Teknologia albisteak
7

Fon, mapak, Martin Varsavsky eta gu

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Astigarraga eta Luistxo Fernandez - CodeSyntax
2005-11-17 : 09:11

Ziztu batean igaro zen atzo Donostiatik Martin Varsavsky, FON enpresa proiektuaren sortzailea. Aste honetan estreinatu du Fonek gune ofiziala, deskargarako softwarea eta, besteak beste, mapen aplikazio bat, Euskal Herriko bi enpresen artean egina: CodeSyntax eta Alianzo Networks.

Zera da Fon: wifi puntuen arteko sare difuso bat, etxean interneteko banda zabala jasotzen dutenen artean osatuak, nork bere etxetik haririk gabeko routerren bidez hedatua etxeko leihotik iristen den lekura, 50 metrora edo... Boluntarioak gehitzen badira, batzuk Linus espiritu librearekin, eta besteak Bill goitizenarekin tarifatxo batzuekin banda zabal hori alokatzeko asmoarekin, sare handi bat sor daiteke, hiriz hiri. Irismena globala izan daiteke, benetan ideia puzten bada, eta erabilpen nagusiak wifi-telefonia (ia doakoa), eta konexio librea Internetera toki askotatik, doan edo oso oso merke...

Ideia marketing lotsagabe samarrarekin ari da saltzen Martin Varsavsky. Donostian ere bi ekitalditan propaganda hori agerian utzi zuen atzo.

Donostian esandakoak

Deustuko Unibertsitatean, ESTEn , egin zuen agerraldian egon ginen eta Europatik egin duen biratik apur bat nekatuta bazetorren ere, Varsavskyk komunikatzaile ona dela erakutsi zuen.

Erdi enpresa erdi GKE bezela aurkeztu zuen FON mugimendua. Ez dago argi horrela izango den azkenean, baina enpresa munduan berritzaileak diren zenbait ideia ditu inplizituki FON proiektuak.

Internet sarearen indarra hasiera hasieratik erabiltzea, blogak marketinerako, giza baliabiden kudeaketa eta aukeraketarako, edo enpresa aliantzak eta estrategiak sortzeko, esate baterako.

Jazztel edo ya.com enpresetan publizitatean gastatu zuen dirutza gastatu beharrean, gaur egun blogosferak eskeintzen dituen aukerak aprobetxatzen dituela oraingoan - hemendik 30 urtera publizitatea desagertu egingo dela iragarri zuen -, eta Internetek sareak sortu eta garatzeko aprobetxatu beharra dagoela azpimarratu zuen Varsavskyk.

Entzule baten galderari erantzunez, FON-entzat etorkizuneko bi eszenategi aurreikusten dituela esan zuen:

  • proiektuan izena ematen duten guztiek linusak badira eta, ondorioz, diru sarrera handirik ez bada lortzen, porrot ekonomiko txiki bat izango da, Varsavskyren poltsikotik ateratako miloi bat euro inguru kostatuko duena. Baina kostu horren trukean, wi-fi sarbide unibertsala lortuko da modu oso azkarrean Europa osoan. Diru askoz gehiagorekin abiatu diren beste proiektu batzuk lortu ez duten bezala. Dirurik ez dut egingo, baina hiltzen naizenean Europan wifi sarbidea bideratu zuen gizona bezala gogoratuko naute esan zuen Martinek
  • aldiz, izena ematen duen gehiengoa bill edo alienak (kanpotik datozenak) badira, proiektuak dirutza egingo duelakoan dago Varsavsky.

Bukaeran, FON mugimenduan parte hartzera animatu zuen gendea eta oso interesatuta agertu zen jendearen artean, elastikoak eta txapak banatu zituen.

Maltzurkeria ala iraultza soziala?

Benetan ideia iraultzailea eta irekia den, eztabaida dago hor, Barrapunton eta beste toki batzuetan (Sustatun ere argitaratu zen zerbait). Ez ote engainu bat, Varsavskyk berriz pelotazo bat jo dezan? Aurretik ere aberastu zen gizon hau bere proiektuekin: Jazztel telefono konpainia eta Ya.com Internet ataria. Bietan diru asko irabazi zuen Varsavskyk: enpresa bideragarriak ote diren, zalantza dago oraindik.

Enpresariaren helburua, duda barik, dirua egitea da, eta egin, egin daiteke... agian! Eta eredu ireki batekin ere gerta daiteke hori: gardentasuna marketinga da, baina baita proiektuaren esperantza: jendeak osatuko du sarea, eta jendeari onura pertsonala ekartzen dion heinean funtzionatuko du. Onurarik ez badago boluntario horientzat, ez du funtzionatuko.

Mapak egiten

Bitartean, harekin untzi honetan gabiltzanok nolatan honetan? Webdosbeta izeneko bilera batean egon ziren CodeSyntaxeko bi lagun urrian: Han aurkeztu genuena, Tagzania, interesatu zitzaion Varsavskyri, eta berak ere mapak behar zituela argi samar zegoen. Bost minutu hitz egin genuen orduan Martinekin. Mezu pare bat trukatu genituen hurrengo 48 orduetan, eta hala, beste lagun batzuekin batera, mapak egiten geniharduen konturatu orduko...

Espainiarako aplikazio bat da egindakoa (hau, Tagzania ez bezala, euskaraz ere bai hastepenetik), eta ikusiko dugu jarraipenik duen beste herrialde batzuetarako. Varsavskyrekin, Fon-ekin eta mapa hauekin, proiektu guztiekin bezala, etorkizuna irekia dago.

Informazio gehiagorako, jarraitu ditzakezu Varsavskyren blog pertsonala eta FON proiektukoa (biak elebidunak, ingelesez eta gaztelaniaz). maps.fon.com aplikazioko mapei dagokienez, probisionalak dira oraingoz... Joango dira hobetzen.

Erantzunak

Jose del Moral (Alianzo)
2005-11-17 : 09:53

Ni ustez, Fon arrakasta haundi haundia izango da. Inbertsioa oso gutxia da eta arreta asko lortu du. Garai honetan, arreta ekononmi batean, garrantzitsuena da jenderik harrapatzea. Eta Varsavsky-k oso ongi egiten ari da, Alianzo eta CodeSyntax-en languntzarekin ;-)

Sustatu
2005-11-17 : 10:13

Ordiziako IKTeroek artikulua idatzi dute haien blogean. Optimistak ageri dira.


jolaus
2005-11-17 : 11:06

IKTerook aspalditik darabilgu buruan gure wi-fia ordiziarrekin partekatzeko ideia baina ez dugu izan oso garbi nola gauzatu proiektua. Agian FONek konpondu dezake arazo hau.


Kontua da gure ikastolako bi eraikinak herriko bi muturretan aurkitzen direla eta bien arteko komunikazioa ahalbidetzeko wi-fi sistema erabiltzen dugu, teilatu bietan antena bana kokatuta ditugularik. Eraikin hauen kokapena dela eta (herri osoa dugu begibistan) gure wi-fi konexioa herri osora hedatzeko aukera paregabea dugu baina ez dakigu nola jokatu. Zuen artikulua irakurrita bi galdera otu zaizkit:


  • Ba al dago FONeko partaidea izateko aukerarik billnus moduan?. Hau da partekatu al dezaket nire wi-fia ikastolako bezeroekin (guraso eta ikasle) linus moduan eta beste guztientzat bills bezala?.Agian hastakeria da galdetzen ari naizena baina bada ezpada hor doakizue. ;-)

  • FON bezalako proiektuekin ez al dira arazoak sortuko ISP nagusienekin ("competencia desleal" edo deitzen dena erdaraz)?. Kontutan izan behar da gure inguruan Euskaltelek, adibidez, laster zabalduko duela WiMAX zerbitzua.

Luistxo Fernandez
2005-11-17 : 11:37

Sustatuko beste irakurleren batek eman diezazuke detailerik agian, baina CodeSyntax ez gara FON. Haien hornitzaile gara mapen kontuan, ez gehiago. Zuzendu zaitez haiengana beren web edo blogetik. Feedbacka eta ideiak interesatzen zaizkiela jakin badakigu.


Mikel
2005-11-17 : 17:03



Kaixo,



Ordiziar baten erantzuna duzue ba hemen. Nik MUko HUHEZI fakultateko sarea kudeatzen dut Eskoriatzan, eta zuek proposatzen duzuen horren antzekoa egiten ari gara, eta ez da behar FON bezalako ezerrez. WI-FI irrati guztiak bikoiztuta dauzkagu eta bi sare paralelo balira jarri, bata bisitarientzako (irekia) eta bestea bertakoentzako (intraneterako sarrera moduan, zirtasun maila handiagorekin). Oraindik arazo txiki batzuk dauzkagu %100ean amaitzeko, baina hor dabil.



Zuen proposamenak arazo batzuk dauzka:

- eraikuntzen arteko bi antena horiek "direkzionalak" izango dira eta oso irradiazio eremu berezia dute. Azken finean beraien helburua bata bestearekin harremanetan jartzea da, zuzen zuzenean, tartean daudenak kanpoan utziz.

- legez 100 mw baino gehiago ezin duzue emititu, bi antenen arteko harreman estutik kanpo aterata. Hortaz, ezingo zenukete horrelako zerbitzurik eman. Horregatik ibiltzen dira WI-FI duten ISP desberdinak, etxe multzoz etxe multzo horrelako antenak jartzen.



Zuek nahi duzuenerako irteera paregabea WI-MAX sistema da. Antena bakarra jarri leku onean eta 10-50 km. tarteko irradiazio eremua duzue, eta gainera 70 Mberainoko banda zabalerarekin (WI-FIak dituen irradiazio eta interferentzia arazoak gainditzen ditu, baita norberaren seinalea eta sarea babesteko sistemetan ere). Horregatik horrelako ixkanbila dago horren inguruan eta legeak atera nahi dituzte WI-MAXen zabalkundea eteteko. Gainera, kostuak WI-FIrenak baino handiagoak izanda ere, ez dira beste mundukoak (irradiazio sistema bat 1000 € inguru dabil). Egia da oraindik estandarra erabat lotu gabe dagoela eta PRE-WIMAX bezala ezagutzen dela oraintxe bertan (nahiz eta Euskaltel bezalakoak WIMAX bezala saldu). Hainbaten esanetan lege aldetik ez badizkiote hegoak mozten, sistema hau izan daiteke hedatuena munduan hurrengo urteetan. Pentsa, Ordizia osoa hartzen duzu antena bakar batekin. Gero, dagokion autentifikazio sistemak jarri eta erabiltzailearen profilaren arabera internetera edota zure intranetera sarbidea eman. Badirudi, lege aldetik ez dizutela zerbitzu publiko ematen utziko (Euskaltel moduan, ordaintzen duen edozeinentzat), baina bai zure entitateko kideentzako, bertako zerbitzuetarako sarbide gisa (interneta barne, noski)...

Bitartean WI-FIarekin bueltaka ibili beharko gara, baina hilabete batzuetako kontua izango dela dirudi.



Beno, agian gehiegi idatzi dut... Hurrengorarte.



Mikel Usabiaga Urkola

jolaus
2005-11-17 : 19:32

Bete betean asmatu duzu zein den gure egoera. Eraikinen kokapena dela eta gure konexioa gure bezeroekin partekatu nahi eta ezin. Beno ba, hilabete batzuk itxaron beharko ditugu WiMAX berria erabiltzeko moduan egon arte.



Eskerrik asko informazioarengatik Mikel. Gaiaz aldatuz, onartu behar dizut faltan botatzen ditudala ikastoletako dinamizatzaileek, orain dela urte batzuk, zurekin izandako bilera interesgarri haiek. Urte hauetan gauza asko aldatu dira baina zurekin ezagutu nituen teoría berri haiek (emirec, educomunicador...) ez dut uste errealitate bilakatu direnik oraindik gure ikastetxeetan. Lan asko dugu oraindik egiteko. Ea egunen batean aukera dugun, berriro ere, zurekin gai hauen inguruan solasean aritzeko.

Sustatu
2005-11-22 : 08:56

Varsavsky ESTEn egon zen ekitaldi berean Antonio Cancelo MCCkoa ere egon zen. Bien hitzaldien konparaketa, eta kontakizun polita ematen du Eneko Astigarragak bere blogean


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago