Teknologia albisteak
3

ET euskaldunaren bila

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Araolaza - Euskal Herriko SETI taldea
2002-11-05 : 11:11

Zer egiten du zure ordenagailuak bere aisialdian? Arrainontzi bat erakusten duen pantaila-babesle batekin egiten du denbora? Orain daukazu lan produktibo batean jartzeko aukera. Zer moduz kanpoko espazioan estralurtar baten bila jartzen baduzu?

Jakina da hainbeste eta hainbeste ordenagailuk pantaila-babeslea jarrita dutela. Norbaiti bururatu zitzaion pantaila babesle horren ordez lan produktiboren bat egin zezakeela ordenagailuak, arrainontzi tonto edo hodi sare ezagun horiek erakusten jardun beharrean.

Bestetik, Arecibo-ko obserbategian etenik gabe jasotzen dituzte kanpoko espazioko irrati seinaleak. Gehienak interferentzia hutsak, irratia ondo sintonizatuta ez daukagunean entzuten diren bezalako soinuak. Baina baliteke tarteka seinale adimentsuren bat jasotzea. Baina, nor ibiliko da hainbeste denbora seinale guztien artean zerbait aurkitzen?

Bi gai hauek uztartuz sortu da SETI@home (Search for Extra Terrestrial Intelligence at Home) proiektua.

Erabiltzaileak pantaila-babesle berezi bat instalatzen du bere ordenagailuan. Ordenagailuaren aisialdi momentuetan, (hots, pantaila-babeslea aktibatzean) internetetik jasotako seinale fitxategiak analizatzen hasiko da. Bukatzean, emaitza zerbitzari zentralera itzuliko du, dena automatikoki.

Erraz parte har daiteke:

  • Proiektuaren webgunera joan.
  • Helbide honetan programa deskargatu eta norberaren ordenagailuan instalatu.
  • Oinarrizko datu batzuek eman, eta listo!

Gainera, talde batetan integratu zaitezke, taldeko emaitzak batu daitezen. Horretarako Euskal Herriko SETI taldera gehitu zaitezke. Adibidez, momentu honetan 15.000 urtetako ordenagailu jarduna egin dugu taldea osatzen dugun guztion artean.

Kontutan izan ez dela beharrezkoa eguneko 24 orduak internetera lotuta egotea. Fitxategi deskarga eta emaitzen bidalketa egiteko nahikoa dira pare bat edo hiru minutu.

Estralurtarrik aurkituko dugun? auskalo!

Erantzunak

Mikel Larreategi
2002-11-05 : 12:12

Zure ordenagailuaren "produkzio gabeko orduak" beste ekintza batzutarako ere erabili izan dira SETI@Home proiektuaz aparte. Hain zuzen ere, orain dela aste batzuk jakinarazi zuten Hispasec orrialdean horrelako programatxo bat erabiliz (zerbitzaritik informazioa jeitsi eta zure ordenagailuan prozesatuz) RSA Security Inc. enpresak eskeinitako RC5-64 erronka kriptografikoa bukatu zela.
Hemen irakur dezakezue albistea gaztelaniaz.


Honetaz aparte (helbideak ez dakizkidan arren), bazegoen Giza Genomaren aurkikuntza proiektuaren inguruan horrelako zerbait, eta uste dut DNA edo ADNaren inguruan ere bazela zerbait.


Gari Araolaza
2002-11-05 : 12:28

Hona hemen SETI@home proiektuaren antzeko beste batzuk:


eta hemen aurkituko dituzuen beste proiektu asko daude.


Julen Lartategi
2002-11-05 : 21:56

Beste batzuk ere badaude: AIDS-en ikerkuntzak, minbiziaren aurkako ikerkuntzak,... baina guztietatik zaharrena, lehena, SETIrena da, eta bere arrakastari esker joan dira agertzen beste guztiak.



http://www.zientzia.net/artikulua.asp?Artik_kod=3357



helbidean orain dela urte bat baino gehiago duen artikulua irakur ditzakezue. Zaila egiten da zein proiektutan laguntzea erabakitzea, ez da?

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago