Teknologia albisteak

Esperientziak sistematizatzen: enpresetako euskara-planak

Erabiltzailearen aurpegia
Aizpea Otaegi - Elhuyar Aholkularitza
2007-10-19 : 16:10

Egindako lanetik etengabe ikasteko asmoarekin, esperientzien sistematizaziorako egitasmo batean hartu du parte Elhuyar Aholkularitzak Euskal Herriko, Valentziako, Costa Ricako eta Kolonbiako beste erakunde batzuekin batera. Egitasmo honek "Euskara Planak: nondik gatoz, non gaude eta nora goaz" argitalpena ekarri du.

Esperientziak sistematizatzeko proiektua talde-lan mardul bat izan da, 2004-2006 urte bitartean garatutako prozesua eta momentu honetan bi liburu eta hamar liburuxkatan argitaratuta dagoena.
Sistematizazio-lan hori egiteko, hamar erakunde bildu gara, Euskal Herrikoak, Valentzia, Costa Rica eta Kolonbiakoak. Bidean gidari ibili dira: hegoa (EHUko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutua), Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua (Deustuko Unibertsitatea), ALBOAN, eta INCYDE (Iniciativas de Cooperación y Desarrollo).
Lanean jardun dugun erakundeok elkartzen gintuena hauxe zen, batez ere: zenbait gizarte?eremutako eraldatze-prozesuak laguntzea, herritarrekin lan eginez, eta beren parte-hartzea izanik lan-metodologiaren osagarri oinarrizkoa. Bakoitzak gure praktikatik, gobernuz kanpoko erakundetik edo enpresa pribatutik, generoaren, pobreziaren edo hizkuntzaren inguruko proiektuetatik, egin dugu sistematizazio-prozesua. Egin dugun lana, berriz, labur esanda, honakoa:
- Aztertu nahi ditugun proiektuak aukeratu eta Historia berreskuratu
- Historia horretako faktore gakoak ikusi, hainbat ikuspuntutatik begira jarrita
- Gertatutakoaren gainean galdera kritikoak egin
- Galdera horiei erantzun, ondorioak atera eta ikasi

Prozesu horrek jarraibideak eta irizpideak ematen dizkigu hurrengo esperientzietarako. Elhuyar Aholkularitzaren kasuan, erronka nagusia zen, enpresetako euskararen erabilera handitzeko planen eraginkortasuna hobetzea. Lau enpresatako esperientziak aztertu ditugu eta ondorioak atera (Ekin, S.Koop.; Elkargi E.G.E.; IZFE, S.A. eta JMA, Alejandro Altuna). Denborak emango digu eraginkortasunaren nondik norakoaren berri. Gu, behintzat, zer edo zer ikasi dugulakoan gaude.
Sistematizazioko proiektu honetan egindakoaren berri ematen da, beraz, bi liburu orokorretan. Bata, Sistematizazioaren abentura da, Nola ikasi gure praktiketatik, praktika horietatik abiatuta. Sistematizatze-lana egiteko jarraibideak ematen ditu. Zein diren emandako pausoak eta horietako bakoitza nola, zertarako eta zein teknika eta baliabide erabiliz egin den.
Beste liburuak, Participación ciudadana y sistematización de experiencias, sistematizatutako esperientzia horietatik parte-hartzearen gaia atera eta horretan sakontzen du. Ikuspegi teorikotik eta praktikak erakutsi digunetik begiratuta egindako hausnarketa eta iritziak dira. Esperientzian parte hartutako erakundeekin harremanetan jartzeko helbideak ere bertan dira.
Horiek argitalpen orokorrak. Aztertu diren gaien inguruko hamar liburuxka monografiko ere etorri dira aurrekoen atzetik. Liburu horietako bakoitzak sistematizazio?prozesuan parte hartu duen erakunde baten esperientzia agertzen du: gaiaren testuingurua, erabilitako metodologia, esperientzia bera, herritarren parte-hartzeari buruzko irakaspenak eta ekarpenak, ondorioak eta ikasitakoak.
Elhuyar Aholkularitzak landutakoak, Euskara Planak: nondik gatoz, non gaude eta nora goaz, enpresetako euskara-planetan izandako esperientzia eta ateratako ondorioak jasotzen ditu. Argitalpen horiek inork jaso nahi izango balitu, lasai jarri harremanetan gurekin (aholkularitza@elhuyar.com) bidaliko genizueke-eta. Pozik, gainera, ikasitakoa konpartitzeko aukerarekin.

Axun Muñagorri
Elhuyar Ahulkularitzako teknikaria


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago