Teknologia albisteak
3

Idazkuntza lantegia: Moodlerekin esperientzia bat AEKn

Erabiltzailearen aurpegia
Andoni Tolosa - Andoniren bloga Karrajua.org-en
2006-10-20 : 09:10

"Azken hilabeteetan MOODLE inguruan dabilen ingurumaria dela eta interesgarria iruditu zaigu AEKn azken lau urtetan garatu dugun esperientzia baten berri ematea. Uste baitugu gure ibilbidea argigarri eta lagungarri gerta daitekeela honetan hasi nahi duen edonorentzat." Hala hasten du artikulua Andoni Tolosak Karrajua-n ireki duen blog berrian. Hona ekarri dugu hango Creative Commons lizentzia libreari esker.

Badira urte batzuk AEKn MOODLErekin lan egiten hasi ginela eta hasieran internet bidez ikastaroak sortzeko soilik baliagarria gertatzen zen tresna, ezagutu eta erabili ahala, askoz ere emankorrago eta erabilgarriago gertatu zaigu. Balizko on-line ikasleei bideratutako Ikastaro pilotu batekin hasi ginen; Idazkuntza lantegia eta poliki-poliki bestelako zereginetarako erabili dugu barne komunikazio tresna bezala eta barne formaziora begirako ikastaroen eskaintza zabaltzeko, besteak beste. Denborarekin, praktikarekin eta hausnarketarekin konturatu gara, beste askori gertatu zaion moduan, hasieran oso modu murritzean aurreikusi genituela programa honek eskaintzen zizkigun aukerak, nolabait gutxietsi genuela MOODLek gure jardunari ekarri ziezaiokeen onura.

Idazkuntza lantegiaren bilakaera izan daiteke aipatutakoaren adibide nagusia. Hasieran, HABEk internet bidezko ikastaroak garatzeko emandako diru laguntzen baitan sortua, gure proiektua garatzeko programa informatiko egokienaren bila abiatu ginen. Ezaugarri nagusi bat behar zuen erabiliko genuen programak, erraz manipulatzeko modukoa izan behar zuen ezagutza informatuko gutxi zeukan edozein irakaslerentzat, halakoxea baitzen egitasmoaz arduratutako irakaslearen egoera eta HABEk emandako dirulaguntzaren tamaina. Beste era batera esateko, ezin genuen, eta era berean, ez genuen nahi, diru truke, gure egitasmoaren neurriko programa osatuko zigun enpresa batengana jo.

Lehen bistadizoan ezaugarri horietara primeran egokitzen zen MOODLE (ez dakit nork, ez dakit nori, ez dakit non irakurritakoa kontatuta jaso genuen haren berri). Software librea zen, erraz manipulatzeko modukoa eta, batez ere, erraz ulertzen zen haren oinarrizko funtzionamendua, beraz, erraz azaldu geniezaiekeen ikasleei. Hau poza, hasi gintezkeen lanean.

Emozioak, ziurrenik, apur bat itsutu gintuen, ordea. Gure eskemak ez ziren teknologiak adina arin aldatu eta, ikusiko duzuen moduan, MOODLEk duen baliorik nagusienak alde batera utzi genituen. Idazmena lantzeko hainbat material egokitu, digitalizatu eta sareratzea izan zen gure lehen lana. Uste genuen aski izango zela hori internet bidezko ikastaro arrakastatsua gauzatu ahal izateko; eskura genuen materialik txukunena sareratzea.... Bi akats nagusi zeuden planteamendu horren baitan, ikastaroaren lehen esperimentazio faseak laster batean erakutsi zigun, alde batetik, ez dela aski materiala euskarri berri batean eskaintzea, nahiz eta, material oso aproposak izan, ez badituzu hasieratik kontutan hartzen ikastaro birtualek dituzten ezaugarri nagusiak. Bestetik, ez zegoela parekatzerik material guzti hori txukuntzen eman beharreko denbora eta lortutako emaitzak. Nahiko saiakera frustrantea izan zen hura. Baina, besterik ez bada, programaren barruak eta aukerak nahiko ongi ezagutzeko parada eman ziguna.

Eskerrak esperimentazio fasean geunden! Ez genuen hanka gehiegi sartu. Hurrengo saiakerari begira dagoeneko zintzilikatuta geneuzkan edukiak ezin genituen zaborretara bota, hainbesteko lana egin eta gero! Hori bai, moldatu eta osatu beharra zeuden eta haietan nabigatzeko aukera eman zezakeen ibilbide "estandar" eta tutorizatua gehitzea bururatu Logoazitzaigun. Horrela, bagenuen bestelako edukiak, bat batekoagoak, erakargarriagoak eta, batez ere, bestelako lanketak (moldatuak edo berriak) eskaintzeko aukera, ordura arte bildutakoari muzin egin gabe, gainera. Eduki guztiahaldunen "diktadura" hautsi eta unean uneko edukiak, laguntza, aholku edota dena delakoak luzatzeko aukera genuen horrela. Gure lehenengo ikasgaia; MOODLE ez zegoen hainbat sistema "adituen" moduan irakasle/ tutore/ aholkulari/ dinamizatzaile/ moderatzaile/ editorearen lana ordezkatzeko prestatua, haren lana osatu, erraztu, eta ezaugarri jakin batzuetara egokitzen laguntzeko, baizik. Horrelaxe eskuratu genuen hasieran ihes egindako ideia garrantzitsuenetako bat.

Bigarren saiakera honetan emaitzak gazi gozoak gertatu ziren. Asko aurreratu genuen hainbat alorretan; errazagoa eta jarraikiagoa zen ikasle eta tutorearen arteko komunikazioa, lan egiteko moduak egokitzeko era zegoen, zehatzagoa zen lanaren jarraipena, ikasleek ongi baloratutako eduki osagarri mordoa gehitu genuen... Idazkuntza lantegiak ikastaro osatuaren itxura hartu zuen, azkenean! Baina, horrekin batera, kezkagarriak ziren hainbat datu jaso genituen. Lehenik eta behin, ikasleen lan jarduna izugarri murrizten zen ikastaroak aurrera joan ahala, aspertu edota nekatuko balira bezala (badakit hori oso fenomeno arrunta dela on-line burutzen diren ikastaroetan) eta ondorioz abandonu tasa izugarria zela ikasle horien artean. Datu hauen inguruan hausnartzen ari ginela ohartu ginen, oso ideia sinplearen ondorioz, ez zela aski, ikaslearen arrakastari begira, ikasle eta tutorearen arteko harremana ziurtatzea ez bazen harekin batera ikasleen arteko elkarreragina bultzatzen edo ahalbideratzen. Hau bai hanka sartze borobila, soziokonstruktibismoan oinarritutako programa ikasleen arteko elkarreragina bultzatzen ez duen ikastaroa bideratzeko! Orain ikusita, astakeri hutsa dirudi, baina, horrela ikasten omen da...

Ikastaroaren hirugarren eskaintza egiteko, publikoa egiten zen lehena, ikasleen arteko elkarreragin hori bideratzea izan zen gure ardatz nagusia. Hori sinpleagoa gertatu zen, MOODLEk horretarako hamaika tresna eskaintzen baitu, mutur aurrean eduki, baina, ezjakintasunagatik, erabili ez genuen hainbat tresna; foroak, txatak, wikiak.... Tresna horiek tutorizatutako programazioan integratzeaz gain, ikasleen arteko elkar ezagutza bideratzeko hainbat estrategia garatu genuen; taldeak sortu, lan komunak bideratu, etab...... Ikasleen emaitzak eta jarraipena dezente hobetzeaz gain, hiru hilabete iraun zituen ikas komunitate txiki eta bizi bat sortu zen. Posiblea zen gure ikastaroari bizitza ematea. Orain badakigu, hasieran ihes egin ziguten ideien artean hauxe zen garrantzitsuena; ezagutza eraikitzeko nahitaezkoa da elkar eragina, baita, edo, batez ere, internet bezalako tresna batekin ari zarenean. Aurtengoa izango da ikastaroarekin ematen dugun laugarren urtea eta "komertzialki" eskaintzen dugun bigarrena eta oraindik hobetzeko asko badugu ere uste dut bide onetik gabiltzala, hurrengo urratsen nondik norakoak a eta emaitzen berri emango dugu hemendik aurrera. Gure asmoa ikasleen lanak eta 2.0 jarreren ikuspegitik bideratzen hastea da. Dena den, norbaitek idazkuntza lantegia gaur egun zertan den begiratu nahi badu aski du IDAZKUNTZA LANTEGIRA jotzea eta gonbidatu gisara sartzea, horrela askoz ere argiago ikusiko baitu orain arte azaldutakoa.

Espero dut gure esperientzia beste norbaitentzat baliagarri gertatzea, eta hasi berriei gure akats berdinak burutu ez ditzaten argibide xume baina argiak ematea. Bide batez, esan, biziki estimatuko ditugula zuen ekarpenak. Eutsi goiari eta MOODLE erabili.

Erantzunak

Ainhoa Ezeiza
2006-10-20 : 13:05

Mila esker, Andoni, hau dena kontatzeagatik, esperientzia paregabea da, erreferentzia gisa erabili behar duguna.



Niri agian alderantziz gertatu zait: ikasleei lan kolaboratiborako proposamena egin diet eta batzuek ihes egin didate nahiago zutelako bakarka ordenagailu aurrean ibili ariketak egiten eta kitto. Baina jakin badakit denbora kontua dela: gero eta gehiago dira etxean ADSL konexioa dutenak, gero eta gehiago txateatzen dutenak eta foroetan idazten dutenak (hasieran espero genuen baino polikiago badoa ere). Orain tresna hauekin lanean ari garenoi kosta egingo zaigu ikasleak aurrera eramatea, baina ez dut zalantzarik Moodle-ek ematen dituen elkarreraginerako tresnei etekina atera behar diegula, benetan ikaskuntza-prozesuaren "kate-begi galdua" aurkitu dugula uste dut. Wikiak, blogak, glosategi konpartituak, foroak, txatak... nire hizkuntza-irakasle eskarmentuan hauen beharra sentitu izan dut artean asmatu gabe bazeuden ere. Ikaskuntza-komunitateetara irits gaitezke Moodle mugimenduari esker.



Eta mugimenduaz ari garelarik, han eta hemen erronka botatzen ari naizenez, noiz hartuko dugu formatzaileok informatikariek aspaldi hartu zuten bidea? Alegia, noiz hasiko gara edukiak elkarrekin sortu eta liberatzen? IKTeroak eta EHUkook lehenengo urratsak ematen ari gara EGA mailako ikastaro oso eta osatu bat diseinatzen hasteko, ondoren liberatzeko. Beste inor animatuko litzateke? Eta gauza bera egingo bagenu beste maila batzuetan? Animatuko zinatekete Moodle-en elkarrekin lan egin eta oinarrizko ikastaroak sortzera?



Erronka botata dago, guk jarriko dugu elkarlanerako Moodle instalazioa, zuk ideiak? ;-)

Karrajua.org
2006-10-23 : 16:12

Andonik Karrajuan erantzun dio proposamenari. Hemen erantzuna.

Karrajua.org
2006-10-23 : 21:52

Okerreko link-a sartu dut lehen. Hemen zuzena.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago