Teknologia albisteak

Sakelako telefonoak bat egingo du blogekin

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-02-19 : 10:02

Laster gai izango gara sakelako telefonotik erantzuteko Sustatun agertzen diren artikuluei, urte honen hondarrean aurkeztuko den software bati esker. Google enpresak, bestalde, erosi egin du Pyra Labs, blogak ezagun egin zituen enpresa.

Urte honen amaieran NewBay Software enpresak kaleratuko du FoneBlog programa, zeinen bidez posible izango baita weblog edo blogak eguneratzea sakelako telefonotik. Konpainiaren arduradunek atzo aurkeztu zuten produktu berria Frantzian, Cannes hirian egiten ari den 3GSM Munduko Biltzarrean, erakusketa handi bat haririk gabeko telefonoen inguruan.

Enpresak adierazi du software berriarekin blogak eguneratuko direla erablita bai SMS (mezu laburren zerbitzua) nahiz MMS (multimedia mezuen zerbitzua). Telefono konpainiak ere interes handia erakutsi dute iragarpen honen aurrean, ikusten baitute teknologia honetan dirubide berria.

Blogak, puri-purian

Weblogak edo blogak izugarri ugaritu dira azken urteotan. Bitakora kaieren antzekoak dira. Batzuetan, Sustatun bezala, albisteak eskaintzen dira. Beste batzuetan, aldiz, egunerokoak idazteko balio dute. Artikulu gehienek loturak eskaintzen dituzte Interneteko beste webgune batzuekin, eta honek beste modu bat sortzen du albistea irakurtzeko. Jeneralean, gainera, albiste edo artikulu berrienak goiko aldean eskegitzen dira, eta aukera ematen dute erantzuteko, edo iruzkinak egiteko. Kazetaritza modu berria sortu da blogen inguruan, orain artekoa baino askoz ere dinamikoagoa eta irekiagoa.

Milaka eta milaka blog sortu dira azken zazpi urteotan eta gero eta eragin handiagoa dute. Trent Lott Senatuko liderrak komentario arrazistak egin zituenean AEBetan, egunkari handiek ez zioten kasurik egin. Washington inguruko zenbait blogek, aldiz, gogor kritikatu zuten eta gainerako hedabideen arreta erakarri zuten gaiaren inguruan. Lottek utzi egin behar izan zuen kargua iazko abenduan.

Gero eta jende gehiago ari da konturatzen blogak zein eraginkorrak izan daitezkeen eta dagoeneko hasi dira erabiltzen unibertsitateetan, enpresetan eta administrazioan.

Googlek Pyra Labs erosi du

Google bilatzailearen konpainiak, bestalde, erosi egin du Pyra Labs, hasiera-hasieran blogak ezagun egin zituen enpresa. Milioi bat erabiltzaile baino gehiagok erabiltzen dute azken honen softwarea, Blogger izenekoa. Eta horietatik 200.000 bat ari dira blogak argitaratzen.

Evan Williams Pyrako sortzaileak adierazi du oso pozik dagoela, “erosketa honi esker Pyrak behar dituen bitartekoak izango baititu hasieran amestutako helburuak egia bihurtzeko”. Helburu horien artean bat izan da demokratizatzea informazioa nola sortu eta hedatzen den.

Oraindik ikuskizun dago zer egingo duen Googlek Pyra erosi eta gero. Aurretik erosi izan ditu beste enpresa batzuk, eskaintzen dituztenak edukiak sarean. Eta erosketa horien haritik sortu berri du Google News albiste zerbitzua.

Erantzun

Sartu