Teknologia albisteak
3

Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa (extended version with bonus tracks)

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Zaldua - After-Durango
2002-12-09 : 11:12

Ez sinetsi argitaletxeen gaurko gezur ofizialak. Durangoko arrakasta Iban Zalduaren Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa (2002-2003 biurtekoa) izan da. Hemen duzue testua, Durangon Alberdaniaren erakustokian banatutako paperean agertzen ez ziren gehikuntzekin gainera (horregatik extended version with bonus tracks ).

Printzipioz, eta istorioa pittin bat kontatze aldera, Obabatiko tranbia liburuaren aurkezpenerako prestatutako testutxo bat besterik ez zen, bederatzi puntutakoa: ez zait gustatzen nire liburuan esandakoak errepikatzea edo laburbiltzea (are gutxiago haien auto-kritika egitea), eta horregatik bururatu zitzaidan manifestu antzeko hura. Gero, emaitza ikusita, Durangon panfleto moduan banatzeko moduko tontakeria probokatzaile samarra izan zitekeela ikusi nuen, Alberdaniakoei proposatu, eta haiek baietza eman.

Gero, pare bat puntu gehiago pentsatuta, horiekin batera bidali dut Sustatu-ra (horregatik da hau extended version with bonus tracks ).

Egia esan, ez dakit zer nolako harrera izan duen Durangon: irribarre batzuk ikusi ditut, baina testuari buruz eztabaidatzea, egia esan, ez zait inorekin tokatu.

EUSKAL IDAZLE ARRAKASTATSU BIHURTZEKO PLAN ESTRATEGIKOA (2002-2003 biurtekoa) (extended version with bonus tracks)

1. Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko ezinbestekoa da, ororen gainetik, gazte izatea, hots (izan gaitezen eskuzabalak), hogeita hamabost urtetik behera edukitzea; zenbat eta gazteago, hobe. Hogeita hamabost eta berrogeita bost urte bitartekoa izatekotan, dena dela, posible da gaztetzat hartua izatea: idazle(gai)ak seme-alabarik ez badu (edo informazio hori ezkutuan uzten badu, abilki), eta farrazale porrokatua bada (eta elkarrizketetan halakoa dela erakusten badu, noski), idazle gazteen artean sailkatuko dute zailtasun handirik gabe.

2. Emakume izateak laguntzen du, baita ere, homosexuala, minusbaliatua edo beltza izateak bezainbat. Tira, onena gaztea, emakumea, homosexuala, minusbaliatua eta beltza izatea zatekeen, baina komeni da ez esajeratzea, literatur sistemak, definizioz, halako pare bat ale onartzen dituelako, gehien jota. Beraz, hobe da ezaugarri horiek guztiak dosifikatzea, eta, batez ere, lehenengoan zentratzea: gazte izatean edo ematean alegia. Horrek ez du hutsik egiten.

3. Euskal idazle arrakastatsuak zuria izan behar du, eta hau ez dago 2. puntuan aldarrikatutakoarekin kontraesanean, esan nahi baita, literatur munduko jende guzti-guztiarekin ondo konpondu behar duela. Hots, liburu batez galdetzen zaionean, nahiz eta batere gustatu ez, “nortasun handiko idazle baten lana dela”, “literato-hatsa sumatzen zaiola” edo antzeko koipekeriaren bat erantzutera mugatuko da, eta, jakina, ez du literatur kritikarik egingo.

4. Dena dela, gure idazleak ezin badio kritika egiteko premiari (edo betebeharrari) eutsi, kritika hori laudoriozkoa izan beharko du, halabeharrez; liburua atsegin ez badu ere, gaia alboratuko du kritikan, edo lanaren hari jakin bati ekingo dio, liburuarekin batere zer ikusirik ez duen zerbaitetaz hitz egiten amaitzeko. Kritika egitekotan, adiskideei egin beharko die, lehenik eta behin. Laudoriozkoa, noski. Eta ezezagunen bati egitera behartuta egonez gero (Euskal Herrian benetan zaila dena), ezezagun hori betiko adiskide bihurtzeko adinakoa izango da. Hots, hiperlaudoriozkoa.

5. Euskal idazle arrakastatsuak diskretoki abertzalea izan behar du. Kontuz: horrek ez du esan nahi abertzale erradikala ezin daitekeenik izan; izan daiteke, baina diskretoa den heinean: abertzaleegi azaltzea ez da komenigarria, ezta ere. Hau lortzeko ez zaio faltako urtean zehar manifestu eta artikulu zenbaitetarako sinadura-eskaerarik. Edozein kasutan, ezin dena inolaz ere izan, konstituziozalea da (berdin dio Konstituzio hori frantsesa edo espainola den): hori, ezta burutik pasatu ere. Gaztelaniaz edo frantsesez idatzi arren, idazlea errazago bihurtzen da “euskal idazle” abertzale izanda, euskaraz idatziz eta ez-abertzalea izanda baino.

6. Politikoki zuzena izan behar du euskal idazle arrakastatsuak, hau da, egia handiak eta borobilak esan behar ditu etengabe, baina inor gehiegi molestatu gabe, beti ere. Bere liburuetan ondo hitz egingo du, beraz, emigranteez, zaharrez, edozein jatorriko indigenez, eta abarrez, eta gaizki, militarrez, bankariez eta antzeko piztiez. Zer esanik ez, euskal gatazkaren gaia albo batera uzten saiatuko da benetako euskal idazle arrakastatsua.

7. Sarien aurrean jarrera bikoitza izango du euskal idazle arrakastatsuak. Egokitzen ez zaizkionean, ahalik eta mezprezu handienaz hitz egin behar du haietaz (“nik ez dut sarien esperoan idazten”, “ez dut sekulan pentsatzen sarietan”). Sariren bat egokitzen zaionean, ordea, apaltasunez jokatuko du, eta hura sozializatzen saiatuko da, idazle-belaunaldi oso baten edo are euskal literaturgile guztien lorpena izan dela azpimarratuz. Kontuz: saria da sozializatu edo kolektibizatu behar duena; inola ere ez sari-ordaina.

8. Euskal idazle arrakastatsua izateko ez da gehiegi irakurtzea komeni: gizarte-harremanak garatzeko denbora kentzen du; zinema eta, batik bat, telebista, ordezko bikainak dira. Nola ez, literatur erreferentziarik bota beharra dago noizik behin, aurkezpenetan, elkarrizketetan eta halakoetan, eta horretarako biziki gomendagarriak dira, esaterako, Julio Cortázar eta Gabriel García Márquez-en izenak, eta idazlearen aukerako beste pare bat gehiago, akaso. Borges eta Vargas Llosa bezalako eskuindarrak kosta ahala kosta saihestu behar dira. Izen arrarorik ez, mesedez: idazlea bezain jakintsuak eta azkarrak direla pentsatu behar dute bai kazetariek bai irakurleek ere.

9. Nobelaren nekeaz atseden hartzeko, haur eta gazte literaturako lanen bat edo beste idatzi eta argitaratuko du idazle arrakastatsuak, ume bat zer izan ote daitekeen ez badaki ere. Prestigiotxoren bat ematen du, eta, bestalde, bezero posibleak txiki-txikitandik zaindu behar dira. Berdin dio lana oso ona ez bada (normalena litzatekeena, baldintza horietan idatzia izanez gero): aurkituko du, ziur egon, argitaratuko dionik.

10. Halaber, euskal idazle arrakastatsuari komeni zaio, aldian behin, bidaia-liburu edo kronikaren bat argitaratzea: zein kosmopolita eta kultur aniztasunaren aldekoa den erakutsi behar du izkiriatzaileak. Berdin dio nora egiten duen bidaia, New Yorkera edo Pragara, Parisera edo Cuzcurrita del Río Tirón-era (Errioxa): kontua, jakina, Euskal Herritik ateratzea da. Dena dela, zenbat eta eszenatoki exotikogoa (oihan tropikala, basamortua, bost mila metrotik gorako mendiak...), hainbat eta hobeto. Bidaia bizikletaz edo txingoka eginez gero, bingo.

11. Idazle arrakastatsuak euskara laua eta erraza erabiliko du. Komeni zaio txukun idaztea, noski, baina ez da ezinbestekoa: hortxe dago argitaletxearen zuzentzailea ergatiboak behar diren tokietan ipintzeko, eta aditz-sintagma aurreratzeko edo atzeratzeko.

12. Eta, last but not least (eta jadanik deduzituko zenez), euskal idazleak, arrakasta lortu nahi badu, nobelak idatzi behar ditu. Hau gazte izatea bezain ezinbestekoa da. Tira, poeta izateak lagun dezake, baita ere, poetek eta poesiak badutelako oraindik zer edo zer, oso literarioa dena; baina, lehenago edo geroago, poeta nobeladun bihurtu beharko du, arrakasta eskuratzeko gogorik badu bederen.

Nobela ona edo txarra den, ez du askorik axola: kalera irten bezain laster zain izango ditu, alde batetik, promozio-kanpaina, eta, bestetik, euskal kritikaren abegitasun orokorra. Batik bat kontuan hartuta, ziurrenik, eta laugarren puntuari jarraituz, adiskideren batek egingo diola kritika hori.

Eranskina: liburuaren aurkezpen-egunean eta promozio-kanpainian zehar, eta seigarren puntuaren salbuespen gisa, euskal idazle arrakastatsuak boutaderen bat edo beste plazaratu ahal izango du, liburua hobeto saltzeko helburuarekin. Ondoren, guztiz politikoki zuzena izaten jarraituko du.

Beraz, badakizue: eros ezazue Obabatiko tranbia (Alberdania, Zerberri saila, 2002).

Mila esker.

Iban Zaldua

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi
2002-12-09 : 13:04



Jeniala!



Aspaldi ez nuen halako barrerik egiten. Barre gaiztoa, hainbat izen imajinatzen nituelako lerro bakoitzeko, eta barre zuria aldi berean, izen horiek esan ezin direlako.



Niri dagokidanez, penaz geratu naiz batetik, idazle arrakastatsua ez naizelako, baina pozik bestetik, arrakastatsua zergatik ez naizen ulertu dudalako. Izan ere, gazte izatea eta gazte ematea baita lehenengo eta ezinbesteko baldintza, eta ni gazterik hasi nintzen burusoiltzen. Beraz, lehen printzipioaren korolarioa, contrario sensu, hauxe da: alopezia duena ez da idazle arrakastatsu izango.



Askoz komentario gehiago nituzke egiteko, baina astirik ez.



Zorionak Iban, eta suerte on liburuarekin.



Xabier Mendiguren Elizegi

Pepito
2002-12-09 : 13:15

Nik beste bat gehitzen dizut:


13. Zure argitaletxeak internetez zure liburuen propaganda egitea.


Aupa Iban, eta zorionak!


Hala ere, bide honetan ez zara inoiz arrakastatsu bihurtuko. Begira hemen
Alberdaniako nobedadeak . Sentitzen
dut baina oraindik (edo jadanik) ez zara nobedade dirudienez...


Taxi Driver
2002-12-10 : 12:24

>
> 11. Idazle arrakastatsuak euskara laua eta erraza erabiliko du. Komeni zaio txukun idaztea, noski, baina ez da ezinbestekoa: hortxe dago argitaletxearen zuzentzailea ergatiboak behar diren tokietan ipintzeko, eta aditz-sintagma aurreratzeko edo atzeratzeko.


Zaila duzu, Iban, zure argitaletxeko zuzentzailearen bista onarekin arrakasta lortzeko.


Hemen zure Plan Estrategikoa 2002-2003 biurtekoari dagokiola adierazi diguzu, baina Alberdaniak Durangon banatu zuen paperean 2002-2003 bihurtekoa aipatzen zen. Harrapatzen ez nuen txiste bihurria ez ote zen pentsatu nuen...


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago