Teknologia albisteak

Fundamentos Web: Jendeak Interneten ez du irakurtzen, eskaneatu egiten du

Erabiltzailearen aurpegia
Maite Rementeria - Codesyntax
2005-11-25 : 00:11

Gijondik bueltan hona hemen Fundamentos Web delakoan erabilgarritasunari buruz entzun genituenak. Jakob Nielsenek bere betiko pauten errepasoa egin eta oraindik ere, duela 5 urte erabiltzaile testetan detektatzen ziren errore berdinak egiten direla azpimarratu zuen. Teknologikoki sarea asko aurreratu da, deskarga denborak askoz motzagoak dira eta erabiltzaileak ere lehen baino adituagoak dira baina oraindik ere garatzaileok errore berdinak errepikatzen ditugu:

Gehien errepikatzen diren erroreak:

Gehien errepikatzen diren erroreak:

  • Esteka bisitatuak ez markatzea.
  • Atzerako botoia desgaitzea edo leiho berri bat zabaltzea. Hala ere PDF-en kasuan, programa berri bat zabaltzen denez, zilegi da lehio berri bat zabaltzea.
  • Pop-up-ak zabaltzea.
  • Testu asko eta irudi gutxi. Hau da, edukia ez da egokia. (Gazte batzuen bideoak jarri zizkigun eta behin eta berriz irudiak botatzen zituzten faltan. Erabiltzaileetan gehiago pentsatu beharra dago. Nortzuk dira erabiltzaileak? Adina, sexua, maila soziala,... Erabiltzailean pentsatzen egindako webak egin behar dira.)

Bi izarretako erroreak:

  • Deskarga denbora luzea
  • Frameak erabiltzea.
  • Scroll luzeegia egitea.
  • URL konplikatuak

Eta izar bakarrekoak:

  • Weberako egokituta ez dauden multimedia luze eta aspergarriak sartzea.
  • Edukia mozten duen zabalera finkoa.
  • Beharrezkoa ez denean erregistroa eskatzea.
  • Kaskadan egindako menu erabiltezinak.
  • Pluginak jaistera derrigortzea.
  • Mugitzen diren grafikoak.

Home edo sarrera orriari buruz ere aritu zen. Jendeak Interneten ez du irakurtzen, eskaneatu egiten du, letra handienetan idatzita dauden lehenengo hiru hitzak irakurtzen ditu eta bila dabilena ez badu topatzen beste norabait doa. Horregatik sarreran benetan garrantzitsua dena ipini behar da. Zer azpimarratu nahi dugun erabaki eta hori bakarrik ipini.

Galdera erantzunen tartean egoera nahiko deseroso bat sortu zen aurreko egunean: irisgarritasunari buruz aritu zen John Slatin hizlari itsuak komentario bat egin eta Nielsenek irisgarritasunak dirurik ematen ez zuela erantzun zionean.

Hala ere, Nielsen izan da hizlari guztietatik gehien gustatu zaidana bere xelebrekeria, keinu, melenita orraztu-orraztu, jaka horroroso, gerriraino igotako praka eta tik guztiekin.

Zeldman entzuteko aparteko ilusioa neukan. CSSekin lanean hasi nintzenetik bera izan baita maisua baina, Nielsen ez bezala, oso hizlari txarra da Zeldman. Ideia batetik bestera salto egiten zuen logika handiegirik gabe eta ez zuen asmatzen gauzak ondo azaltzen. Hala ere hona hemen esandako batzuk:

Edukia (HTML) eta diseinua (estilo orriak edo CSS) bereiztu beharra dago. Horren abantailak:

  • Gunea errazago eguneratuko dugu eta dinamikoagoa izango da.
  • Errazago diseinatzen da.
  • Gunearen mantenua eta berdiseinua, tokatzen denean, merkeagoa da.
  • Frustrazio askoz guxiago sortzen dizkio erabiltzaileari dena askoz errazago topatzen duelako.

Guzti honek webgunearen garapena asko merketzen duenez, aurrekontuaren zati bat eduki hornitzaile batentzako edo ilustrazio edo eta argazki batzuk erosteko erabili ahal izango dugu.

Kode garbi eta markatze semantikoaren alde ere hitz egin zuen, eta honek bilatzaileei eta irisgarritasunari egiten dion mesedeaz. Google da erabiltzaile itsu garrantzitsuena.

Explorer 7.0ri buruz ere hitz egin zuen eta behin betiko estandarrak jarrai ditzaten Microsoftekin egindako bileretaz, baina ez zigun ziurtatu oraingoan ere hanka sartuko ez dutenik.

Nolabait laburbilduz. Webgintzaren hiru oinarri nagusiak estandarrak, erabilgarritasuna eta irisgarritasuna direla esan dezakegu. Web erabilgarriak egiteko berebiziko garrantzia dute erabiltzaileekin egindako testak. Erabiltzailean pentsatuta diseinatu beharra daukagu. Bestalde, abenduaren 31tik aurrera, legez, gobernu erakundeen webgune guztiak irisgarriak izan behar dira. Datorren urtetik aurrera modako berba bihurtuko da irisgarritasuna erabilgarritasunarekin batera. Webgune erabat irisgarriak egitea zaila bada ere, estandarrak erabiliz eta erabilgarritasunari erreparatuz hurbil ibiliko gara.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago