Teknologia albisteak

Kontseilua: 10 urte euskararen normalizazioaren alde

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren - Kontseilua
2007-12-11 : 12:12

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 10 urte bete ditu aurten, eta urteurren ospakizuna datorren astean, abenduak 19, izango da Bilboko Euskalduna Jauregian 19.00etan. Joatekoa bazara, Kontseilura deitu telefonoz. Bitartean, Kontseilutik bidali diguten Xabier Mendigurenen testu bat hemen jarraian.

Erakunde baten bizitzan, euskararen normalizazioa helburu duen erakunde baten bizitzan 10 urte ez dira gehiegi, ezta gutxiegi ere. Hamar urtean gauza asko gertatzen da eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan joandako hamar urteotako lorpen nagusiak zenbatzeko bi eskuetako atzamar guztiak behar ditugu:

Bat. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan bildu dugu euskalgintzaren zati esanguratsua (46 eragile) euskararen normalizazioan aurrera egiteko helburu konpartitu eta bakarrarekin. Euskararen unibertsoan lanerako planeta kokatu genuen.

Kontseilua osatzen duten bazkide bakoitza norbere zereginarekin zein guztiak elkarlanean Kontseiluaren aterkipean lan eskerga egin da. Besteak beste euskalgintzako elkarteen arteko ezagutza eta lotura areagotuz, eta euskarak dituen beharretaz guztion artean gogoeta eginez.

Bi. Euskal Herriko bost kirol estadiotan herritarren ahotsa entzunarazi genuen, 120.000 lagunen “Bai euskarari” bateratu eta indartsuarekin.

Hiru. Gizarte-eragileen babesa bilatu dugu. Gure jarduna elkarlanean oinarritu dugu. Hori dela eta, hainbat herritako administraziorekin, erakunderekin, sindikaturekin, eragile-politikorekin eta enpresarialekin lanean dihardugu.

Lau. Euskal Herriko lurralde guztietako 121 herritara hedatu dugu euskararen aldeko mezua “Bai Euskarari Akordioa Herrietan” proiektuaren bidez. Horri esker, Tafallan, Amurrio, Uztaritze, Basauri eta Donostian lan egiten dugu, besteak beste.

Bost. Lan-mundua euskalduntzen laguntzeko tresna asmatu dugu: Bai Euskarari Ziurtagiria. Enpresa eta bestelako entitateek euskararen alde hartzen dituzten neurriak kreditatzeko sistema eta tresna sortu dugu. Proiektu berritzaile honek jada Euskal Herri osoko 1.500 entitatetan eragitea lortu du.

Sei. Hizkuntza-eskubideak babesteko tresna abian jarri dugu: Hizkuntza-Eskubideen Behatokia. Herritarren kexa eta zorionekin lan egiten du zuzenean, abian jarritako ‘Euskararen telefonoa’ren bidez.

Zazpi. Gizartearengandik etengabeko laguntza jaso dugu. Are gehiago, norbanakoek euskararen aldeko konpromiso zehatzak hartu dituzte.

Zortzi. Nazioarteko hainbat instituzio eta erakunderekin harremanetan gaude, eta hizkuntza gutxituei buruzko foroetan izan gara.

Bederatzi. Hizkuntza-politika eraginkorrak lortzeko eragite-lana burutu dugu EAEn, Nafarroan eta Iparraldean. Halaber, Euskal Herriko 66 udalerriren hizkuntza-politika neurtu dugu normalizazioan aurrera egiteko abiapuntua definituz, eta ildo beretik jarraituko dugu.

Hamar. Eskarmentu hau guztia metatuta hamaika gehiago ditugu egiteko. Eta gogotsu ekingo diogu euskararen normalizazioaren bideari. Horretarako, bidelagunak behar ditugu, “Euskaraz bai” ozen esateko zure ahotsa behar dugu.

Bidegune honetatik eskerrak eman nahi dizkiegu bidaide eta laguntzaile izan ditugun guztiei; zuri ere bai, noski; orain arte egin duzunarengatik eta etorkizunean egingo duzunarengatik.

Era berean, euskararen alde gaudenon indarrak bildu nahi ditugu. Kontseilua osatzen dugun erakundeok, ‘Euskaraz bai’ adierazpena prestatzen ari gara, euskararen egoera azaldu eta etorkizunerako erronkak azalduko dituena. Adierazpen honen bidez Euskal Herri osoko eragileen atxikimendua biltzea dugu helburu. Denon ahotsa behar dugu, “Euskaraz bai” argi eta garbi entzun dadin.

Xabier Mendiguren
Kontseiluko idazkari nagusia

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago