Teknologia albisteak

Euskal Idazleen Elkarteak "Idazle Eskola" irekiko du urrian

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-07-22 : 10:07

Euskal Idazleen Elkarteak, Bergarako UNED ikastetxearekin eta Eusko Ikaskuntzako Asmoz fundazioarekin elkarlanean, idazle eskolari hasiera emango dio urriaren 18an. Matrikula epea irailaren 1etik 30era bitartean irekiko da.

Antolatzaileen esanetan, Idazle Eskolaren helburua, euskaraz ongi idatzi eta ongi ulertua izateko trebatzea da. Bertan, bi idazketa mota landuko dira: idazketa literarioa eta idazketa profesionala (lan-arloko zein ikasketa-arloko idazketa).

Idazle Eskola euskaraz egingo da. Hala ere, ikasleek ezagutzen dituzten beste hizkuntzak ere kontuan hartuko dira itzulpenak lantzeko orduan.

Idazle eskolaren ezaugarriak:

  1. Ikasketa praktikoak izango dira.
  2. Proposatzen den idazketa sortzailea da.
  3. Idazle eskolako ikasleek egindako lanekin zenbat arlo euskalduntzeko bidea abiaraziko da.
  4. Hartzaile-irakurle erreala kontuan hartuta egindako idazketa bultzatuko da.

Antolaketa:

Euskal Idazleen Elkartea,, Bergarako UNED ikastetxea eta Eusko Ikaskuntzako Asmoz fundazioa dira Idazle Eskolaren antolatzaile lanetan ari direnak.

Tere Irastortza izango da eskolaren zuzendaria. Irastortza irakasle lanetan ere arituko da, Koldo Izagirre eta Jon Alonsorekin batera. Idazkaria Ana Urkiza izango da.

Hartzaileak:

Eskolan parte hartu nahi duenak lizentziatua edo diplomatua izan beharko du. Hala ere, bere lan-baldintzak medio, idazketa lanean aritu denik ere onartu ahal izango da.

Iraupena eta ebaluazioa:

Bi ikasturtetan egingo da, 300 orduko iraupenarekin. Ikasturte bakoitza 150 ordukoa izango da:

  • Lehenengo ikasturtean 120 ordu ikasgelan burutuko dira (larunbatetan, Bergarako UNEDeko Ikastetxe Elkartuan, goizeko 9:00etatik 13:30etara) eta beste 30 ordu telematikoak izango dira.
  • Bigarren ikasturtean, 100 ordu presentzial izango dira eta 50 ordu telematiko.

Ebaluazioa jarraitua izango da eta urtean zehar egindako praktiketan oinarrituko da.

Diploma:

Bergarako UNEDeko Ikastetxe Elkartuak emango duen graduondoko honek Bergarako UNEDen titulua jasoko du. Graduondoko titulua jasotzeko lizentziatura edo diplomatura behar da.

Gainera, Idazle Eskola antolatzeko elkartu diren hiru erakundeek (EIE-Eusko Ikaskuntza-UNED) diploma emango dute.

Matrikula:

  • Matrikula epea: irailaren 1etik 30era bitarte irekiko da.
  • Prezioa: 1.200 euro.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago