Teknologia albisteak
17

Josu Juaristik "Gaur8" izeneko argitalpen berria iragarri du bere blogean

Erabiltzailearen aurpegia
xuriken - GARA
2007-03-05 : 14:03

Josu Juaristi GARAko zuzendariak bere bloga jarri du gaur abian. "Komunikazio aktiboa sustatu nahi dugu, irakurle aktiboekin batera, teknologia berriek eta komunikabide digitalek eskaintzen dituzten aukerak baliatuta", jakinarazi du. Bertan zintzilikatu dituen lehenengo bi mezuetan, datorren larunbatean argia ikusiko duen proiektu berri bat iragarri du. "Gaur8" du izena eta martxoaren 10ean argitaratuko da estreinakoz, euskara hutsez.

"Hitzordurako gonbitea egin genizuen asteburuan GARAko orrialdeetatik, eta hemen naukazue, hitza eman asmoz eta neurea eskuragarri jartzeko gogoz, ezer gera ez dadin ukitu gabe, jorratu gabe", adierazi du Josu Juaristik bere blog berritik. (www.josujuaristi.com).

"GARAn egiten hasi garen berrikuntza guztien berri luze eta zabal emateko, gure hausnarketa, helburu eta asmoen berri izan dezazuen. Eta, nahi baduzue, horiei buruz dituzuen iritziak helarazteko aukera eta tarte zuzenagoa izan dezazuen. Horregatik jarri dugu martxan blog hau, komunikazio desberdina sortzeko, zuen ahotsari beste bide bat irekitzeko", gaineratu du kazetari azkoitiarrak.

Josu Juaristik esan duenez, «orain dela hilabete sorpresatxo bat iragarri genizuen, udaberria baino lehenago gauzatuko zena… eta sorpresak badu, dagoeneko, izena eta izana: "Gaur8".

GARAk euskararekiko duen konpromisoa indartu nahi du, eta papera eta Internet uztartu eta aberastuko dituen proiektu periodistiko eta komunikatibo berria abiatu.

Aste honetan zehar proiektu horri buruzko xehetasunak emango dituela agindu du GARAko zuzendariak. Eta eguna jarri dio hitzordu berriari: larunbata.

Erantzunak

H. Etxeberria
2007-03-05 : 19:34

Bai, kontuz ibili GARAko horretarako zer idazten duzuen. Neuri dagokidanean, GARA izan da kolaboratzailetzatik sekula "bota" edo "kendu" nauen bakarra. Hitz politekin, hori bai, sekula egin ez zuten eraberritze orokor bat erabili baitzuten aitzaki. Alabaina egia da Josu Juaristi eta euren guztien eskubidea ere bazela hori egin eta ni bezalako iritzi-emale "diskrepante" edo "politikoki ez zuzen bat" kaleratzekoa. Horretarako da eurena GARA, akabo ba! Kontua da, ordea, GARA sortu berriari "irekitasun" bat emateko izan nintzela deitua, eta horrexetan saiatu nintzela, batez ere, erratuak izan zitezkeen arren, ustezko terreno aske batean nire benetako iritziak idazten. Antza, itxurak baino ez ziren izan. PATRI MAITEA izeneko gutunak idazten nituen garaiaz ari naiz, jakina. Deblauki amaitu ziren haiek guztiak Josu Juaristi zuzendari izendatu zuten bezain pronto. Nola esaten da euskaraz "muerto el perro se acabó la rabia"? Ba, horixe sinestuta, dirudi, egin zutela purga. Aholkuak balio badu, kasu egin, beraz, eta idatzi euren elizak bakarrik onartzeko modukoak diren kontuak. Kontuz eurekiko zentzu kritikoarekin, ez dute batere maite eta. Umorerik ere ez erabili, euren gorazarrerako ez bada. Ezta burutik pasatu ere dogmak zalantzan jartzea. Galduta zeundekete, edo purgatuak, edo zentsuratuak. Gauzak asko aldatu ez badira, behintzat. Eta ez zait iritsi halako inongo gertaeraren notiziarik: solik gonbidapen modernotxo bat nire helbide postara, honela dioena "blogariak soilik". Ene ustez beharko luke esan "gure ezpaleko blogariak soilik". Santo Tomasena berriro: ikusi egin beharko.

Inazio
2007-03-06 : 10:29

Aspaldi utzi nion GARA erosteari, eta sinetsi horrela jarraituko dudala. Juaristiren blogarekin berdin.



Euskal Herriko 'El Mundo' da. Informaziorik ez, dena manipulazioa. Den dena.Baina klaro, entzun nahi duguna esaten digutenez, berdin zaigu. Edo ez gara ohartzen.



Ezker abertzalea inoiz lehendakaritzara helduko balitz, munduko hedabiderik instituzionalizatuena izango litzateke GARA. Gauza bat da linea editoriala abertzalea izatea, eta beste bat abertzaletasunari (politika hutsez ari naiz) mesede egiteko helburuz manipulatzea.



Nire uste apalean, oso alde handia dago GARAren eta BERRIAren artean. Alderatu bestela Imanol Muruak eta Juaristik Otegiri egindako elkarrizketak. Lehenengoa bikaina, bigarrena lotsagarria. Adibide bat baino ez da, baina oso adierazgarria.

Sustatu
2007-03-06 : 12:00

Blogarientzat soilik goiburuarekin, JPG batean e-postaz gonbidapenak banatu ditu Gara-k. Testua irudian sartuta dago, eta ezin hona kopiatu. Baina adierazten dute asteazkenean, hilak 7, aurkezpen bat izango dela 19.00 blogarientzat, Gararen egoitzan, Ibaeta auzoan. Webgunearen helbidea gaur8.info izango dela ere agertzen da gonbidapen horretan.


Maikel
2007-03-06 : 13:32

Ba ni GARAra itzuli naiz aspaldiko partez (ia zortzi urte), asko gustatu baitzait egunkari berria. Espero det GARAk bere bidea aurkitzea kazetaritzaren ikuspegitik eta kazetari batzuen lan eskasa zuzentzea. Inoiz euskarazko bertsiorik aterako balitz, primeran nere gustoako.



Ni ere zentsuratua izan naiz batzuetan, Hitzan esaterako, hiru aldiz azkeneko hamar hilabeteetan, eta hala ere hortxe segitzen det idazten eta laguntzen, ez baitzait ahazten zein naizen eta zer nahi deten.

antxon
2007-03-06 : 14:17

Zabaldun argitaratu da testua. Hau da.



Blogari maitea:



Tarjetoi digital honen bidez gonbidapena luzatu nahi dizugu gure egoitzara etortzeko, datorren asteazkenean, hilak 7, arratsaldeko 19:00tan. Portuetxe Kalea 23, 20018 Donostia, +34 943 316 999.



Gure asmoa da GARAren berrikuntzari buruzko azalpen orokor bat ematea, kazetaritza ereduan, diseinuan, teknologian, eta batez ere ikuspegian eragiten duena. Ikuspegi horren ondorioz hainbat egitasmo dugu esku artean, eta horien berri eman nahi dizugu, elkarlana eskatzen dutenez, denon artean joan gaitezen bidea egiten.



Horietako egitasmo batek datorren asteburuan ikusiko du argia, eta, hain xuxen, egitasmo horren berri zehatza eman nahi dizugu, zuk ere baduzulako zeregina eta lekua, nahi izanez gero, ez soilik parte-hartzaile gisa. Egitasmo horren izena GAUR 8 -mila leiho zabalik- izango da, eta kazetaritza ereduari astindua emateko bokazioa du, paperean nahiz sarean ibiliko baita, ez bata bestearen bertsio gisa, baizik eta bizkortzaile gisa. Eztabaidak ireki eta joerak aurreikusi, hor kokatu nahi du GAUR 8k, eta hortik egin nahi zaio ekarpena euskarari, euskara hutsezko produkzio bilduko baitu bere baitan.



Egitasmoak soluzio teknologiko propioa sortu du, beste esperientzia batzuetan oinarritua, eta euskal blogosferatik ere elikatuko da; beste alde batetik, bultzatu egingo du unibertsitateko ikasleen grina euskaraz idazteko eta publikatzeko.



Gonbidapen hau zu bezalako beste blogari batzuei ere pasa zaie, baina ziurrenik baten bat kanpoan geldituko zitzaigun. Horrenbestez, lasai aski bidali diezaiokezu gonbidapena nahi duzun blogariri. Hori bai, mesedez, erantzuiguzu e-mailez bertaratuko zaren konfirmatzeko.



*wi-fi konxio bat egongo da bertatik blogeatu ahal izateko.

garako langile bat
2007-03-07 : 17:30

> Josu Juaristi GARAko zuzendariak "bere bloga":http://www.josujuaristi.com jarri du gaur abian. "Komunikazio aktiboa sustatu nahi dugu, irakurle aktiboekin batera, teknologia berriek eta komunikabide digitalek eskaintzen dituzten aukerak baliatuta", jakinarazi du. Bertan zintzilikatu dituen lehenengo bi mezuetan, datorren larunbatean argia ikusiko duen proiektu berri bat iragarri du. "Gaur8" du izena eta martxoaren 10ean argitaratuko da estreinakoz, euskara hutsez.

> Aspaldi utzi nion GARA erosteari, eta sinetsi horrela jarraituko dudala. Juaristiren blogarekin berdin.

>

> Euskal Herriko 'El Mundo' da. Informaziorik ez, dena manipulazioa. Den dena.Baina klaro, entzun nahi duguna esaten digutenez, berdin zaigu. Edo ez gara ohartzen.

>

> Ezker abertzalea inoiz lehendakaritzara helduko balitz, munduko hedabiderik instituzionalizatuena izango litzateke GARA. Gauza bat da linea editoriala abertzalea izatea, eta beste bat abertzaletasunari (politika hutsez ari naiz) mesede egiteko helburuz manipulatzea.

>

> Nire uste apalean, oso alde handia dago GARAren eta BERRIAren artean. Alderatu bestela Imanol Muruak eta Juaristik Otegiri egindako elkarrizketak. Lehenengoa bikaina, bigarrena lotsagarria. Adibide bat baino ez da, baina oso adierazgarria.

garako langile bat
2007-03-07 : 17:34

Josu Juaristik ez dio sekula elkarrizketarik egin Arnaldo Otegiri. Ondo dakit. Garan egiten dut lan. Horrela idatzi duenak aurre iritziz beteta da. Portzierto, Hasier Etxeberriak garaian idatzitakoak irakurri behar dira eta ikusiko duzue, nahiko estu zegoen batean, GARAko zuzendaritzak idazten jarraitzeko animatu zuen. Beno, ez dago zer eginik... horrenbeste handiusteren artean.

garako langile bat
2007-03-07 : 17:53

Berri bat emango dizuet. Hasier Etxeberria ez ezik beste ia kolaboratzaile guztiak ere aldatu ziren orduan GARAn izandako berrikuntzak, oso «ordoxo» batzuk barne. Orduan, Etxeberriak ez zuen esan zentsuratua izan zenik, ezta gutxiagorik ere... Halakoa da bizitza, bakarren batzuek bere burua goraipatzeko beharra dute. Etxeberriak askatasun osoz idatzi zuen urtetan GARAn, hori da egi santua. Hortik aurrera, gauza asko konta daitezke... Ez dut uste GARAk horrelakorik merezi duenik... Etxeberria jauna, apalago hagoen negar zotinka deitu huan hartan...

Eneko
2007-03-07 : 23:10

Gaur8 aurkezteko blogariekin egindako bilera berehala kontatu du apur bat bere blogean Josu Juaristik.


Bertan dioenez larunbatarte ez da jaioko gaur erakutsi den gaur8.info .


ptx | larrabetzutik
2007-03-08 : 13:50

Sustatuko inor egon al zen bertan? Sustatuzaleren baten kronika gustura irakurriko genuke.


Teketenek bere kronika egin digu... besterik bai?


Bestela, zapaturarte itxaron beharko dugu GAUR8 paperean ikusteko.


Ea ba...


akuilua
2007-03-08 : 20:13

Luistxoren kronika hemen

H. Etxeberria
2007-03-08 : 20:29

Erantzun hau, "garako langile bat" minuskula apalez sinatzen duen horrentzat da, ez baitigu eman nor den jakiteko aukerarik, eta edonork daki hemen, sinatu gabe idaztea eta nahi dena esatea erraza dela oso mundu zibernetiko honetan. Zergatik sinetsi behar diogu Garako langilea denik eta ez, esaterako, Zuzendaritzakoa edota Real Automóvil Club Vasconavarroko norbait? Dena den, ez gaitezen izan fede txarrekoak eta eman dezagun baietz, Garako langile izengabeko bat dela, eta hari zuzendutako erantzuna, beste norbaitentzat ere izan daitekeela argigarri. Hara, ba:

" Portzierto, Hasier Etxeberriak garaian idatzitakoak irakurri behar dira eta ikusiko duzue, nahiko estu zegoen batean..." egia dio: oso estu nengoen, ETAk bere Zutaben argitaratu zuen orrialde t'erdi zela eta. (Ordukoan zer gertatu zen jakin nahi duenak, asti apur bat baldin badu, hemen ditu gertatutakoaz jabetzeko moduko dokumentuak: http://www.sustatu.com/1065445393)

Orduan esan nuen, eta orain berresten dut, ez dudala afera horretaz ageriko hitzik esango. Norberak atera bitza bere ondorioak.

"GARAko zuzendaritzak idazten jarraitzeko animatu zuen" Egia da hau ere, baina idazten segitzera animatu nindutenak ez ziren izan "Gara-ko zuzendaritzakoak", baizik eta orduko Garako zuzendari zen Mertxe Aizpurua bakarrik. Garai hartan autoaren azpian leherkaririk ba ote zen begiratzerainoko beldurra sartua zitzaidan erraietaraino, aitortzen baitut zeharo beldurtia naizela eta ez dela oso normala Zutaben norberari buruz halako astakeriak irakurtzea, batez ere Garan idatzitako artikulu baten karietara. Egongo dira herri honetan heroiak, baina ni ez naiz horietakoa. Zin dagit ez naizela ezpal horretakoa batere. Eskerrak baizik ezin dizkiot eman, beraz, M. Aizpuruari bere hitz pribatu haiengatik ("garako langile bat" horrek, antza, ezagutzen dituenak eta ez hain pribatu ere ez direnak, beraz), eta gauza bera Garako hainbat lankidek erakutsi zidan elkartasunagatik, baina ezingo du esker on horrek beste kontu bat ezkutatu. Erraza da Gararentzat De Juanaren —edo antzeko beste edonoren—, adierazpen askatasunaren alde mintzatzea. Neuk ere defendatu dut De Juanaren eta beste askoren adierazteko askatasuna. Akabo ba! Baina zer gertatzen da ETAk baten baten idazkera deitoratzen badu, nire kasuan bezala? Ikusi al zuen baten batek Garan publikaturik bere kolaboratzaile zen honen adierazpen askatasunaren aldeko hitzik? Ez, mes ami(e)s. Ez zen halakorik izan batere. Bai pribatuki, baina ez publikoki. Lotsamangarria, nire iritzirako, bere burua antifaxistatzat daukat komunikabide batentzat. Eta "garako langile bat" horrek ere, badaki hori horrela izan zela. (Adierazpen askatasuna Stalinek ere erreklamatzen zuen ederki asko bere kideentzat. Hitz ederrak dira, azken finean, arantzak bistatzen zaikien artean).

Handik gutxira, Mertxe kendu, eta Josu Juaristi jarri zen /zuten zuzendari. Eskubide osoa du komunikabide batek horrelako erabakiak hartzeko. Baita ni bezalako pendejo bat aldatzeko ere. Baina ez zen izan hori bakarrik, ez zen izan telefono dei normal bat "hi, amaitu ezak hire roilo hori, ez zaiguk gustatzen eta", edota, "datorren hilean beste bat jarriko duk hire lekuan". Horraino iristen gara geure profesionaltasunaren miserien artean eta badakigu aspertu egiten dugula, denborarekin. Ofizioan doa hori.

Zuzendari izendatu berria bera etorri zitzaidan (ez nuena pertsonalki ezagutzen), aurrez-aurreko hitzordua egin eta esplikatzera nola eraberritzeko asmoak zekartzan eta abar. Gehiegizko esplikazioak kolaboratzaile xume honentzat. Ez dakit ulertzen ote zaidan. Gainera, gero sekula egin ez ziren eraberritzeak... En fin. Esan nahi nuena da, ni ez nintzatekeela gehiegi fidatuko ez zuzendari horretaz, eta ez eta ere berak gidatutako hedabide batez, dioen gisan "eztabaidak ireki eta joerak aurreikusi" nahi baditu, behintzat. Aurrikusi, tira, egin dezake, batez ere, kontra dituenak desaktibatzeko baldin bada, baina hortik aurrera ez naiteke gehiago fida, ikusitakoak ikusita.

Eta amaitzeko, demagun arrazoia duela "garako langile bat" horrek honetan ere: " Beno, ez dago zer eginik... horrenbeste handiusteren artean". Bale, handiuste kalamidade bat naiz, mesprezagarria erabat... Demagun hala dela. Zertan aldatzen du horrek Gara eta bere Zuzendari Josu Juaristiren jarduera? Nola justifika daiteke bere kolaboratzaile halako gertaera baten aurrean ez defendatu izana?

Berriro diot hasierakoa: "kontuz mes ami(e)s, aholkuak balio badu, kasu egin eta idatzi euren elizak bakarrik onartzeko modukoak diren kontuak. Kontuz eurekiko zentzu kritikoarekin, ez dute batere maite eta. Umorerik ere ez erabili, euren gorazarrerako ez bada. Ezta burutik pasatu ere dogmak zalantzan jartzea. Galduta zeundekete, edo purgatuak, edo zentsuratuak. Gauzak asko aldatu ez badira, behintzat. Eta ez zait iritsi halako inongo gertaeraren notiziarik, solik gonbidapen modernotxo bat nire posta helbidera, honela dioena: "blogariak soilik". Ene ustez beharko luke esan "gure ezpaleko blogariak soilik". Santo Tomasena berriro: ikusi egin beharko".

H. Etxeberria
2007-03-08 : 20:44

Gauzak nola diren, "garako langile bat" delakoak, bazeukan beste erantzun bat aurretk emana eta nik ikusi gabekoa. Ez dut uste merezi duenik xehetasun gehiago ematen ibiltzeak, baina soilik adierazi honakoa idazten duenean "Etxeberria jauna, apalago hagoen negar zotinka deitu huan hartan...", tronpatu egiten dela hitzetan, ez bailuke jarri behar "apalago", baizik eta "akojonatuago" edo "izutuago" edota "harrituago". Negar zotinak, ostera, —alferrik izango da esatea baina— zin dagit ez nituela egin. Horrelako gauzak lagunen artean eta intimitatean soilik egiten ditut eta.

(Dena den harrigarria da "garako langile bat" horrek duen informazioa, langile soil bat izateko)

Sustatu
2007-03-09 : 10:02

Gaur8ko erredakzioak ere idatzi du kronika bat.


askoz hobeto
2007-03-09 : 20:59



Duela ordu pare bat nire erantzuna bidali dizuet eta gero zuen erantzuna e-mailez jaso dut.

Agian zerbait txarto egin dut eta hori dela eta

ez duzue argitaratu.

Gustatuko litzaidake nik idatzitakoa hemen agertzea.Mila esker !

Inazio
2007-03-13 : 18:11

Garan lan egiten baduzu nik baino hobe jakingo duzu orduan zeinek egin zion elkarrizketa Otegiri azkenekoz. Juaristi aipatu nuen hala gogoratzen nuelako, baina hala ez bada, berdin dio. Barka ditzala Juaristi jaunak nire hitzak. Orokortu egingo ditut orduan: Garak Otegiri egindako elkarrizketa lotsagarria izan zen. Berriro diot, irakurri Berriak egindakoa eta atera aldeak. Lehenengoa Batasunaren aldeko propaganda hutsa, bigarrena elkarrizketa informatiboa. Kazetaritza, azken finean. Batasunaren propaganda ikusi nahi dudanean ekitaldiren batera joango naiz, baina egunkari batean INFORMAZIOAren bila nago.



Bestalde, erabat ados nago Hasier jaunarekin. Garan hipokrisia baino ez dago. Aho betez salatzen dituzue hilketa batzuk (Berrueta esaterako), eta beste batzuekin aldiz mutu (Palate eta Estacio esaterako). Niretzat hilketa horiek denak dira gaitzezgarriak, batzuk baino ez salatzea hipokrita delako. El Mundok hala egiten du, eta Garak ere.



Aurre iritziak ditudala pentsatzeak lasaitu egiten bazaitu, hala pentsatu. Errezena duzu, autokritika egitea baino askoz gehiago behintzat.



Portzierto, garako langile bat, langileen alde omen dagoen egunkari horretako langile hori, azalduko al zeniguke zeintzuk diren Garako langileen lan baldintzak? Ez al da erabat hipokrita enpresaburuen prekarietatea aho eta hortz salatzea, baina gero zuen egunkarian bertan prekarietate berdina edo okerragoa izatea? Eta egon seguru nik ere badakidala zertaz ari naizen, ez Garako langilea izan naizelako, baizik eta lagun on batzuk garako langileak izan zirelako. "Zirelako", ez "direlako".

Kazetari zahar bat
2007-03-14 : 11:22

Arrazoi duzu, Inazio. Garako lan baldintzak lotsagarriak dira momentu honetan. Ongi dakit. Tamalez, egun ez dago sindikaturik, ez langileen komiterik. Nagusiak agintzen du eta kitto.

Bukatzeko, Hasieren kasua ez da bakarra. Beste idazleak sufritu zituzten Gararen kapritxoa, besteak beste Jose Mari Esparza Zabalegi, Tafallako editorea.

Muxuak denoei!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago