Teknologia albisteak

Kontaizu aldizkaria

Erabiltzailearen aurpegia
Amaia Gutierrez
2005-10-07 : 09:10

Kontaizu aldizkari digitalak urriko alearekin ikasturte berriari ekin dio. Gazteentzako euskarazko aldizkari digital hau euskararen normalkuntzaren ingurumarian kokatutako egitasmoa da, Ikastolen Elkarteko egitasmoa, eta euskarak komunikabideetan gero eta agerpen gehiago izatea du helburu.

Lotura: Kontaizu (www.kontaizu.net)

Aldi berean, gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna sustatu nahi du, baita euskaraz idazteko ohitura sendotu ere. Horretarako argitalpenean gazte jendeari interesatzen zaizkion gaiak jorratzen dira, esate baterako, musika, zinema, antzerkia, kirolak, denbora pasak, komikia, sexua... Era berean, aldizkarian parte hartzeko aukera eskaintzen zaie; euren iritziak eta kezkak azaltzeko edo erreportajeak idazteko.

Informazioaren gizartean murgilduta gauden honetan, garrantzitsua da euskarak teknologia berrietan duen presentzia areagotzea. Horregatik, hileroko maiztasuna duen aldizkaria euskarri digitalean kaleratzen da argitalpenaren diseinuari aparteko garrantzia emanez eta proiektu erakargarria eginez.

Euskararen erabilera sustatzeko garrantzitsua da gazteei baliabideak eskaintzea eta helburu horrekin Ikastolen Elkarteak euskara hutsezko aldizkari digital hau sortu du, alegia, gazteek gogoko izan dezaketen euskarazko beste lanabes bat eskura izatea.

Aldizkariak hamabost sail edo sekzio ditu. Atal bakoitzaren arduraduna arlo horretan esperientzia zabala duen profesional bat da.

Berba bi. Elkarrizketarako atala. Letra Dantza. Literatura atala. Idazle baten ipuina irakurtzeko aukera dugu. Arduraduna Esti Ezkerra. Barrimusic. Musikari buruzko berriak biltzen duen atala. Gotzon Uribe arduraduna. Bertsoleku. Iñaki Iturriotz bertsolari gazteak ekartzen dizkigu bertsolaritzaren inguruko berriak edota elkarrizketak. Arteder. Esti Ezkerrak emango dizkigu antzerkia, zirkua, erakusketak….inguruko berriak. Sarean. Informatikari buruzko artikuluak irakur ditzakegu atal honetan. Arduraduna Gorka Julio. Jotajo. Agurtzane Ormatza sexologak sexoari buruzko zalantzak argituko dizkigu sail honetan. Kirolak. Sekzio honetan Jon Ordoñezek kirol desberdinei buruzko zehaztapenak emango dizkigu. Lorea. Mattinek egindako komikia. Denbora pasa: tetris, letra-zopa, simon…. Agenda. Euskalerrian dauden erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak…, denen berri izango dugu. Ikastolatik dator. Ikastolen berriak. Hemeroteka. Kontaizu aldizkariko ale guztiak bisitatzeko aukera emango digu atal honek. Lehiaketa. Ale bakoitzean hemen proposatzen den galdera ondo erantzunez gero sari bat lortzeko aukera izango dugu. .

Kontaizu parte hartzeari irekitako aldizkaria da, hau da, gaiak proposatu edo erreportaje edo elkarrizketak idazteko aukera ematen du gutunak deituriko atalean. Beraz, zure proposamenak, argazkiak edota erreportajeak bidali nahi badituzu hau da gure helbidea: gutunak@kontaizu.net.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago