Irudiak
Haurdun zegoen gizona erditu da!
Martxoan mundu guztian ikusi ziren irudi hauek. Thomas Beattie emakume jaio zen, baina transexuala izaki, sexu aldaketa partziala egin zuen: bularrak kendu, hormona maskulinoak hartuz, genero aldaketa legala ofizialduz erroldan Estatu Batuetan, baina emakumezko bere sexu-organuak kendu gabe. Haurdunaldia ondo joan da, eta arazorik gabe erditu da umea (ez omen da zesarearik behar izan). Haurra ederki dago, neskato bat da (oraingoz).
(The Advocate aldizkaria)
Olinpismoa eta salaketa
Amnesty International erakundeak kanpaina grafiko deigarria egin du Txinako Joko Olinpikoak gainean ditugun honetan. AIk sarritan salatu du herrialde hartan ez direla giza-eskubideak errespetatzen, eta horren harira dator kanpaina. Parisko publizitate agentzia batek garatu ditu iragarkiak. Oharra: irudi hauek erakusten zituen webgunean software arriskurtsua zegoen eta lotura kendu dugu.
(Amnesty International)
Errekarri bigunak
Livingstones produktuak errekarrien antza duten kuxin lerro konpleto bat izendatzen du, Smarin altzari enpresak sortua. Harriketarren etxea apaintzeko aproposak.
(Smarin)
Smashing Textures
Smashing aldizkariak testura lehiaketa antolatu zuen: diseinatzaileek irudi fondoetarako edo diseinuetarako lagungarri izan daitezkeen kalitate handiko irudi handiak. Aurkeztutako lanak libre dira orain jaitsi eta erabiltzeko. Guk aukeratu dugun aleak Adidas oinetako baten barrualdea erakusten du, baina zaila den igartzea.
(Michael Smith)
Espainia txapeldun
Espainiak 1-0 irabazi zion atzo Alemaniari eta Europako Futbol Txapelduna da. Hego Euskal Herrian ere jende askok ospatu zuen. Bilbon, Moyua plazan, jendea iturrietan bainatu zen, jendea bandera espainolekin eta. Batzuk, ikurrinarekin ere bai. Euskal jokalari bakarrak, Xabi Alonsok, jokatu zuen Espainiako selekzioarekin.
(EFE / El Correo Digital)
De Rerum Natura koloretan
Koloretan ageri da gaur De Rerum Natura zinta Berrian, Zaldieroaren komiki beti interesgarria. Gaurko gaia, Braveheart, nola ez. Bost urte bete ditu zintak Berriarekin batera, eta laster etentxo bat hartuko du, oporretara joango da autorea uztailean.
(Zaldieroa)
Love, jokoa, estetika
Internet bidezko askoren arteko jokoa izan nahi du Love proiektuak. Egile bakarra du, Eskil Steenberg, eta inteligentzia artifizialeko kontzeptuetan aurreratu beharko du benetan funtzionala izan dadin, baina alderdi estetikotik sekulakoa dirudi.
(Eskil Steenberg)
EAren logo berria
Eusko Alkartasunak irudia berritu du, eta joan den asteburuan aurkeztu zuen emaitza. 22 urtez iraun zuen haritz-ostoa ikur zuen logo zaharrak, eta orain, irudi haren moldaketa aurkeztu dute. Iritzi trukaketa izan da EAren webgunean bertan.
(Eusko Alkartasuna)
Ez dut gehiago hormetan pintatuko
Saturraran hondartzatik gertu omen dago pintada hau. Blogariak ez daki norena den, baina badaezpada blog sarrera sortu dio. Flickr-eko Hormak taldera ere igo du argazkilariak.
(argazkia: Oier Gorosabel)
Osakasuna
Japonian bloga duen espainol bat da Flapy, David Esteban, eta bertako bitxikerien inguruan idazten du. Lehengoan, Osakako metroan topatu zuen emakumezko hau. Makilatzeko ispiluan itsatsita, Osasuna futbol taldearen ikur handi bat zeraman.
(David Esteban)

Irudiak XML