Teknologia albisteak
4

Interneten erabilera euskara elkarte batean

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo - Code & Syntax
2002-01-29 : 12:01

Internet eta teknologia berriak herri-erakundeentzako baliabide gisa. Izenburu horrekin izan nuen Topagunearen Jardunaldietan hitzaldia emateko aukera. Hiru urrats proposatu nituen, erakunde batek Interneti etekina ateratzen hasteko. Bi, teknikoki errazak, eta barrura begirakoak, erakundearen barne-funtzionamendurakoak. Hirugarrena, kanpora begirakoa, gizartearekin eta bezeroekin harremanak izateko orduan, teknikoki konplexua da, baina, era berean, erakundearentzat erabilterraz eta moldaerraz izan behar du (eta izan daiteke).

Jardunaldietarako Interneten orritxo bat jarri nuen, nire azalpenak ideia nagusien inguruan biltzeko, eta batez ere adibideak ikusteko. Adibide horien artean, Sustatu webguneaz eta Uztarria.com herri-atariaz mintzatu nintzen batik bat.

Jardunaldiei buruzko informazio gehiago hemen: Deialdia, programa eta bertan trataturikoaren laburpena.

Internet eta teknologia berriak herri-erakundeentzako baliabide gisa

Interneten lehen funtzioa erakunde batean barrura begirakoa da. Internet erabili behar du erakundeak, bere ohiko helburu eta funtzionamendurako.

Erakundeko langile eta partaideek, egunean zehar pantaila aurrean egiten badute lanaren parte bat bederen, behar dute Internet eta e-posta pantaila horretan.

Hori edukita, beste azpiegiturarik gabe, Interneti lehen etekina ateratzen has daiteke erakundea, eta etekin horren funtsa informazio jarioa handitzea eta hobetezean datza.

Lehen urratsa: Internet informazio lortzeko erabili

Informazio jarioa antolatzen jakin behar da: bilatu eta informatu

  • Bilatzaileak
  • Posta-zerrendak eta boletinak, e-postaren erabilera zentzuzkoa.
  • Albiste iturriak
  • Gure esparruko beste erakundeen (konpetentziaren) Interneteko baliabideak ezagutu, segitu eta erabili.

Goiko baliabide hauek erabiltzen ikasi behar dute erakundeko partaideek.

Inbertsio errazena eta merkeena eta etekinaren aldetik errentagarriena horixe da. Ezarri tarifa laua bulegorako (lerro bakarreko tarifarekin ordenadore mordoxka bat elikatu daiteke) jarri Internetera lotuta pantaila guztiak, eta jarri jendea Internet erabiltzen (trebatu jendea goiko diziplina horietan).

Hori egoki egiten duen erakunde bat, webgunerik ez badu ere, superdiseinuzko webgunea daukan erakundea baino askoz aurreratuago dago Interneten, eta Interneti benetako etekina ateratzen dio.

Bigarren urratsa: Internet barne-komunikaziorako

Lehen urratserako prestatu badugu gure erakundea eta gure partaideak, hortik aurrera joan gaitezke.

Azpiegituran saltorik eman gabe, barne-komunikazioa antolatzeko erraminta handi bat badugu dagoeneko esku artean gure pantailak Internetera konektatuta badaude: e-posta.

  • posta-zerrendak, eta e-postaren erabilera zentzuzkoa funtsezkoa dira.

Erakunde batek behar du bere barne-zerrenda multzoa. Bat langileena, beste bat zuzendaritzakoa, beste bat bazkideena, egitasmo garrantzitsu bakoitzeko bana... bakoitzean beharrezkoak diren pertsonak sartuta. Egitasmoen zerrendetan, kasu, normala izan daiteke elkarlanean gure erakundearekin ari diren beste erakunde batzuetako pertsonak ere izatea.

E-postari benetako etekina ateratzen trebatzea da horretarako giltza. Eta zerrenda baten garrantziaz jabetzea.

Hirugarren urratsa: aplikazio aurreratuak

Goragoko bi urrats horietarako kontuan izan ez dela behar aplikazio aurreraturik. Behar dugu gure pantailak Internetera lotu, eta horretantxe trebatzea.

Hortik aurrera joan behar badugu, ordea, aplikazio aurreratuak beharko ditugu. Eta, nere ustez, 2. urratsetik 3. urratsera ez dago tarteko espazio baliagarririk.

Ez dago aukerarik “webgune sinple bat” egiteko. Hori alferlana da. Ez du baliorik erakundearentzat, ez barrura begira, ez kanpora begira eskain dezakeen irudian. Gaur lagun diseinatzaile batek webgune bat egitea eta urte eta erdi kieto sarean edukitzeak ez du ezertarako balio.

Horretan hasi baino lehen, pentsatu behar dugu hemengo lehen eta bigarren urratsetan zehazten ditudan kontuetan ahalegindu behar dugula. Eta hortik harantzago joan nahi badugu, kanpoaldean irudia, komunikazio eraginkorra eta [zergatik ez?] salmentak sortzeko, orduan aplikazio aurreratuak behar ditugu.

Kanpora begirako Interneten erabilpen horren funtzioak honakoak izan daitezke:

  • Atari korporatiboa izatea.
  • Gizartearekin harremana (enpresa baten kasuan esango genuke bezeroarekin harremana).

Azpiegitura bertsuekin barrura begirako aplikazioak ere egin daitezke, posta-zerrenda soilekin akaso ez direnak betetzen. Esate baterako:

  • Intranet edo barne-atari korporatiboa (erakunde handi samarrean, edo “espazioan” aldendutako bulegoz osatutakoetan, eta herri erakundeen artean badaude halakoak)
  • Barne dokumentu/datubase/informazio konpartituak.

Aplikazio konplexuak, erabilera erraza ahalbidetzeko

Hirugarren urratsa deitzen dudan multzo honetako aplikazioetarako teknologia eta aholkularitza serioa behar da. Azkar esanda, web aplikazioen zerbitzarietan oinarritutako teknologia behar da: datubaseekin harremanetan eduki dinamikoak sortzeko gai den azpiegitura bat.

Horrek oso izen itsusia du, eta egia da kontu konplexua dela. Baina horrek ez du esan nahi herri erakunde batentzat halako konplexutasun gaindiezineko arazo bat izan behar denik. Alderantziz, aplikazio aurreratu baten kudeaketak gauzak erraztu egin behar ditu erabiltzailearentzat, eta kasu honetan bi erabiltzaile mota izango genituzke: erakundea bera eta bere partaide/langileak, eta webgunea bisita dezaketen herritarrak (gizartea bera, “bezeroak”).

Webgune aurreratu batekin, kudeaketa ere dinamikoa egin daiteke, eta horixe da koxka. Edukia kudeatzeaz arduratu behar da erakunde jakin bat bere aplikazioan, ez diseinu grafikoaz edo programazio informatikoaz. Eta eduki kudeaketa hori ahalik eta modu zuzenean egin behar du. Adibideek erakutsiko digute hau.

Hain zuzen ere, aplikazio aurreratu bat edukita esku artean soilik lor daiteke erabilera erraz bat. Lagun batek diseinatu digun marrazki bizidunezko eskulanezko webgunearekin ezin dugu horrelakorik egin.

Noski, era honetako aplikazio batek kostoak ditu, eta ondo neurtu behar dira kostoak eta etekinak. Ez badira etekinak (irudian, komunikazioaren edo funtzionamenduaren hobekuntzan, “salmentetan”, sinergien aprobetxamenduan, nahi den kontuan) gastuak kubritzeko neurrira iristen, ez sartu korapilo hauetan! Lehen eta bigarren urratserako definitu ditugun ahaleginekin gauza asko erdiets daitezke aplikazio aurreratuetan sartu barik.

Era berean, zentzuz aztertu behar da erakunde bakoitzak behar duen aplikazio mota. Herri aldizkari batek, aldizkaria online jartzeko azpieguta antolatu behar du? Ala, behin Internetera salto eginda, kanal berrian informazio modu berriak garatzea interesatzen zaio? Aldizkarigintzatik irrati produkziora salto egin duten herri-erakundeek ez dute, inolaz ere, paperezkoaren irakurketa egiten irratitik. Horrek ez luke zentzurik. Eta Interneten, ordea, bai? Gauza hauek pentsatu behar dira. Logikaren eta etekinen ikuspegitik, eta serio.

Erantzunak

Josu Azpillaga / uztarria.com
2002-01-29 : 19:24

Oso prozesu logikoa, Luistxo. Eta benetan praktikoa eta ongi azaldua.


Nik kontutxo bat gehituko nioke, ordea, zure hiru urratsen bideari. Egia da, logikoena zuk esandakoa dela, baina askotan zaila da taldekide guztiak ohitura berri horietara ohitzea. Gure kasuan, adibidez, www.uztarria.com egin ondoren ikusi duguna zera da: webgunearen dinamika horrek berak gainerako baliabideak gehiago erabiltzea ekarri duela. Alegia, ustez hirugarren urratsetik hasi garela... eta, horrek berak, gainerako bi urratsak ematera animatu gaituela. Teknologia berriei beldurra galtzea baita, askotan, zero urratsa. Inpresio bat da, oraindik denbora gehiegi ere ez baitaramagu proiektu honekin. Ez dut esan nahi barneko posta-zerrendak barra-barra erabiltzen hasi garenik, baina bai, posta elektronikoa eta informazio bilatzeko Internetek dituen aukerak hobeto eta gehiago erabiltzen ditugula.


Eta bukatzeko, beste kontu bat. Ez dut uste interneten erabilerarako esan dituzunak euskara elkarteetara mugatzen direnik. Bestelakoetarako ere, ez ote dute balio?


Luistxo
2002-01-29 : 19:52

Eskerrik asko puntualizazio interesgarri honengatik. Poztekoa da Uztarriak martxa hartu duela ikustea, eta elkartearen barne kontuetan ere baliogarri dela, ez bakarrik erakusleiho bat sortzearen aldetik.



> Ez dut uste interneten erabilerarako esan dituzunak euskara elkarteetara mugatzen direnik. Bestelakoetarako ere, ez ote dute balio?



Bai horixe. Hain zuzen ere "kudeaketa profesionala" zen Topagunearen jardunaldi haien gaia, eta uste dut edozein erakunderi plantea dakizkiokeen parametroetan plantea dakiokeela kontu hau euskara elkarte bati. Enpresa bati, txikia zein handia izan, boteprontoko lehen hausnarketa moduan hauxe bera bota niezaiokeen...

Joxe Aranzabal
2002-01-30 : 01:20

Erabat ados, Luistxo. Interneterako jauzia nekez egingo da QuarkXpress-en gainean, autoediziorako saltoa ere oinarritu ez zen bezala idazmakinan.


Tresna bakoitzak (Olivetti, Quark, Zope…) baldintzatu egiten ditu lan egiteko modua ezezik, baita informazioa lantzekoa ere. Dagoeneko hori garbi ikus daiteke hementxe bertan. Ez dago alderatzerik sustatu.com eta Goienkaria. Bi gauza erabat desberdinak dira.


Interneten eragin nahi duten herri komunikabideek, ondo irakurri beharko lukete Luistxoren artikulua eta sartu webgune dinamikoen itsasoan. Uztarri.com busti da. Zorionak.


Luistxo
2002-01-31 : 10:08

> Erabat ados, Luistxo. Interneterako jauzia nekez egingo da QuarkXpress-en gainean, autoediziorako saltoa ere oinarritu ez zen bezala idazmakinan.


Baina hor badago paralelismo bat kontuan har genezakeena. Autoedizioak herri prentsan suposatu zuena izugarria izan zen. Aurrerakuntza teknologiko bat baliatu zen euskararentzat esparru inportante bat irabazteko.


Potentzialki, webgintza dinamiko aurreratuak antzeko zerbaitetan lagun gaitzake Interneten. Tresnak eskura dauzkagu. Ekin diezaiogun.


Badaude bi munduen artean diferentziak. Logistika eta azpiegitura aldetik, Internet barregarri merkea da papera inprentatik ateratzearekin alderatuta. Denboran bat-batekotasuna ere ikaragarria da medio berri honetan (ikusi Uztarria.com-en albiste HAUXE ze azkar erreferentziatu duten). Kolaborazioa, eta feedback-a ere bai...


Baina diferentzia nabarmen bat dago: irismena. Potentzialki, Interneten irismena oso handia da. Praktikan, oraingoz, beste kontu bat da. Nik oso erraz irakurtzen ahal dut Uztarria.com Donostiatik edo Koreako ziberkafe batetik. Uztarria paperezkoa irakurtzeko ditudan aukerak, aldiz, oso txikiak dira. Azpeitian, berriz, Uztarria paperezkoak dudarik gabe badu audientzia bat eta oihartzun bat Uztarria.com-ek oraindik ez daukana...


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago