Teknologia albisteak
5

Ezustea: Eusko Legebiltzarrak onartu egin ditu jaurlaritzaren aurrekontuak

Erabiltzailearen aurpegia
Aitita Makurra
2002-12-27 : 14:12

Jaime Mayor Orejak ezusteko oparia eman dio Juan Jose Ibarretxeren gobernuari: hamabost minutu berandu iritsi eta ezin izan da sartu ganberan, legebiltzarkideak botua ematen ari zirelako. Oposizioko hiru kide gehiago falta zirenez, gobernuak irabazi egin ditu bozketak. Beraz, EAEk badu aurrekonturik 2003rako.

Errege Magoek ikatza ekarriko diote Jaime Mayor Orejari, Galiziako kostaldea zikintzen ari den fuel olioa bezain beltza bai behintzat. Gaur goizean berandu iritsi da Eusko Legebiltzarrera, hamabost bat minutu bai. Lasai zihoan, ordea, oposizioak gehiengoa baitzuen, 39 botu, eta botazioa ez baitzen hasiko arratsaldeko ordubiak arte.

Baina usteak ustel gertatu zaizkio Mayor Orejari. Oposizioko beste hiru parlamentario falta baitziren: ASko Josu Urrutikoetxea, ihes eginda eta Arnaldo Otegi, pneumoniak jota. Eta Idoia Mendia sozialista, ospitalean haurdunaldia korapilatu zaiolako.

Egoera ikusita, gobernuko kideek kontuak atera eta erabaki dute ez parte hartzea aurrekontuen eztabaidetan. Horrela bada, botazioa iritsi da uste baino dezente lehenago. Eta orduan hirukoa zen nagusi: 36 botu baitzituen, oposizioak 35 zituen bitartean.

Laprastada honen ostean —gogoan izan Euskal Herrian galdu egin dituela hauteskunde guztiak, azkena maiatzaren 13an—, zaila izango du Mayor Orejak Espainiako lehendakaritza irabaztea. Zesarrek ez ditu saritzen galtzaileak.

Informazio gehiago, hedabide hauetan:

El Pais

La Vanguardia

El Mundo

Erantzunak

Asto Rider
2002-12-27 : 14:51

> Jaime Mayor Orejak ezusteko oparia eman dio Juan Jose Ibarretxeren gobernuari



Egon pixka bat: gaur abenduak 27 ditu, ala 28? Demontre, egutegia begiratuko dut, ez, gaur 27 ditu, beraz...



Bejondeiela: oposizio guztiak bat egin du, kargak hainbanatuta, Jaurlaritzari aurrekontuak aurrera ateratzen uzteko. SAko 2 gehi PPko 1 gehi PSEko 1, guztira 39 ken 4, berdin 35. Gutxiegi, EAJ+EA+EB 36 baitira.



Nik ezkutuko paktua ikusten dut hor, gure egoera ilun honetatik ateratzeko lehen zirrikitua, egiazko batasun nazionalaren hastapena, ez didazue ukatuko.



Gauza bat, behintzat, argi dago: Mayor Oreja indarturik ateratzen da Espainiako gobernuburutzarako.

Txema
2002-12-27 : 15:09

Inola ez. Oreja parlamentura joan da, baina berandu eta Otegi gaixorik omen dago Morcilloren hitzetan, Oreja minutu batzuk lehenago heldu izan balitz aurrekontuak atzeratu egingo lirateke.

Begira dagoena
2002-12-27 : 15:27

Ezusteko galanta bai. Baina interesgarriena hemendik aurrera hasten da. Adibidez, berria emateko bataila mediatikoa. Ikus adibidez, nola ematen duen berria EL MUNDOk, goiko mezuan dagoen estekatik abiatuta irakur daitekeenez:



"ALGUNOS DIPUTADOS, como el líder del PP vasco, Jaime Mayor Oreja, no llegaron a tiempo a la votación y provocaron con su ausencia la aprobación de las cuentas del Ejecutivo vasco para el próximo año. Además del presidente del Grupo Popular, faltaron Arnaldo Otegi y Josu Urrutikoetxea, de Socialistas Abertzales (ex Batasuna) y la diputada socialista Idoia Mendia, que ha dado a luz." (maiuskulak nireak dira)





"Algunos diputados" Larru sendoa behar da... Badirudi EL MUNDOk erabaki duela kosta-ahala-kosta don Jaimerena zuritzea. Zer esango dute gaurko Telediarion?



Dena dela, oraindik interesgarriagoa izango litzateke Raxoi, Rato, Gallardon eta konpaniaren komentarioak entzutea... Eskainiko ote dizkigu EL MUNDOk?



markos zapiain
2002-12-27 : 21:26

Garbi geratu da Carmelo Barrio dela Xabier Arzalluzen satorretako bat.



Baina... Mayor Oreja ere bai?



Bestalde, ea Arnaldo lehenbailehen itzul daitekeen perretxiko biltzera.



Bronkitisa eta pneumonia sendatzeko, gurean Echinacea eta Propolis erremedio naturalak erabiltzen ditugu, eta biziki eraginkorrak dira Ala Tutatis!



Hala ere, Arnaldoren eritasuna hain-hain latza ez balitz, eta zenbait arazo larriekiko jeltzaleen utzikeria egiaztaturik, eta ETAk detaileren bat balu, komandanteordeak eskatu menia ezarri esate baterako, ba orduan EHk aspaldi bereganatzen ez dakien herritar pilo handi baten begirunea eta are bozak ere eskuratuko lituzke ziur aski

Luistxo
2003-01-02 : 15:20

Gizon hau badabil bai, halako disfuntzio tenporal batekin. Beti iraganean dabil. Esate baterako, Isabel San Sebastian-ek idatzi zion biografia, Mayor Oreja, una victoria frente al miedo, amaitzen da juxtu-juxtu 2001eko maiatzaren 12an. Bada gero, kasualitatea.


Atzerapenarekin ere, liderraren gune ofiziala: www.jaimemayor.com


Erantzun

Sartu