Teknologia albisteak
2

Microsoftek ez du egingo Explorer Mac-entzat

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-06-17 : 11:06

Microsofti ez zaio gustatu Applek bere nabigatzailea egitea. Hori dela eta, joan den ostiralean erabaki zuen aurrerantzean ez egitea Internet Explorer Mac ordenagailuentzat.

Microsoftek oraindik babestuko du Internet Explorer Mac bertsioan eta egingo dio hobekuntzarik, baina bertan behera utzi du nabigatzaile nagusiaren garapena Mac sistemarentzat. Finito. Kaput.

Horixe esan zuen joan den ostiralean Redmonteko enpresak prentsa ohar batean. Explorer 5.ak ez du 6.nik izango, Windows sisteman duen bezala. Beraz, oraingo bertsioa mantentzea eta honentzat adabakinak egitea, bai; garatzerik, ostera, ez.

Mehatxua ote?

Erabaki honek badu zerikusirik, noski, Applek bere nabigatzailea, Safari, sortu izanarekin. Baten batek pentsatu du hau izan daitekeela abisu bat Applentzat, zer gerta dakiokeen hasten bada programak egiten, lehia egingo dietenak Microsoftek egindakoei, batez ere Office paketea osatzen dutenei. Kontuan izan joan den urtarrilean Safarirekin batera, Applek beste programa bat aurkeztu zuela, Keynote, aurkezpenak-eta egiteko.

Hala ere, oraingoz ez da horrelakorik gertatuko. Izan ere, Microsoftek argi esan du Mac Negozio Unitateak gogor diharduela lanean Office pakete berria egiten. Halaber, iragarri du laster etorriko direla Mac-entzako bertsio berriak beste programa hauetan: Virtual PC, Messenger eta MSN, denak ere bereak.

Erantzunak

r. xalba garez
2003-06-17 : 15:24

Zertarako Explorer bestelako nabigatzaileak eukita?



Doala pikutara mister Bill Mikrotxoff bere lukurreria monopolistiko, super-ego eta "Fortune" aldizkariko aberatsenen hit-parade iraingarriekin.



Ea software libreak bere lekuan jartzen duen... Ojala, hain boteretsua ez balitz...

Joxe Rojas
2003-06-17 : 18:01

> Microsofti ez zaio gustatu Applek bere nabigatzailea egitea. Hori dela eta, joan den ostiralean erabaki zuen aurrerantzean ez egitea Internet Explorer Mac ordenagailuentzat.



Bestelakoa dirudi egiazko arrazoia. Izan ere, Microsoftek esana zuen aurretik ere laster utziko diola Explorer berezko produktu gisa garatzeari. Longhornek, Windowsenh urrengo bertsioak, ez du Explorerrik izango, ez behintzat mahaigainean argi ikus daitekeen aparteko programa gisa. Nabigatzailearen kodea sistema eragilearenean txertatu nahi dute, mahaigaina eta nabigatzailea bat izan daitezen. Horrela aurretik izan dituzten arazo juridikoak ekidingo dituzte batetik, bide batez Explorer desinstalatzea galaraziz, eta bestetik bestelako nabigatzailerik erabiltzea alferrekoa den sentsazioa utziko diete erabiltzaileei.



Kontua da, eta hori microsoftek berak onartu du, Mac OS Xen ezin dutela gauza bera egin, noski, ez baitute eskura nabigatzailea sistemarekin erabat uztartzeko beharrezko informazioa. Horrela izanda, ez die merezi Explorer Macentzako garatzen segitzeak, batez ere kontuan izanda gaur egungo aukeren artean eskasena dela.

Erantzun

Sartu