Teknologia albisteak
4

Jon Abrili elkarrizketa. Bihar epaituko dute.

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Azkarate - Goienkaria
2002-06-10 : 14:06

Nafarroako Bortzirietako Ttipa-ttapa Telebista lokaleko kazetari Jon Abril epaituko dute datorren martitzenean Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Orain dela urte bi Auzitegiaren aurrealdean Ttipi-ttapa Telebistarako irudiak grabatzearren, ETAri laguntza ematea leporatu diote kazetari beratarrari. Sei urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Defentsak, berriz, absoluzioa.

Halaxe dio Jon Abrilek Goienkariari egindako elkarrizketan: Badirudi telebista txikia edo handia izategatik, eskubideak erabat ezberdinak ditugula batekoek eta bestekoek

Elkarrizketa

Zure aurkako epaiketaren kontua bolo-bolo dabil azken egunotan euskal hedabideetan. Gure irakurle askok, baina, ez dute kasua ezagutuko. Azalduko diguzu zergatik epaituko zaituzten?

Orain dela urte bi, 2000ko abuztuaren 17an, Auzitegi Nazionalean Berako gazte batek deklaratzen zuela-eta, Ttipi-ttapa Telebistarako irudiak hartzera joan nintzen Madrilera. Auzitegi Nazionalaren aurrean nengoela, poliziek bideo-zinta kendu zidaten. Egun batzuk geroago, deklaratzera deitu ninduten, nonbait, fiskalak delitua ikusi zuelako bideo-zinta horretan.

Zer ikusten zen bideo-zintan?

Atxilotuak eraman zituzten autoa eta auto haren matrikula. Nonbait, delitua hor ikusi zuten. Azkenean, talde armatuarekin kolaboratzea leporatu didate.

Honek hartu duen bidea zuri zeuri harridura sorraraziko zizun, ezta?

Bai. Akta bat sinarazi zidaten, bideo-zinta kentzen zidatela esanez, eta, bazirudien, horretan geratuko zela kontua. Egun bereko ilunabarrean, baina, pixka bat kezkatzen hasi ginen, agentziek zabaldu zutelako talde armatuarekin kolaborazioa egon zitekeela. Gero, poliki-poliki handituz-handituz joan den bola bat izan da prozesu hau.

Auzitegi Nazionalean, baina, beste telebista batzuetako kameralariak ere ibiliko ziren irudiak grabatzen, ezta?

Bai, mordo bat. Hemendik, Beratik, Madrilera abiatu ginenean, geure buruari egin genion lehen galdera horixe izan zen, ea izango ote zen beste telebistarik irudiak grabatzen eta horren arabera geuk ere grabatuko genituela. Bazeudenez, eurengandik gertu jarri ginen irudiak grabatzeko. Eurenak bezalako irudiak grabatu genituen. Gero, albistegietan egun horretan Auzitegi Nazionalean hartutako irudiak eman zituzten.

Zuregana bakarrik etorri ziren bideo-zinta eske? Bai. Pentsatzen dut eurendako ezezaguna nintzelako-edo etorriko zirela, gurea moduko telebista txiki bat Auzitegi Nazionalean egotea ez delako ohikoena. Gainerako telebista kateetakoei ez zieten ez akreditaziorik ez bestelakorik eskatu.

Eta zuri zeuri, eskatu zizuten akreditaziorik?

Bai. Neure burua identifikatu nuen eta Ttipi-ttapa Telebistan akreditaziorik ez genuela erabiltzen esan nien. Hortik aurrera, dagoeneko, nolabait tratu erabat desberdina izan zen gure telebistarekiko eta gainerakoekiko.

Beste telebisten aurkako ekimenik egin ez izana zergatik dela uste duzu, tokiko telebista baterako ari zinelako, beharbada?

Bai, pentsatzen dut hala dela.

Eta telebista handietan dabiltzanen aurka egin izan balute, hedabideen, politikoen, iritzi emaileen eta abarren erantzuna bestelakoa izango zela uste duzu?

Bai, bai, oso bestelakoa eta seguruenik, gainera, sekulako eskandalua izango litzateke. Zer esanik ez, Espainiako telebista baten aurka egin izan balute, baina berdin ETBren aurka egin izan balute ere. Orduan bai berba egingo litzatekeela adierazpen askatasunaz, informatzeko eskubideez, eta abar. Badirudi telebista txikia edo handia izategatik, eskubideak erabat ezberdinak ditugula batekoek eta bestekoek. Azken baten, gure hedadura bai da txikia, baina egiten dugun lana, funtsean, berbera da. Alde horretatik, diskriminazio nabaria dago gurekiko.

Akusazioaren oinarri den bideoa ikustea eta beste hainbat froga ere ukatu dizkiote defentsari. Zergatik?

Prozesu osoan behin eta berriro gertatu zaiguna da bai helegiteak bai eta frogak ere atzera bota dizkigutela. Hori kezkagarria da eta juridikoki erabat lotsagarria. Bideoa atzera botatzeko arrazoi nagusia defentsako abokatuaren lana gehiago zailtzea izan da. Nolabait, eurek gure erruduntasuna frogatu beharrean, guk geure errugabetasuna frogatu behar izan dugu. Euren argudiatze nagusia izan da fiskalak bideoan ikusten denaren gaineko txosten deskriptiboa prestatu duela eta irudiak neuk hartu nituenez, nik neuk kontatu ahal diodala abokatuari bideoan zer agertzen den. Hori, baina, legearen aurka doa. Izan ere, defentsako abokatuak eskubidea eta beharra du epaiketa bateko frogak lehenagotik ezagutzeko. Oro har, irregulartasun franko izan dira. Auzitegi Nazionala epaitegi politikoa da eta ez da erraza haren aurkako neurririk hartzea, nahiz eta hura izan legea betetzen ez duena.

Zein tresna edo bitarteko erabiliko ditu defentsak?

Lekukotza batzuk onartu dituzte. Esaterako, egun hartan gainerako telebistek eman zituzten irudiak onartu dituzte; ETBk, Antena 3k eta TVEk eman zituztenak ditugu. Guk hartutako irudietan deliturik badago, beste telebista kate batzuetan emandako irudietan ere egongo da deliturik, ezta? Horregatik, erakutsi nahi dugu irudietan ez dagoela deliturik. Bestalde, onartu diguten beste froga bat da Ttipi-ttapa Telebista eta Fundazioa, oro har, lege aldetik ondo eratutako erakundeak direla eta euren helburua inondik inora ez dela, fiskalak aipatzen duen bezala, talde armatuari laguntza ematea edo bitartekari lanak egitea. Hori frogatzeko, Berako alkatea eta beste lekuko batzuk egongo dira epaiketan.

Ttipi-ttapa Telebistan horrelakoetan anonimotasuna gordetzeko neurririk hartzen duzue?

Bai, Ttipi-ttapako hainbat albistegitan emandako irudiak jasotzen dituen bideoa ere prestatu dugu. Polizien aurpegiak eta autoen matrikulak estalita ageri direla ikus daiteke bideo horretan.

Zeintzuk dira akusazioaren argumentuak zu epaitzeko?

Autoa eta autoaren matrikula grabatu izana delitua zen hasieran. Gero, baina, kalean irudiak hartzea delitua ez dela esan dute. Orain, berriz, diote irudiok hirugarren pertsona bati eman nahi niola, edo Ttipi-ttapa Telebistaren bidez ETAko komandokoei informazioa helarazi nahi niela. Horixe da euren argudiatze nagusia. Hasieran, talde armatuari laguntza emateko saiakera egitea leporatzen zidaten; gaur egun, berriz, talde armatuari laguntza ematea. Inolako edukirik gabeko argumentuak darabilte.

Zer eskatzen du akusazioak?

Sei urteko kartzela-zigorra, sei urteko gaitasungabetzea kazetari lanerako eta funtzio publikorako, eta 7.200 euroko isuna, 1.200.000 pezeta inguru.

Eta defentsak zure absoluzioa eskatzeko zer argumentu erabiliko du?

Auzitegi Nazionalean irudiak grabatzen ari nintzenean, gainerako telebistak bezala, kazetari lanetan ari nintzela eta, berez, irudiak hartzea ez dela, inondik inora, delitua. Eta gainerako guztia norberaren irudimenaren esku dagoela, baina ez dagoela inongo frogarik holako akusaziorik egiteko.

Defentsak beste lekukorik deituko du?

Zuzeneko lekukoetatik, nirekin joandako jendea eta Ttipi-ttapako beste kazetari bat. Gainerako telebistetako edo beste hedabide batzuetakorik ez. Eta gero, perituak eskatu genituen, azter zezaten Ttipi-ttapa Telebistako programazioa eta esan zezaten deliturik egon zitekeen edo ez Ttipi-ttapako albistegietan. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak deitu nahi genituen, baina ez digute onartu. Esan dute peritu horiek ez direla Berakoak eta, Ttipi-ttapako programazioa ezagutzen ez dutenez, ezin ditzaketela irudiak aztertu. Sekulako astakeria da hori, azken baten, peritu batek egin behar duena zera delako: irudiak hartu, aztertu eta ikusten duenaren txostena egin.

Epaiketaren atarian, komunikaturik edo bestelako ekimenik bultzatu da Bera inguruan?

Alderdi politikoekin batera idazki bat lantzen ari gara. Idazki hori gaur, egubakoitza, aurkeztuko da Iruñean eta, elkartasuna adierazteaz gain, egoera honen zentzugabetasuna salatzen da. Batasunak, Abertzaleen Batasunak, Aralarrek, EAk, Ezker Batuak eta EAJk egingo dute bat idazki horrekin. Bestalde, domekan, egun osoan, hainbat ekitaldi antolatuko dira Beran: txistulariak, dantzariak, jolasak, antzerkia, bertsolariak, kantaldia, dantzaldia… izango dira.

Berako Udaleko Kultura dinamizatzaile zara gaur egun. Ttipi-ttapa Telebistarako lanik egiten duzu?

Orain dela hiru urte hasi nintzen Berako Udalean. Orduan, egun erdi egiten nuen Udalean eta beste erdi Ttipi-ttapan eta Euskaldunon Egunkaria-n. Gaur egun, egun osoko lan-jarduna dut Berako Udalean, eta hedabideetarako kolaborazio lanak egiten ditut noizbehinka.

Zelakoa da Ttipi-ttapa Telebista?

Ordubete emititzen du egunero astelehenetik egubakoitzera. Maalerrekako eta Bortzirietako 20 herritara hedatzen du seinalea.

Adierazpen askatasunaren aurkako epaiketa dela uste duzu?

Euskal kulturaren aurkako epaiketak ikusi ditugu azken urteotan, baina kontuan izanda oraingo honetan kazetari bat dagoela tartean, bada, esan genezake adierazpen askatasunaren eta informatzeko eskubidearen aurkako epaiketa dela.

Horren moduko beste kasurik ezagutzen duzu?

Hain larria denik ez. Hurbilena izan daiteke joan zen urrian Kale Gorrian aldizkarirako irudi batzuk hartzen ari zen gazte batena. Donostian, Guardia Zibilaren kuartelaren atarian atxilotu zuten, baina biharamunean, aske utzi zuten. Donostiako Epaitegiak esan zuen hor ez zegoela inolako deliturik. Hori ere lekuko froga bezala aurkeztu genuen, baina ez digute onartu.

Elkartasun adierazpenik jaso duzu?

Bai, mordoxka bat, baina gehienak alde batetik. Batik bat, euskal hedabideetatik, euskarazko kultura, elkarte eta taldeetatik… Berako Udalak ere prozesuaren aurkako salaketa egin du. Bestalde, hedabide handiek ez dute elkartasunik adierazi eta ez dute inolako informaziorik eman, ezta nire kasuaren gaineko aipamenik egin. Informazio hori ezkutatzea larria da.

Erantzunak

editorea
2002-06-10 : 14:55

Uzten badigute behintzat, saiatuko gara Madriletik bertatik informatzen. Ia posible den Audientzia Nazionaletik bertatik informatzea.



Akreditatuta goaz eta ez dugu uste apartekorik egin behar izango dugunik epaiketan egoteko.







anboto
2002-06-10 : 17:09

Adierazpen askatasuna. Jonekin elkartasuna



Jon Abril kazetariaren epaiketa dela eta, bihar, ekainaren 11, elkartasun kontzentrazioak antolatu dituzte Jon Abrilen lankideek. Baionan, Espainiako Kontsulatuaren aurrean; Bilbon Arriaga plazan; Donostian Artzai Onean eta Iruñean udal plazan izango dira kontzentazioak. Guztiak eguerdiko 12:00etan izango dira, "Adierazpen asktasuna. Jonekin elkartasuna" leloarekin.

Jon Abrilen lankideak izeneko elkartasun taldeak adierazi duenez, "Jon Abrilen aurkako epaikea, oro har, euskarazko komunikabideen aurkakoa, eta herri-komunikabideen aurkako dela, bain abaita kazetari ororen aurkakoa ere. Jonen aurkako epaiketak erakuste du informazio eskubiderako eta adierazpen askatasunerako dauden zailtasunak eta hutsuneak. Jonen aurkako epaiketa finean, kazetarien jardunaren aurkako epaiketa da, eta horregatik salatzen dugu ozenki".



Anboto herri komunikabidean gabilzan kazetari eta lankide guztiok, alkartasuna adierazo gura deutsagu Jon Abrili eta beragaz gertetan dabilena salatu gura geunke, barriz gerta ez daiten.

Animo Jon! Adierazpen askatasunaren alde!

Sustatu
2002-06-11 : 11:24

Sustatu albistegiaren bultzatzaileok eta lan-taldekook ere bat egiten dugu Jon Abrilekin. Beste euskal komunikabide batzuekin bezala, Sustatu-rekin ere kolaboratzen du Jon Abrilek, eta hemen ere beste toki batzuetan erakutsi duena eman izan du: testigantza profesionala adierazpen askatasunetik abiatuta, euskalgintza eta kulturgintzarekin konpromisoa. Jarduera hori kriminalizatu nahi dute orain, akusazio itxuragabeen bidez. Hedabide euskalduna garen neurrian akusazio horien kontrako gure arbuio argia adierazi nahi dugu. Bai eta ere elkartasunezko besarkada bat Jonentzat.

Juan Etxenike
2002-06-11 : 12:11

Kaixo.
Jon Abrilen epaiketaren berri indymedia sarearen bitartez ezagutzera eman dut.


Alemanezko itzulpena eskuratu dudanez beraz honetara ere bidali dut:


Kasu honetan, erantzun bat jaso du.


Inglesezko itzulpena ba dut ere eta laister Erresuma batuko zein gune globalean igortzea espero dut.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago