Teknologia albisteak
1

Abenduak 13: Ed Freyfogle eta Iban Zaldua Sustaturen urteurren jaian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2006-11-29 : 11:11

Bi gonbidatu berezi ekarriko ditugu Sustaturen urteurren jaira abenduan, hitzaldi kontzentratu parea ematera (labur, baina trinko eta mamitsu). Ed Freyfogle Yahooko bilaketa arduraduna izana, eta Iban Zaldua, 2006. urteko Euskadi literatur sariduna. Sustaturen urteurren ekitaldia abenduaren 13an izango da, Arrasateko Kultura Etxe berrian, Klaustroan, aratsaldeko 18.30etan.

Ekitaldiko egitaraua itxi gabe dugu oraindik, baina bere osagarri nagusiak hauek izango dira:

Hitzaldi laburrak eskatu dizkiegu gonbidatu berezi hauei. Internet eta... gaur egungo bizimodua? Ez, ez diegu gidoi zehatzik eman. Internet eta haiek nahi dutena. Bost urtez Interneteko euskarazko aktualitatearen ispilu izan den medioaren urteurrenean, hausnarketarako aukera emango ziguten zertzelada batzuk jaso nahi genituen, eta hizlarien pertsonalitateek eta ibilbideek horretarako bide emango diguteko uste dugu.

Ed Freyfogle ingeniari estatubatuarra da, eta Londresen bizi da. Interneteko Lokku konpainiaren fundatzailea da Javier Etxebeste euskaldunarekin batera. Nolabait, Lokkuren oinarri teknikoa da Freyfogle, eta beren produktua, Nestoria, etxe-bilatzaile britainiarra, web 2.0 delako aplikazio multzo horretan Europan egin den saio sendoenetakoa. Nestoria egin aurretik, Overture bilaketa enpresaren Erresuma Batuko arduraduna izana da, eta Yahoo-ko Europako bilaketa zerbitzuen burua. Yahoo-ko Europako unitate horretan, Londresen, ezagutu zuen Javier Etxebeste, berau hango zuzendari zela, eta hurbiltasun hartatik sortu da gaur egun duten partaidetza.

Iban Zaldua historia irakasle eta idazlea da. Donostian jaio zen eta Gasteizen bizi da. 2006. urteko Euskadi Literatura saria. Teknofobiari ihes egiten dion intelektual gutxienetakoa (tira, teknofobia gero eta urriagoa da, esan dezakegu), literaturan ipuinak idatzi izan ditu batik bat, eta euskaraz zein gazteleraz argitaratu ditu bildumak. Interneten, Volgako Batelariak blogaren sortzailea da, beste lagun batzuekin batera. Han botatzen dituzten harrikadak ikusita, auskalo zerekin etorriko zaigun Sustaturen urteurrenera.

Hitzorduan, abenduaren 13an, asteazkenarekin, Arrasateko Klaustroan. Izatez, areto hau ez da oraindik ofizialki inauguratu, baina Arrasateko Udalak begi onez hartu du bertan biltzeko egin diogun eskaera, eta biziki eskertzen diogu abegitasun hori. Frantziskotarren eliza eta konbentuko Klaustroa da lekua, guztiz zaharberritua dago, eta estalia ere bai. Ekitaldirako, wi-fi sare bat ere izango da bertan, ordenagailuarekin bazatoz, bertatik bloga elikatu ahal izateko.

Sustatuzaleok: gonbidatuta zaudete. Zatozte. Bereziki, animatu aurretik blog mezuren bat lehiaketara aurkezten, eta iPod bat ere lor dezakezue gure jaitxoan.

Erantzunak

matx
2006-11-24 : 12:51

Jopelas!! Ze ideia ona sustatutarrok euki dozuena!!!

Ba bartzelonatik ez dot juaterik izango, baina inbidixaz gelditxuko naiz.

Ondo pasau nere partez!!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago