Teknologia albisteak
14

Denok Donostiara, Egunkaria aurrera, Bai euskarari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2003-02-22 : 09:02

Kontseiluaren deia da. Arratsaldeko 17.00etan Donostiako Antigua auzotik Kontxan zehar Bulebarreraino. Egunkaria aurrera, bai euskarari. Hori da lema.

Egunero berriz (2. zenbakia) kalean eta sarean da gaur, eta horixe bera dio: Denok Donostiara.

Bestalde, askatasunaren eta euskararen kontrako lapurretarekin nahikoa ez balitz, iraina gehitu diote erasoari: Martin Ugalderen diru kontu pertsonalak blokeatu dituzte.

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak bi dei egin ditu manifestazioaren atarian:

  • Lehena, gizarteari, euskararen defentsan eragile aktibo izan dadin;
  • Bigarrena, erakunde, sindikatu, alderdi eta gizarte erakunde guztiei, euskalgintzaren defentsan inplika daitezen. Izan ere, gehiengo soziala duen euskararen aldeko jarrerak behar duen akordio politiko sozial zabala egiteko garaia da eta horretarako behar diren bideak, guztiek jar ditzatela eskatzen dugu.

Kontseiluak dio:

Azken urteotako hizkuntza normalizazio prozesuari beste kolpe bat eman nahi izan zaio, euskaraz argitaratzen den egunkari bakarraren kontra joz. Euskal Herriaren nortasun elementurik inportanteenak suntsitzea dute helburu ekintza judizial eta polizial hauek. Euskara, gure hizkuntza, Euskal Herriaren izaeraren elementurik funtsezkoena eta herritar guztion ondarea interes politikoen arabera erasotzea onartezina da.

Egunkariaren aurkakoa ez ezik, Ikastolak, Jakin, Argia eta Plazagunea izan dituzte jomuga; lehen, AEK-k, Zabaltzenek, EHEk, Abokatu Euskaldunek, IKAk eta euskalgintzako beste hainbat erakundek pairatu dute egoera hau

Bestalde, atxilotuek inkomunikatuta segitzen dute. Eta atzo jakin zen beren diru kontuak bahitu egin dituztela Entzutegi Nazionalaren aginduz. Ez bakarrik atxilotuenak, baita ere Martin Ugalde Egunkariako Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakariaren diru kontu pertsonalak. 80 urte ditu Ugaldek, osasunez makal dabil, eta ezin izan du Egunkaria itxi dutenetik agerpen publikorik egin.

Kalean eta sarean

Eguneroren bigarren zenbakia kalean banatu da gaur goizean, atzo bezala. 16 orrikoa gaurkoa ere, gai bakarrekoa. Interneten ere irakurri daiteke:

  • www.egunero.info orrian testu osoak. Atzo arratsaldez konexio arazoak izan ziren. Gu gaur goizean azkar azkar sartu gara horra.
  • Egunkariaren aldeko hackerren orrian, PDF formatuan edo orri guztien irudiak, fotokopiak egiteko moduan, eta iragarkiak ikusteko aukerarekin ere: http://www.inventati.org/egunkaria/

Erantzunak

Egunkaria Askatu
2003-02-22 : 09:40

Gustoko dugulako...

Euskara herri honen bihotza delako...

Geure eskubidea delako...

Isilduko ez gaituztelako...

Geurea delako...

...



ez daukak aitzakiarik...



GAUR, LARUNBATA, 17:00etan ANTIGUON!!



EGUNKARIA ASKATU!! etor hadi!!!

Aretxabaletako EHE
2003-02-22 : 09:42

Atzo arratsaldeko 8etan 150 pertsona elkartu ginen udaletxe aurrean Euskaldunon Egunkariaren eraso hau salatzeko, eta baita euskararena ere.
Kontzentrazioan lema hau izan da: Euskal Herririk ez Euskararik gabe!!


Besterik gabe gero Donostian bat egingo dugu, eraman denok Eguneroren ale bat eta animo atxilotuei!!


Gora Euskara eta Egunkaria!!!!!!!!


M.K.
2003-02-22 : 09:45

Egunero kaleratzen dela-eta, harpidetza kanpaina abian dago jada! Dagoeneko Egunkariaren harpideduna bazara, ez duzu orain berriz egin beharrik, baina irakurle berriak ongi etorriak izango dira.


Bidali zure datuak, telefonoan eta k/k helbide honetara:


Martin Ugalde Kultur Parkea, edizio zuria, 20140 Andoain.


Euskarak behar zaitu!


Arrasate Euskaldun Dezagun
2003-02-22 : 11:04

> Gustoko dugulako...

> Euskara herri honen bihotza delako...

> Geure eskubidea delako...

> Isilduko ez gaituztelako...

> Geurea delako...

> ...

>

> ez daukak aitzakiarik...

>



Egunkariaren aldeko su-garra bizi bizi eramango dugu Arrasate aldetik ere.



Arrasateko Euskalgintzak 3 autobus bete ditu.



Ea euskaldunon orroa mundu osora zabaltzeko gai garen!





Denok gara EGUNKARIA



Bai EUSKARAri!

E.
2003-02-22 : 11:25

Nik langileen egoera dut kezka, eta ez dakit ideia zoroa izanen den, baina bururatu zait agian, behin behineko neurri gisa, sindikatu eta elkarte profesionalen bidez egin zitekeela zerbait.



Sindikatuek huelgetarako erresistentzi-kutxak eta antzeko mekanismoak badakite antolatzen, eta, oraingo honetan, gainerako aferak argitu eta bestelako erabakiak hartu bitartean, halako zerbait edo pareko antolatzen ahal dute.



Sindikatu eta elkarteetako kideoi ere aparteko kuotak eskatzen ahal dizkigute, ni behinik behin prest nintzateke halakorik onartzeko, Egunkariako langileei diru-sarrerak bermatze aldera (ahal delarik Gizarte Segurantza barne).



Bestalde, gauzak ahal den modurik argien eta legezkoen egin beharlo lirateke, non eta diru hori inork *desbideratu* edo *bahitzeko* aukerarik izan ez dezan.



Ez dakit zenbat diruz ari naizen (kontabilitate kontutan ez naiz batere ona), eta ez nago seguru proposatutakoa astakeria den, baina gutxienez, kalkuluak egin eta proposamen hau aztertzeko eskatzen diet euskal sindikatu eta elkarte profesionalei (kazetari, irakasle, teknikari, itzultzaileena...). Manifestazioa eta gero ere, langile horiek, guztiok bezala, **bizi behar baitute!**



Arrasate Euskaldun Dezagun
2003-02-22 : 12:32

Su-garra indartuz doa



Laugarren autobus bat ere hartu behar izan dugu eta ia ez da lekurik gelditzen.



Autoz doan jendearentzat ez dakit lekurik egongo den ere!



DENOK DONOSTIARA,

EGUNKARIA AURRERA!

markos zapiain
2003-02-22 : 13:17

Josu Landak, gaur goizean, Euskadi Irratian, Arantxa Artzaren saioan:



"Eskerrak Joxemi Zumalaberen gorpua erraustu egin zutela, bestela haren hilkutxa ere prezintatuko zuketen"

Maixa
2003-02-22 : 13:22

Bermeon, dagoeneko, lau autobus betetu dira arratsaldeko manifestaziorako. Egunkaria aurrera!

Ander Izagirre, Josu Iztueta (Donostiatik)
2003-02-22 : 14:04

Pasa den astean, Egunkariaren ale bat eman genien kazetari turkiar batzuei Istanbulen.


Pasa den astean, Egunkariaren ale bat eman genien kazetari turkiar batzuei Istanbulen.


Pasa den astean, Egunkariaren ale bat eman genien kazetari turkiar batzuei Istanbulen. Irakera zihoazen giza ezkutuekin geunden han, zenbait gobernuk isilarazi nahi duten beste ahots horiek jaso eta zabaltzeko. Orain, etxean bueltan, ahots kritikoak isilarazteko joera mundialak euskarazko egunkari bakarra itxi digula kontatu behar izan diegu lagun turkiarrei. Kazetariontzat -eta gure bideak hitzarekin eraiki behar direla sinisten dugunontzat- egun mingarriak diren hauetan, elkartasunezko besarkada bat bidaltzen dizuegu. Kioskoan bilatuko zaituztegu.


Ander Izagirre, Josu Iztueta
Kazetari-bidaiariak


Joxe Aranzabal
2003-02-22 : 16:47

Azkenean ez naiz izango Donostian, makal samar nago eta. Aste honetan kimioterapia hartzen ibili naiz eta gaur igarri. Tamalez, gogo bizia bainuen zuekin batera aldarria egiteko Egunkariaren eta euskararen alde.


Zorionak Egunkariko langileei, egin duzuen lan eskergagatik eta erakutsi duzuen adoreagatik. Zorionak ere Donostiara joan zareten guztioi eta, joan ezinik ere, gaitzesten duzuenoi bidegabekeria hau. Denon artean lortuko dugu atxilotuak askatzea eta Egunkaria berriro ere kalean izatea bere jatorrizko izenarekin.


Besarkada handi bat atxilotuei, beraien senitartekoei eta egunero Egunkaria egiten duzuenoi.


Egunkaria aurrera, bai euskarari!


jose anjel aldai
2003-02-23 : 16:39

Eman digute joan den astean belarrondoko latza.





Eta kendu digute dena.

Hala nahi izan dutelako bakarrik. Eta nahi izan duten bezala.

Baina zuei eman dizuete latzena. Kartzelaratu egin zaituztete batzuk, eta soineko galtzak besterik ez dituzuela kale gorrian utzi denak.



Baina ba al daki inork zenbaterainoko injustizia egin duten. Inork sumatu ere egiten ote du zenbat lan egin duzuen eguna joan eta eguna etorri zuen bizitzako urte politen hauetan egunakaria kioskoan izan zedin goizero, eta hark esan zuen bezala, eskuetatik erortzeko modukoa izan ez zedin, gainera. Inork ez daki zenbat lan eman duen horrek.

Eta orain dena kendu digute. Dizuete.



Eta tristura izaugarria, izugarria, eman dit. Eta etsi samartuta ere gelditu gara une batez.

Baina atzo zuen begi beltzetan berriro ikusi dudan dizdira indartsu horrek berpiztu nau. Erakutsi diguzue berriro gai zaretela, orain arte bezala, asko ematen jarraitzeko.

Danon laguntza beharko duzue horretarako, eta ikusiko dugu huts egin gabe zuei erantzuko gai garen. Ikusiko dugu mikrofonoetatik atzo eskatzen ziren ausardiak-eta azaltzen diren. Hala bedi.



Egunkariako langileek ez diguzue hutsik egin, eta merezi duzue-eta.



aldo



DANTZARI POETA
2003-02-23 : 20:58

348.342. ardi beltza





2003ko otsailaren 20a,

egueneko ordu txikiak,

ez dakit zein Del Olmo izeneko epaileak

mendizorriak bidali ditu

Andoaina, Tolosara, Zarautza, Eibarra...



Euskaldunon Egunkaria itxi dute mendizorriek;

hamar lagun atxilotu;

hori da gaurko lehenengo notizia.



Mendizorriak,

halaxe deitzen zien aitonak goardia zibilei.



Ardi galdua,

ardi beltza esaten zidan amak,

artaldetik kanpoko lagunak egiten nituenean,

artaldetik kanpoko lagunekin joaten nintzenean,

alaba euskaldun prefektuaren bidezidorreko ibaitik

beste ibaiadar batzuetan nabigatzeari ekin nionean.



Nahiz eta kaiku, eliza, txistu, danbolin eta euskal dantza albo batera laga izan,



Nahiz eta Rokanrolla dantza egitea, flamenkoa, punk estetika, euskal rock radikala, droga batzuk, minimalismoa, kotxe karrerak, diskotekak, gitarra jotea, etxeko eta kanpoko musika, parranda... gustatu izan,



Nahiz kastellano baten nobia, mendizalea, oholtzako antzezlaria, musikaria, funtzionarioa, bidaiazalea, amagaia, emaztea, txirrindularia...izan,



Nahiz eta kastellanoen, elizkoien eta ateoen, drogazaleen, gay-en, atzerritarren, musulmanen, piraten eta iraultzaileen...lagun izan.



Nahiz eta motxaila piurarekin jantzi, ni beti izan naiz dantzari-poeta.



Nahiz eta askotarik probatu izan,

porrusalda horren guztiaren erdian euskalduna izan naiz orain eta beti;

ez naiz sekula sentitu, ordea, bakarrik;

Euskal Herriko herrietako harriek ere,

mailukadak behar dituztelako gara ardi beltzak ugari.





Gaur, zapatua, otsailak 22,

ardi beltz, zuri, gorri, urdin, berde nahiz hori,

uniformitateak sekula ez dit graziarik egin,

denok batera elkartu gara Donostian,

otso beltzari belarriak berotzeko.



Euskaldunon Egunkaria delako

gureko eta atzerriko,

guretako eta atzerritarrendako

egunerokoaren euskarazko adierazlea.



Horregatik, ez gaituzte isilduko,

inoiz,

inola,

inon,

ez hemen,

ez atzerrian.





348.343. ardi beltza
2003-02-24 : 20:08

Poesia polit hori irakurtzerakoan gogora etorri zaizkit lehengo larunbatean Donostiako manifestazioan ikusitako hainbat eta hainbat "ardi beltz". Askotan, euskalduntasuna eredu jakin batzuekin lotzen dugu, era bateko pertsonekin, alegia; eta lehengo egunean euskalduntasuna hori baino haratago dagoela ikusteko parada ezin hobea izan genuen.

Dena den, politikoei (guztiei) txistu oraingoan ere, eta herritarroi txalo. Beti horrela jokatuko bagenu!

ardi.beltza
2003-02-25 : 18:06

> Poesia polit hori irakurtzerakoan gogora etorri zaizkit lehengo larunbatean Donostiako manifestazioan ikusitako hainbat eta hainbat "ardi beltz". Askotan, euskalduntasuna eredu jakin batzuekin lotzen dugu, era bateko pertsonekin, alegia; eta lehengo egunean euskalduntasuna hori baino haratago dagoela ikusteko parada ezin hobea izan genuen.
> Dena den, politikoei (guztiei) txistu oraingoan ere, eta herritarroi txalo. Beti horrela jokatuko bagenu!


Erantzun

Sartu