Teknologia albisteak
4

Uliako kantilak izorratu nahi dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Rafa Saiz Elizondo - Donostia
2006-11-10 : 14:11

Azken egunotan Gipuzkoako prentsak argitaratu duenez, Donostiako udalak "pasarela" bat eraiki nahi omen du Uliako labarretan, Saguestik Monpaseraino. Horretarako, alde batera utzi dituzte ingurune hori babesteko eta zaintzeko dauden araudi guztiak, udalarenak zein beste hainbat erakunderenak.

Uliako kantilak. Donostia inguruko gune naturaletan ongien kontserbatutakoa. Hainbat animalia eta landareren bizileku aparta, eta batzuen kasuan, azkena. Eusko Jaurlaritzak Europako Natura 2000 sarera biltzeko aukeratua, proposatua eta Europako Batasunak, proposamena onetsirik, bere zerrendetan sartua (PDF). EAEko Itsas Ertza babesteko Lurralde Planak (PDF) ere zorrotz eta berezi babesteko agindua emana. Donostiako Udalak berak egindako Plan Bereziak, 2003ko uztailean onetsia, erabaki horiek jaso eta horietan definitutako gunea berdin babesteko erabakia berretsi zuen.

Ez dio axola. Alferrikako bihurtu nahi dute hori guztia.

Hainbat urtetan hainbat agente publiko eta pribatuk eztabaidatutako eta landutako planifikazio-tresna horiek guztiak baztertu, eta Zurriola aldeko labarren gainean oinezkoentzako pasarela bat egin nahi du Donostiako alkateak. Eta inguruan luxuzko hotela ere bai, agidanez. Horretarako, gainera, bere alderdiko Madrilgo lagunek eskutxo bat emango omen diote --13 milioi eurotik gorako eskutxoa, hain zuzen--, nork eta... Ingurumen Ministerioak berak! Nork eta bere webgunean bertan esandako guztiaren berri bildu eta eskaintzen duen eta Natura zaintzeko agindua duen Ministerioak berak!

Utikan naturaren babesa, utikan hegaztien bakea, utikan planifikazioa eta urtetako lana. Zertarako? Izan bedi dena Gipuzkoako komunikabide nagusiaren jabeen eta datorren maiatzeko boto-kopuruaren mesedetan.

Odon I.ak esana: Hiria, neu naiz.

Erantzunak

loveof74
2006-11-10 : 15:34

primerako lana. zorionak



ez ahaztu "pasarela" hori Donostia eta Pasaia herrien arteko lekuan Kirol Portua egiteko azken pausua dela. Horrela, oinez joan zaitezke supertxalupa hartzera

eneko
2006-11-10 : 16:05

Batzutan ahaztu egiten zaigu Donostian badugula euskarazko egunkari bat eta ez dugula espainola baino espainolagoa den horren beharrik.


Hemen berria


Pasabide hori ez al dute egingo!!!!


asier
2006-11-11 : 10:00

Eguzki talde ekologistak bere iritzia kaleratu du Irutxuloko Hitzan


Espainiako Ingurumen Ministerioak «hauteskundeetako oparia» egin diola Odon Elorzari kritikatu du Eguzki erakunde ekologistak. Eguzkik bere harridura azaldu du Ministerioaren jarrerarekin: «Ez genekien Ingurumen Ministerioaren lana gune naturalak urbanizatzea zenik. Batez ere, babestutako guneak urbanizatzea». Eguzkik esan zuenez, Ministerioak baditu Donostian beste hainbat lan egiteko, esaterako, Loiolako ur-araztegiak sortzen dituen usainen arazoa konpontzea. Odon Elorzaren hauteskundeetako trikimailua da, ekologisten ustez, Sagueseko pasabidea: «Orain arteko pasealekuaren 6.200 metroak ez al dira nahikoak? Zergatik Monpaseko lurmuturreraino iristeko grina hori?». Monpasetik Uliako amildegietan zehar doan bidea konpontzeko eskatu du Eguzkik.


Kutraila
2006-11-11 : 23:09



'Monpasetik Uliako amildegietan zehar doan bidea konpontzeko eskatu du Eguzkik.'



Batzuetan, beren burua ekologistatzat duten batzuen irizpideak jainkoaren designioak bezain insondableak begitantzen zaizkit.



Gune naturalaren ertzean pasarelarik egiterik nahi ez, eta haren ERDI-ERDIAN, hegaztien kolonia zeharkatzen duen obra bat egin dezatela eskatu??? Zertaz ari gara??? Txoratu al gara, edo???



Kutraila

Erantzun

Sartu