Teknologia albisteak
1

Durangoko azoka ez da dena

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren
2003-01-28 : 12:01

Behin baino gehiagotan aurpegiratzen digute liburugintzaren inguruan gabiltzanoi Durangoko azokari begira gabiltzala, harako ateratzen direla liburuak oro eta urtearen gainerakoa basamortu bihurturik daukagula. Ez da egia. Hemen liburu proposamen batzuk.

Kasuren batean izan liteke, baina oro har ez, inondik ere. Gertatzen dena da Azokaren inguruan komunikabide guztiak argitaletxeei eta idazleei begira daudela, hala tokatzen delako, eta komunikabideetan ateratzen ez garenean asko eta asko enteratu ere ez direla egiten zertan gabiltzan. Eta bagabiltza, ibili. Hori dela-eta ausartu naiz mezu hau bidaltzera, informazioarekin batera propaganda pixka bat ere izango duen arren. Hain zuzen, Elkar argitaletxeak 2003ko udaberrian helduentzako literaturan (eta zehatzago narratiban) aterako dituen liburuen berri ematen da bertan, liburuzaleentzat gauza hauek aldez aurretik jakitea interesgarria delakoan. Beharbada hau ikusita beste argitaletxeek ere bidaliko dute eurena. Nik badakit, adibidez, beste argitaletxe batek Jon Alonsoren eta Hasier Etxeberriaren nobela bana aterako duela.

Irakurketa berri on!

2003ko Udaberriko nobedadeak

LITERATURA

  • Xabier Montoia: Denboraren izerdia (Otsailean kalean) Pertsonaia konplexu baten erretratu zorrotza eta azken hogeita bost urteetako gure historiaren errepaso gupidagabea elkartzen ditu Xabier Montoiak bere nobela berrian. Jon Ezenarro protagonista ur gaineko bitsetan dabil: film bat estreinatu berri du Madrilen boteredunen babes osoarekin, emaztegai polita eta maitale sutsua ditu aldi berean, dena du alde, baina dena izorratuko zaio bat-batean, historiaren txantxa dirudien mendeku baten erruz. Hortik aurrera, infernuetara jaitsiko da Ezenarro, iraganeko mamuekin borrokatu beharko du, eta bertatik bertara ikusiko du zahardadearen eta mixeria fisikoaren aurpegi krudela. Ohi duen maisutasun eta gordintasunez idatzi du Montoiak eleberri hau, eta ziur gaude irakurlea ez duela axolagabe utziko.
  • Unai Elorriaga: Van't Hoffen ilea (Martxoan kalean) SPrako tranbia bere aurreko eleberriarekin Espainiako Narratiba Sari Nazionala eskuratu ondoren, jende asko dago zain, Elorriagaren liburu berri bat noiz aterako. Sari hori irabazterako bukaturik zeukan ia bere hurrengo nobela, Van´t Hoffen ilea, orain dela bi urte bereganatu baitzuen idazle gazteentzako Igartza beka, proiektu hau aurrera eramateko. Maitagarri bezain xelebreak dira liburu honetako pertsonaiak ere, bai protagonistak bai bigarren mailakoak, eta haien bitartez hainbat gertaera arraro eta istorio bitxi ezagutuko ditugu. Tipula baten antza dauka nobela honek, ordea, itxuraz ikusten denaren azpian beste zerbait ezkutatzen baita, eta azal baten azpian beste azal bat, misterioz misterio gizatasunez beteriko amaierara iristen garen arte.
  • Joxean Agirre: Romain zen bere izena (Apirilean kalean) Literatur sorkuntzarako III. Joseba Jaka beken deialdian irabazle gertatu zen Joxean Agirre, eta dirulaguntza haren bultzadarekin idatzi du honako eleberri sorgingarri hau. Obra zoragarria idatzi baina bere burua ezkutuan gorde duen idazle baten bilaketak osatzen du nobelaren ardatza. Balizko idazle horren emazteak senarra hil eta argira ekarri nahi du sekretua; misterioa konpondu ordez gero eta gehiago korapilatuko da ordea, irakurlea txunditu eta dibertituko duten bihurguneetan. Pasarte antologikoen bitartez, literaturari buruzko gogoeta eta emakumearen gaineko kontenplazio deboziozkoa elkartu ditu Agirrek, bere gai kuttunak biak ere, aurreko bere eleberrietan ere nabarmen ageri zirenak: Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (Café Iruña Saria) eta Elgeta (Irun Hiria eta Beterriko Liburua sariak)
  • Xabier Mendiguren Elizegi: Uda betiko balitz (Apirilean kalean) Haurtzaroko lilura, nerabezaroko kilikak eta haztearen larriak dakarzkigu Mendigurenek liburu berri honetan. Udalekuak aitzakia harturik, hiru udatan eta bost urtetan zehar luzatzen den nobela koral bat idatzi du (76, 78 eta 80ko udaldiak ageri dira, hurrenez hurren), introspekzioarekin batera identifikazioa lortzeko asmoz, erretratu pertsonala bezainbat kolektiboa. Aipagarria izan daiteke, halaber, erabilitako teknika, pasarte narratibo-deskriptiboekin tartekatuz gutunak azaltzen baitira, mutiko batek urte horietan barrena etxekoei eta lagunei idatziak, eta hizkuntza guztiz ahozko batetik abiatuta pixkanakako alfabetakuntza ikus liteke berorietan, modu aski injenuo baina umoretsu batean.
  • Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketako irabazlea, (Maiatzean kalean) Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak aurten antolatu dute bigarrengoz nobela laburren sariketa hau. Iaz izan zen lehenengo deialdia, eta Alberto Ladron Arana iruinsemeak eskuratu zuen Xake-Mate eleberriari esker. Aurrekoan bezala, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Txiliku idazleek jardun dute epaimahaiko lanetan, eta aurki jakinaraziko da aurtengo irabazlearen izena. Saritutako lana, berriz, maiatz aldean argitaratuko dugu.

Erantzunak

Itziar Iturriberrigoikoerrotakoetxea
2003-01-31 : 09:59

Atzoko Gara egunkarian irakurri nuen, epaimahaiak sari hau eman gabe lagatzea erabaki duela, aurkeztutako nobelek ez dutelako beharrezko mailarik.



Nire ustea da Xabier, maiatzerako aurreikusten zenuen argitalpen horretarako lekutxoren bat egin beharko diezula epaimahaikideei, euren ustez, beharrezko maila betetzen ez duten bederatzi nobela irakurri eta gero, garunak ideiaz borborka edukiko dituztelako.



Ondo izan.

Erantzun

Sartu