelesez egin behar dira eta ingeles hiztun batek erabaki behar badu, jai dugu. Besterik gabe.

Eneko Astigarraga
2005-09-13 : 21:57

Sustatu hasieratik irakurtzen dut eta ez dut sumatu Txopik esaten duena. Beste erabiltzaile/irakurle bat, "Gmaildun bat", izan da euskara mailagatik kexatu dena, arrazoiaz, eta ez Sustatu.


Bestalde, euskaratze lana proposatu zuen Euskalteknok bere blogean kontatzen duenez Sustatun eta 53R61n gaia argitaratzeak mesede handia egin dio Gmail euskaratze lanari: pare bat egunetan ia dena itzuli da!! .


Onerako bai kantitatean, ia dena itzuli delako, eta bai kalitatean, akatsak (borondate onez, baina akatsak) agertarazi eta pixkanaka, nik uste, konponduko direlako.


Beraz, izan gaitezen positiboak :-)


Horrela dio Euskalteknoak:


Erreboluzio bat izan dela dirudi: Bi egun geroago 53R61-ren weblogan eta atzo Sustatun emandako informazioa argitaratu zuten.


Eta aurrerago:


Itzultzaile baten lana, itzultzea eta besteen itzulpenak hobetzea da. Googlek besteek egindako testuak editatzeko aukera ematen diogu; eman ba Edit botoiari!


Nola egin ere azaltzen du


Eskerrik asko Euskaltekno, 53R61, Sustaturi eta lan horretan parte hartu duten denei!


jolaus
2005-09-13 : 22:04

Lastima da ba! Borondate on guztiarekin egindako ekimen berri baten inguruan eztabaida linguistikoa berriro ere Sustatun. Eta jada badira…



Merezi ote du, gure ikastolako hizkuntza irakasleak hainbat aplikazio euskaratzeko hartu duen konpromisoarekin aurrera egiteak, jarraian hemen irakurri diren kritika “konstruktiboak” jasotzeko?. Merezi ote du, ikasleek adierazi duten gogo eta ilusio horiek zapuztuta ikusteak, Sustatutik eginiko jarraipen “zorrotz” baten ondorioz, horrelako balorazioak jasotzeko?.

Benetan penagarria!



Elkarlana aipatu duzue gehienok; benetako elkarlanak “batzea” suposatzen du eta, nire iritziz, 53R61-ren iniziatiba kritikatu duzuenok “kentzea” besterik ez duzue lortu. Eta hori, tamalez, ez dut uste ona denik euskararentzat, ezta boluntarioki softwarearen euskaratzeari ekin dioten guztientzat, ezta Sustatu berarentzat.

Eneko
2005-09-13 : 22:44

Ondo begiratuta, arrazoia, jolaus. Denoi esker, hauek izaten dira mezu-kate luzeenak Sustatun.


Markos Zapiain filosofoak esan zuen bezala
: Zeren beti gabiltza (...) Euskal Txip labeldunari buruzko jardunaldiak. Txostenak, gaztelaniaz. Ez dago eskubiderik!


Bapo! :-)


Txopi
2005-09-14 : 12:09

> Sustatu hasieratik irakurtzen dut eta ez dut

> sumatu Txopik esaten duena.




Normala da aurrerago jasotako iskanbilak ez gogoratzea, baina gertatu gertatu dira. Adibidez garatzaileekin kontaktuan jarri ondoren, gu guztion kide batek Mailman programaren azken bertsioa euskaratu ondoren, Sustatun jakinarazi nahi izan zuenean (CodeSyntax/Sustatuk albistea blokeatu zuen eta pertsona horrek egindako lan guztia alperrik zela argudiatu zuen). Baita WordPress programaren euskaraketa Sustatun aditzera eman zen moduaren inguruan ere.



Gmail programaren kasuan ere, EuskalTeknoko iruzkin baten agertzen denagatik, 53R61 delakoak egindako lanak, berak jakin gabe, CodeSyntax/Sustatuko Garik eta Luistxok azpaldi hasi zuten lan baten galtzea ekarri du. Zoritxarreko gertakizuna, nola ez, baina elkar laguntzeko borondatearekin konpondu daitekeen zerbait. Beraz, lan guzti hori egin eta idatzi dituzten iruzkinetan aipatu ere egin ez dutela ikusirik (Gari eta Luistxori buruz hari naiz), benetan uste duzu kasualitatez gertatu dela iskanbila berri hau? Zuk erabaki...



> Beste erabiltzaile/irakurle bat, "Gmaildun

> bat", izan da euskara mailagatik kexatu dena,

> arrazoiaz, eta ez Sustatu.




Esan berri dudan bezala, Sustatuko editoreak eta Sustatuko erabiltzaile/irakurle batzuk bereiztea oso zaila egiten zait askotan. Beste erabiltzaile asko berriz, ezagutzen ditut eta nondik nora doazen argi esaten dute.



Laburbilduz beraz, hedabide honetan aldiro gertatzen diren injustiziak dira tristura ematen didatenak eta konpontzen lagundu nahiko nituzkenak. Helburu onak beraz (Sustatu hobetzea!), baina batzutan era ez hain politean bilatzera behartua ikusten naizena...



Azkenik, Euskalteknok emandako azalpenen baliogarritasunari buruz, zurekin guztiz ados nago txo. Eman beharreko pausuak zehatz mehatz azalduz, interesa duen edonori (bere "teknogaitasuna" kontutan izan gabe) laguntzeko aukera ematen bait dio. Jolausek esan bezala, hori da "batzea"!

Gari
2005-09-14 : 14:19

Mesedez Txopi, utz nazazu bakean.



Nik ez dut ezer esan, eta besterik gabe gauza ilunak ateratzen hasi zara. Zuk aipatutako gaietaz nik ere nire bertsioa badaukat, eta egunen batean interesa baduzu esplikatuko dizkizut denak banaka, baina hitzez eta bata bestearen aurrean esplikatuta, eta ez de paso eta ongi azaldu gabe horrelako toki batean.



Garai batean egin genuen Google euskaratzeko lana, ondo antolatuta (itzultzaile profesionalen doako aholkuekin, eskerrak haiei) eta horri esker daukat orain Google-ren kamiseta etxean eta "Baietz lehengoan" esaldia asmatu izanaren poza.



Gerora gauzak asko aldatu dira Googlen eta orain ez nuke lan hura horrela egingo, baina horrek ez du zerikusirik zure konspirazio judeo-masoniko ideia horiekin. Ez naiz masoia eta ez nago euskal informatika librearen aurkako lobby batean sartuta.

Txopi
2005-09-14 : 15:37

Azalpenak ematen ez direnean, hutsuneak ikusten direnean, zalantzak sortzen dira. Eta zalantza horiek argitzen ez direnean, jendeak suposaketak egiten ditu... Etengabe gertatzen da. Suposaketa horiek batzutan zuzenak izaten dira, eta beste askotan okerrak. Baina nire "konspirazio judeo-masoniko" (Sustatu-Codesyntaxiko) hori egia den edo ez baino garrantzitsuagoa oraindik, jendeak jasotzen duen informazioaren jatorri eta planteamenduari buruz galdetzean dagoela deritzot. Hedabide objektiborik ez dago, eta ez dut uste inork Sustatu salbuespena dela esango denik. Kasu honetan edukien kontrola software enpresa batek dauka eta nire iritzia Sustaturen subjetibotasunaren iturri handiena faktore hori dela da. Batzuk ez dira horrekin ados egongo, baina beste batzuk berriz badaude.



Zuek hedabide honetako edukiak nahi bezala kontrolatzeko eskubidea daukazue (besteak beste nire poltsikotik ateratako dirutik foru aldundiak ematen dizuen sostengua kontutan hartu gabe noski), baina baita nik nire iritziak zabaltzeko ere. Beraz, naiz eta ados ez egon, elkarrekin bizitzen jarraituko dugu. Hemen ikusten ditudan akatsak noizbehinka azpimarratu arren, horrek ez du esan nahi Sustatuko partaidea sentitzen ez naizenik edo interesgarria deritzodan zerbait esateko daukadanean esaten ez dudanik (WordPress-Eu webguneari buruz, SPIP-i buruz edo Hego Amerikako hizkuntza indigenei buruz adibidez).



Beraz, nahiz eta batzutan auzokide polemikotzat hartuko nauenik egon (ulergarria dena Gari, onartu egiten dut :-), Sustaturen partaidetzat hartzen naizenez gero, hemen jarraituko dut eta ez zaitut zu ez komunitate honetako lagunak pakean utziko. Hori bai, gauzak tentu gehixeagorekin idazten saiatuko naiz. Baina edonola ere, denbora dudan heinean behintzat ez naiz izilduko, horrek bakea ez ekartzeaz gain Sustaturi bizitza ematen diola uste bait dut. Azken honekin gutxienez ados egotea espero dut.

Gari
2005-09-14 : 15:49

Jarraitzen duzu ezer ulertu gabe Txopi, eta ez dakit nola esan.



Idatzi, esan, salatu... nahi duzuna, hemen Sustatun eta beste edonon. Nik ez naiz inor hori zuri mozteko.



Baina mesedez, ez nazazu funts gabe nahastu. Nik ez dut eztabaida honetan beste mundukorik esan, eta isilik egotean ere zerbait ezkutatzen dudalako da?



Nik okerren bat egin badut, esan zuzen, eta bestela utz nazazu bakean, ez bada zelako guapoa naizen esateko.

interesatuta dagoen bat
2006-01-25 : 15:33

Bertan suertatu den diskusioan sartu gabe, badakizue noiz aterako da gmail euskeraz?



Akats zuzendu arte itxaron beharko dugu?



Zenbait gazteekin erabiltzekotan naiz Gmail, baina euskeratu arte itxaron nahiko nuke.



Jakin ezkero, komentatuko duzue.



Mila esker

Ander
2006-01-25 : 19:11

Alperrik da oraindik dena euskarara itzultzea. Denok googleko itzultzaileen foroetan sartzen bazerate, ikusiko duzute, soilik herrialde batean hizkuntza ofiziala den bat ezartzen dutela, alegia, estatu batean izan behar du ofiziala hizkuntza. Katalanarena oso erraza da, Andorran katalana da hizkuntza ofiziala. Honek ate asko irekitzen dio hizkuntza honi.... bitartean, euskarakoak alperrik da lan guztia. Ez baitute ezarriko. Foroetan argi jartzen du.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago