Teknologia albisteak
22

Playa Grisen ez dago olaturik...

Erabiltzailearen aurpegia
Baleike - Baleike Kultur Elkartea
2006-02-15 : 13:02

Azkenaldian fama hartzen ari da Zumaia eta Getaria artean batzuek “Playa Gris” deitzen dioten tokiko olatua. Atzo izandako istripuaren ondoren, gainera, medio askotan atera da “Playa Gris” edo “Hondartza griseko” olatuaren berri. Horren aurrean, baieztapen bat egin nahiko genuke: Playa Grisen ez dago olaturik... Playa Grisik ez dagoelako.

Gai honek lehendik ere kezka sortu zuen (ikusi hemen) eta orain, komunikabide guztietan azaldu denean, areagotzen ari da (ikusi hemen). Kontua da “Playa Gris” izena bertan aritzen diren surflariek jarritako izena dela, besterik ezagutzen ez zutelako. Baina toki horrek badu jatorrizko toponimoa, eta horri eutsi nahi genioke zumaiarrok: gure "zaharrek" leku horri "planeixa", "planeiya", "planeidxa" deitzen diote (“Planeria” idatziko genuke), eta ez legoke gaizki izenari eustea.

Erantzunak

Josu
2006-02-15 : 16:38

Hasi dira zuzenketak egiten. Surfisten erreferentziakoa den www.alaplaya.com webgunean zuzenketa onartu eta aurrerantzerako jatorrizko izenen erabilera aldarrikatu dute.


Luistxo
2006-02-16 : 09:25

Orrua esaten zaion ingurua... toki bera da? Errebolloen haztegia dagoen leku hori, Azkizu azpian. Barkatu oso ezjakina badirudit, baina jakinmina dut. Eskerrik asko.


Felipe
2006-02-16 : 11:07

Nik dakidanez, Getarian behintzat, betidanik Orrua deitu izan zaio kurba horretan dagoen hondartzatxoari

erdikotrontzo
2006-02-16 : 12:31

Bi gauza desberdin dira Orrua eta Planeria.

Azkizuren azpikoa, errebolloen haztegia dagoen errebuelta hori, "Orrua" da ("Orroaga" idatzita).

Planeria dago Getaria alderago, Izustarri eta Kamineroen artean.

Zumaiatik Getariarako errepideari jarraituta, honela izango litzateke:

Zumaiako Santiagoko hondartzaren ondoren, tunel bat pasa beharra dago, eta ondoren eskuinaldera bihurgune bat hartzen da. Bihurgune horretatik aurrerakoa Orrua (Orroaga) da.

Errepideak arku handi bat egiten du. Arrain-haztegia-eta pasata, bihurgune bat dator eskuinaldera. Hori Izustarri muturra da (surflariek "Rocaputa" deitzen diotena). Hor zuzen luze bat hasten da, ia kaminero-etxeraino doana. Ba, hori da Planeria.

Harraldean, haitzetan, harri asko zapalak edo planoak dira eta hortik omen dator izena.

gorka
2006-02-16 : 12:36

Orrua, Izustarri (Roca Puta ditxosozkoa) eta Planeixa (Playa Gris malapartatua) kilometro bateko tartean Zumaia eta Getaria arteko kostaldean dauden hiru leku dira. Zumaiatik aterata, erreboiloen haztegia dagoen bihurgune hori da Orrua. Handik 300 metro dagoen eskuinerantzako bihurgunea, Izustarri muturra; eta Izustarritik aurrera, Kamineroen aldapara arte, Planeixa. Gertu daude, baina hiru leku (eta olatu) ezberdin dira.

Hernaria
2006-02-16 : 13:29

Baina surflariak kurba handi horretan ibiltzen dira, beraz Orruan (Orreagan) ez?

gorka
2006-02-16 : 14:08

Surflariak hiru lekuetan ibiltzen dira. Izustarrin eta Planerian askoz gutxiagotan, batetik, baldintza berezitan bakarrik altxatzen direlako olatu egokiak, eta, bestetik, oso arriskutsua delako leku horietan sartzea. Izustarriri zerbaitegatik esaten diote roca puta, eta Planerian Amatriain eta Agote izan dira lehenak, uretako motoaren laguntzarekin.

Luistxo
2006-02-16 : 16:27

Emandako azalpenekin, mapa sortu dut Tagzanian.
Asmatu izana espero dut. Bestalde, horien gain-gainean dagoena Azkizu bada, Getariako udalerriaren terrenoa, behekoa Zumaia da?


gorka
2006-02-16 : 16:59

Getariako udalerriaren mugak Zumaiako Santixo hondartzaraino iristen dira. Zehazki-zehazki ez dakit noraino, baina Zumaia irteeran dagoen tuneletik aurrera dena Getaria dela ziur. Zumaia aipatzen ari da egunotan erreferentzia bezala, berez aipatutako lekuak Zumaiatik gertuago daudelako. Baina getariarrak haserretu baino lehen, bakoitzari berea. (dena den, egoskor jarrita, olatuak ez daude ez Zumaiako ez Getariako lurretan...).



zumaiar bat

Hernaria
2006-02-17 : 10:03

Getariarrok ohituta gaude horrelakoetara. Garai batean Balduino eta Fabiolaren argazkia agertzen zen kukumuxu aldizkarietan Getariako portuan euren itsasontzian sartzen, eta azpian horrela zioten: "Los reyes de Bélgica atracando su yate en el puerto de Zarauz"...

Klaudio
2006-02-17 : 14:36

Aldiz, zumaitarrek Zumaian putetxerik ez zegoela zioten, Santixoko hondartzan zegoena Getariako lurretan zegoelako :-)

Jabi
2006-04-15 : 17:25

tira, argi geratu zelakoan... Gaur Teleberrin berriro Playa Gris esan dute. Baina noski, ikusita daukagunez, hauek ez dute Sustatu irakurtzen...

Bennat
2006-04-17 : 00:53

Eta, bada, zergatik irakurri beharko lukete? ETBko kazetariek 9 orduko laneguna (edo izango dutena) ez ezik, beste bizpahiru ordu ere eman behar al dituzte egunero sareko blog guztiak irakurtzen, badaezpada ere haientzako mezurik ote dagoen ikusteko? ETBko kazetariei zer edo zer jakinarazi nahi badiezu, bidaliezu e-postaz, edo gutunaz, edo nahi duzun eraz, eta ikusi nola akatsa ez dutela gehiago egingo, edo, behintzat, akatsik ez egiten saiatuko direla.

Jabi
2006-04-17 : 17:06

Kazetariak, berdin dio non idazten duen, informatzeko informatuta egon behar dute. Printzipio orokorra da eta sarritan horren falta sumatzen da komunikabideetan. Besteak beste Iturriak kontrastatzea eta hizkuntza egoki erabiltzea dira gauzak ondo egiteko kazetariak jarraitzen ahalegindu behar diren irizpideak, ahal duen neurrian.



Zuk diozun moduan, Bennat, kazetariak berarentzako mezurik dagoen bere postontzia kontsultatu beharko du, nork dio kontrakoa? Hala ere, blogak informazio iturri ona dira albisteak eta informazioak lortzeko.



Eta gaira bueltatuz, kazetari euskaldunak kontutan hartu beharko luke jatorrizko toponimia guztia euskarazkoa dela Zumaia inguruan, esaterako. Beraz, "Playa Gris" bezalakoak errepikatu aurretik badaude izen egokia den egiaztatzeko moduak eta ez bereziki blogetan, toponimia izendegietan baino.

Bennat
2006-04-17 : 18:20

Erabat ados, kazetariaren ardura da informatua izatea, gero besteoi informatu ahal izateko. Baina gauza bat izan behar dugu kontuan, sarean blog ugari dagoela, eta euskal blogosferan badagoela blog handi, garrantzitsu eta interesante asko. Beraz ezin dugu haientzako mezu bat idatzi irakurriko dutelako esperantza izanik. Hain zuzen, blog asko dagoelako, eta sinetsi azken egunotan hiru orritan bederen ikusi dudala nola ETBko langilei leporatzen dieten euren blogak ez bisitatzea.



Nire kritika ez da izan Playa Grises erderakada hutsa zuritzeko, akats galanta delako eta, bai, berdin deritzot eta arrazoi osoa duzu: euskal topografia jakin beharko lukete. Baina nire aurreko mezuak lehenago aipatu dudan ildoan du sorburua, hau da, ezin diegula leporatu sustatu ez dutela irakurtzen. Iturriak kontrastatu behar dira noski, baina horrek ez du esan nahi sareko webgune eta blog guztiak irakurri behar dituztela, eta gainera goitik behera. Jai izango lukete!

Jabi
2006-04-17 : 20:27

Aizu Bennat, ez dut ETB eta EITBren inguruan gehiago jardun nahi, azkenean emango baitu tematuta gaudela eurekin. Ez, baina eztabaidetan argudioak ematea gustatzen zait. Feedbackerako bide ofizialak bertan topatzen ez direnean eta daudenak eraginkorrak ez direnean normala da norberak eskura duen bozgorailua erabiltzea (blog pertsonala edo Sustatu edo...).



Feedbackaren kontua asko erraztuko luke bidea errazteak eta horretan Radio Euskadiren foroak aipatu nahi nituzke, ekarpen positiboa oso (eurek ere asko elikatzen dute irratia hortik, beraz zentzu bitan irabazle ateratzen dira). Gainera horrela frogatu nahi nuke ez nagoela inoren kontra. Azkenaldion idatzi ditudanak-dituztenak (eta horrexegatik etorri zara zu defentsa egitera) ez dira eraso moduan ulertu behar, eraikitzeko, eragiteko baino. Uste dut hori ere azaldu dudala blogean nahiko argi.



Baina gertatzen da internauta asko aspaldion nahiko erreta daudela EITBk sarean saretik kanpoko ajeekin jarduten duelako, askoz egokiago jardun zezakeenean. Egia da ezin dugula egunero dena irakurri, ezta blog guztiak ere. Baina "Sustatu noizean behin" ez da "blog guztiak egunero" irakurtzea. ETA irakurrita ere ez bada hori gero islatzen? Ez badira offlineko informazio errutinetatik irteten, ez bada hori gero informazioetan igartzen, ez dugu askorik aurreratuko.

Baleike Kultur Elkartea
2006-04-18 : 13:17

Neurri batean arrazoi duzu, Bennat, kazetariek denera iristea ezinezkoa dutela esatean. Halere, kontua da Baleike kultur elkartekook prentsa-ohar bat prestatu eta hedabide garrantzitsuenak jakinaren gainean jarri genituela, EITB tartean zela, noski. Diario Vascok, gutxienez, "también denominada Planeixa" jartzen du. ETBn hori ere ez.

Josu
2006-04-18 : 15:59

Nik aurrekoan Ibon Amatrainei buruz hitz egiten entzun nuen Gaur Egun-en, eta han Planeixari buruz aritu ziren.

Badirudi ETBko kazetarien artean ere ez dutela erabakia hartuta, beraz, euskara arduradunari dagokio hori finkatzea ezta?

Bennat
2006-04-18 : 23:18

Hedabideak ohartarazi badituzue isildu egingo naiz horren harira, egin beharreko lana egin baituzue, baina Josuk dio ETBn Planeixa entzun duela inoiz, ta orduan ez dakit zilegi izango den akatsari zalaparta ematea eta ondo egin dutena isilaraztea. Ez gaitezen hain tematsuak izan, denon osasunaren onerako.



Bestalde, badut galdera egiteko, erantzuna jakin ez dakidalako, eta ez zaurian ozpina bota nahi dudalako. Zein da hondartza horren izen ofiziala? Ez diot jatorrizkoa, ezta izen euskaldunena zein den, baizik eta ofiziala. ETB erakunde publikoa delako aitzakia oso gustuko dute batzuek kritika erraza egiteko, baina talde hori publikoa da denerako, onerako eta txarrerako. Hau da, hondartzaren izen ofiziala Planeixa ez bada, ezin dute hala esan gustuko ala ez gustuko (eta, bestalde, izen ofiziala ez da Euskaltzandiak dioena, tokian tokiko udalek adosten dituztenak baizik, ez luke hala izan behar, baina tira, beste kontua da). Benetan diozuet, galdera egin dut erantzuna jakin ez dakidalako, baina baliteke behin hura jakinda kontua argiago ikustea, ildo batetik edo bestetik. Niri behintzat lagungarri izango zait erantzuna ezagutzea, iritzia aldatu behar dudan ala ez ikusteko.



Bestalde, Jabi, uste dut ez garela inoiz elkar ulertuko zentzu honetan. Zuk uste duzu kazetariek (berdin dio hedabidea) sustatu bisitatu behar dutela halabeharrez. Berdin dio egunean behin, astean behin edo hilabetean behin, baina "Sustatu noizean behin" ikusi behar dutela behintzat uste duzu. Ni Interneteko erdigunea bilaka, eta hara non dagoen, sustatun! Ez erabili-n, ez eibar.org-en, ez blogari-n, ez sarean-en; sustatu-n da erdigunea! Guztiak gainbegiratu beharko lituzketela esango didazu seguru aski, edo feedbacken betiko kontuak, baina orduan nere aurreneko galdera errepikatuko dizut, kazetariek (eta berriz diot, berdin dio hedabidea) sare osoa arakatu behar al dute? batak edo besteak zer esango duen zain egon behar al dira? Orduan zein webgune bisitatu behar dituzte? Zeuk esandakoak? Ze webgune dira kazetarien arreta merezi dutenak eta zeintzu ez? Nire iduriko oso interesgarria da sustatu, eta sarritan sartzen naiz hemen, oso gustora gainera, baina ez dut uste handikeriekin egon behar zaretenik, azken txanpan munduko zilborra dela uste duen blog asko ikusi baitut.



Tira, barkaidazue guztiok atrebentzia, sinetsi ez dudala asmo txarra, baina norbaitek egin behar du deabruaren abokatuarena. Love ande peace!



Bennat Irigoien

Joan
2006-04-19 : 00:39

Adarretatik joan gabe arazoa da bai EITBk bai gaztelaniazko komunikabideek orokorrean ez diotelako inolako errespeturik ez euskarazko jatorrizko toponimiari ezta toponimikoen grafia ofizialari. El Correo-k "Vizcaya" idazten duen herri hontan mediak ez du oraindik onartua Barakaldo, Zierbana, Santurtzi, Gipuzkoa edo Bizkaia direla hitz ofizial bakarrak. "Gipuzkoa Donostia Kutxa" berak erabili egiten du "Guipúzcoa" gaztelaniazko bertsioan, hain zuzen ere ofizialki existitzen ez den grafia batean.

Kazetariek betebehar profesionala dute arlo hontan, eta ez badira gai EHko geografia ezagutzeko edo ez dakitenean galdetzeko, eskolara bueltatu beharko dute.

Beste kontu bat da EITB-k eduki beharko lukeen filtro bat (beste gauza batzuetarako hain argi aplikatzen dutenaren antzekoa) edo arduradun bat berebiziko arlo hau behar den bezala errespetaraziko eta homologatuko duena.

Nik ere galdera bat: zenbat ordu iraungo luke edozein herritako komunikabide estatalean bertako geografiaren ezezagutza sakona erakusten duen kazetari batek?

Zenbat ordu iraungo luke TV3 katean Palacio San Jorge edo Nuevo Campo terminoak erabiltzen dituen kazetariak?



Baleike kultur elkartea
2006-04-19 : 13:05

"Bestalde, badut galdera egiteko, erantzuna jakin ez dakidalako, eta ez zaurian ozpina bota nahi dudalako. Zein da hondartza horren izen ofiziala? Ez diot jatorrizkoa, ezta izen euskaldunena zein den, baizik eta ofiziala"



Ezagutzen dugun neurrian erantzuten saiatuko gara, Bennat. Hasteko, hor ez dago ez hondarrik, ez hondartzarik; haitzak eta harri zapalak, besterik ez. Horrek, gure ustez, are eta zentzu gutxiago ematen dio "Playa Gris" izenari. Bestalde, guk dakigula toki horrek ez du izen ofizialik. Getariako lurretan dago gunea, baina herriko mapa toponimikoan ez zaio izen berezirik ematen. Uste dugu "ofiziala" izateko ezinbestekoa dela izen-zerrenda bat udalbatzan onartzea eta ez dakigu Getarian horrelakorik egin ote den.



Guk Zumaiako toponimia aztertzen aritu diren batzuei egin genien kontsulta eta esan ziguten toki horri arrantzaleek "Planeixa" deitzen diotela, harri edo haitz lauak daudelako. Iruditzen zaigu egun batean forma hori "arautu" beharko balitz Euskaltzaindiaren irizpideen arabera "Planeria" idatzi beharko litzatekeela. Planeria ala Planeixa, Hondartza Grisa baino egokiagoak biak ere, gure ustez.



Ofizialtze kontu horretan, ordea, getariarrena da hitza!

Jabi
2009-11-24 : 22:10

3 urte beranduago, "marmotaren teleberria" ikusten dugu, toponimiari dagokionez, berriro Playa Gris gora eta behera Teleberrin...

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago