Teknologia albisteak
9

Anjel Lertxundirekin elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Sustatu
2003-10-01 : 13:10

Irailean, gutxienez bi tokitan idatzi izan du Anjel Lertxundik Internet anabasa dela, Argian eta Berrian. Sustatu ere irakurtzen duela jakitun, galdera batzuk bidali dizkiogu e-postaz. Erantzunak ere hala jaso ditugu. Elkarrizketa xume bat, teknologiaren inguruan, ez besterik.

Tematuta zabiltza, Internet anabasa dela. Zergatik?

Tematuta zabiltza, Internet anabasa dela. Zergatik?

Anabasa hitzak zentzu gaitzeslea izan dezake. Ez, ordea, beti. Esango nuke gehienetan metaketa esan nahi duela, pilaketa. Eta nik, behintzat, anabasa diodanean, ez dut kaosa esan nahi. Aukera-sare erraldoi izugarri horretan ez galtzeko, ez da aski irizpideak izatea: ezagutu behar duzu erabilera ere. Eta ni, horretan, erabat esku-motz geratzen naiz teklatuaren aurrean, badakit inoiz ez dudala lortuko sarean eroso ibiltzeko adina trebetasun. Ni, metaketa izugarri horren aurrean, esku-motz. Amorrazioa. Baina nik, erabile honek, anabasa gisa ikusten badut, nire ezinagatik da.

Sustatuko irakurle batek erantzun zizun liburutegi handi batean sartzean ere, anabasa topatzen duela, ez duela jakiten diskriminatzen, zer aukeratzen irakurtzeko...

Arrazoi du, baina desberdintasun txiki bat ikusten dut nik (agian oker nago): liburutegi handi batean atzera-aurrera ibiltzeko irizpideak behar dituzu. Internet-en, irizpideez gainera, formazio informatikoa (autodidakta izan ala ez)

Zer bisitatzen duzu Interneten?

Euskararekin zer ikusia duten kontuen bila ibiltzen naiz gehienetan. Eta nire idaz-lanetarako datu bila. Egunotan ipuin bat idatzi dut Berlingo Reichstag berrian kokatua. Zenbat solairu zituen jakin nahi nuen. Berehala topatu nuen datua. Hango metroko hainbat zehaztasun ere jaso nituen. Ipuinean daude.

Orain urte asko, Shakespearek Bilbo hitza burdina zentzuan zerabilela ikusirik, lagun batek, Internet-en eskutik, London-eko Liburutegi Nazionalara eraman ninduen, eta, behin han, Shakespeareren obra osora. Nik uste nuen Shakespearek behin erabili zuela Bilbo hitza, baina bitan zerabilela jakin nuen… bi segundotan! Shakespeareren liburu guztiak banan-banan ingelesez begiratu behar izan banitu! Txundituta gelditu nintzen. Urte asko pasatu dira ordutik.

Zerk harritu zaitu azkena Interneten?

Hamaika urteko nire auzo bat Interneten nola ibiltzen den ikusteak harritu nau gehien.

E-posta asko erabiltzen duzu?

Bai, asko.

e-posta / arroba. Nola dira euskaraz?

Ez al dira euskara?

Inoiz idatzi dizute Afrikatik banketxe bateko fondoekin negozio bat proposatuz?

Ez. Again Afrikan ere badakite guztiz ezgauza naizela negozioetarako.

Xuxen zuzentzaile automatikoarekin darabizun gorroto-amodiozko harremana azaldu mesedez.

Xuxen sekulako tresna da. Nik ikaragarri zor diot. Baina, horretan ere, irizpidea behar: gorriz azpiamarratzen digun guztia ez da ez-euskara, ez da traketsa. Nik inoiz esana dut, lagun artean eta txantxetan, Xuxen-ekin ez dagoela literatura idazterik. Eta orain erantsi behar nuke: Baina, Xuxen-i esker, orain ateratzen den literatura guztia –eta liburuak, eta artikuluak…— Xuxen sortu aurretik baino txukunago, zuzenago ateratzen da. Beraz, chapeau Xuxen-i. Bestalde, hitz bat gorriz azpimarratzen didan askotan, hausnarketa lexikoak eragiten dizkit, gero artikuluetarako erabiltzen ditudanak. Nire artikuluengatik ordaintzen didatenaren parte bat Xuxen-i pasatu beharko nioke, baina ez dakit haren kontu korrontearen zenbakirik.

Zenbat ordenagailu dauzkazu?

Une honetan, bi. Orain arte, guztira zazpi izan ditut. Denak Macintosh-ak, lehendabiziko Samsung-a kenduta.

Ordenagailuko eduki digital eta programa guztiak, legearen barruan eskuratutakoak dituzu?

Inoiz lagunen batek montatu dit programaren bat disko pirataren batekin, baina dudan gehien-gehiena lege barrukoa.

Musika digitalaren auzian (top manta delakoa, Interneteko trukea...) iritzirik?

Multinazionalen pagotxa bukatzen ari dela (gora paisak!). Egile eskubideak? Zabaltzen ari den mundu berriak era berriak asmatu beharko ditu eskubideak bermetze aldera.

Software librearen berri entzun duzu?

Zerbait irakurri dut horretaz CiberPaís gehigarrian, baina, egia esan, ez naiz jabetu zehazki zer den. Dena esateko, apenas dakidan zer den software bat ere. Ni erabile arrunt bat naiz eta nire neurriko etekina ateratzen ahalegintzen naiz. Hortik aurrera, deus ez. Arazoren bat dudan aldiko, etxepean bizi dudan ilobari deitzen diot. Hizketan hasten zait zer pauso segitzen ari den esplikatuz, eta maiskululak ere ulertzen ez dizkiodan arren, enteratuaren aurpegia jartzen dut. Halako batean, “ez duk ezer ulertu, ezta?”, galdetzen dit ilobak.

Batek esan du: hanburgesak jan, ingelesez mintzo eta Internetera konektatzen garenean, akabo Euskal Herria.

Hala esan zuela entzun dut, bai. Tontoteka batean gordetzerik ere merezi ez duen tontakeria bat. Badira hanburgesa onak; ingelesak balio du oinak non ditugun jakiteko; eta Internetera konektatzen ez bagara, orduan bai akabo euskara eta Euskal Herria. Azken boladan Sustatun bakarrik ikusi dudan datu kezkagarri bat: euskararen presentziaren jaitsierarena Internet-en. Sintoma bat. Tontakeria hori esan zuenak ez daki globalizazioak irentsiko ez bagaitu, globalizazioa ulertu —eta baliatu— beharko dugula.

Erantzunak

Sustatu
2003-10-01 : 15:21

Elkarrizketan aipaturiko Anjel Lertxundiren bi artikuluetako bat komentatu genuen duela egun batzuk, hemen. Hortxe dago irakurle batek utzitako iruzkina, liburutegietako anabasaren ingurukoa.


Berria-n argitaratutako beste komentarioa, hemen


Taxi Driver
2003-10-01 : 19:47



>

> Inoiz idatzi dizute Afrikatik banketxe bateko fondoekin negozio bat proposatuz?

>

> Ez. Again Afrikan ere badakite guztiz ezgauza naizela negozioetarako.

>



Again Afrikan?

Iban Arantzabal
2003-10-01 : 20:47

Musika digitalaren auzian (top manta delakoa, Interneteko trukea...) iritzirik?


> Multinazionalen pagotxa bukatzen ari dela (gora paisak!). Egile eskubideak? Zabaltzen ari den mundu berriak era berriak asmatu beharko ditu eskubideak bermetze aldera.


--------- Hara! gure idazlea. Multinazionalen pagotxa amaitzeak ez dit batere penarik ematen, baina bai euskal disko etxeek beren produkzioa jeisteak.


Eta idazleen liburuak fotokopiatuko balituzte? Orduan bai, orduan artikulu bat idatziko lukete idazle gaixoek, izan ere, idazleak gaixo ei dira beti. Eta gainera idazleok euskaldunak badira eta Atxaga izan ez... Ba musika talde eta kantariak ez dakit gaixo diren beti, baina euskal kantariak... Horiek ere gaixo, idazleak gaixo badira, behintzat.


Ezin esan gora fotokopia dendak! Edo bai? Zuk aldarrikatuko zenuke fotokopiak egitea CD-ak pirateatzea moduan?


Luistxo Fernandez
2003-10-02 : 11:09

Liburutegi publikoetan aurki daitezke liburuak irakurtzeko, ordaindu beharrik gabe. Euskal liburutegi askotan, Anjel Lertxundiren obra mordoa. Etxera eraman maileguan, eta irakurri. Horrela egiten dugu askok.



Diskoak ere kaleko beltzen mantetan baino merkeago aurki daitezke liburutegietan. Doan. Etxera eraman maileguan, eta kopiatu.

Pako
2003-10-02 : 11:19

Saiatu berrehun orrialdeko liburu bat 1.500 pezetatan txukun fotokopiatzen, kostako zaizu. Niri behintzat, liburuen prezioa diskoena baino askoz justuagoa iruditzen zait. Azken finean, disko bat ekoizteak 500 pezeta baino gehiago ez du balio. Beste duri guztia bidean galtzen da.

Liburu editoreek eta idazleek ez dituzte hain irabazi zabalak. Garcia Marquez eta Perez Reverte batzuk kenduta, noski.

Iban Arantzabal
2003-10-02 : 11:50

> Azken finean, disko bat ekoizteak 500 pezeta baino gehiago ez du balio. Beste duri guztia bidean galtzen da.



------ Gezurra! Ez dakit nik Pacok izango duen horren berri zehatzik, edo baliteke datu horiek ateratzea disko salmenta handiak izaten dituen jendearekin, edo "Paco pil" makailo dj-ak aterako zuen 500 pta edo merkeagoa den CDa.



Ez hori bakarrik, produkzioa nolakoa den ere kontuan hartu behar da, publizitatea nola egiten zaion, digi-pack edo plastiko hutsa den, musikariei zenbat ordaindu behar zaien... eta maiz, atzean dagoen "montaje" hori guztia ahazten da.Eta segi hariari tiraka, gastu bat bestearen ostean.



500 pta edo 3 euro balitz kontua, ez lirateke bazterrean geratuko ateratzen ez diren hainbat eta hainbat disko. Euskal Herrian asko eta asko.



Liburuekin ez dakit gauza bera gertatzen den.



> Liburu editoreek eta idazleek ez dituzte hain irabazi zabalak. Garcia Marquez eta Perez Reverte batzuk kenduta, noski.



----------- Gurean, liburu editoreek liburua ordaintzeko laguntza jasotzen dute Jaurlaritzatik. Eta ojo! segi dezatela jasotzen! Ez legoke gaizki CD egileendako ere laguntza antzerakoa jartzea.

Axier
2003-10-02 : 19:51

eta?? Neri bost axola dit zenbat publizitatea egiten dieten Madonna edo Mikel Urdangarini. Neri axola zaidana da zenbat gastatu behar dudan musika hori entzun ahal izateko.

Gazteok gara musika gehien kontsumitzen dugunok eta ni ez nago prest 15-18 euro ordaintzeko.



Zuk botatakoa da hain zuzen txoilo hau montatuta daukaten enpresek mantentzen duten erretorika berdin berdina, denon gauza jakina denean euskal artsitak ez direla inondik inora bizi disken salmenten diru iturrietatik baizik eta zuzeneko emanaldietatik.



Baina betiko lez, teknologia berriek eskeintzen duten aukera berriei atea ixten dizkiete, haien monopolioa ustiatzen jarraitu ahal izateko dakiten era bakarrean... zigorra, isunak eta gartzela. Zeren izenean eta hainbeste defendatzen omen duten askatasunaren izenean.



Nahi duzuena debekatu dezakezue baina honek ez du atzerabueltarik.



> > Azken finean, disko bat ekoizteak 500 pezeta baino gehiago ez du balio. Beste duri guztia bidean galtzen da.

>

> ------ Gezurra! Ez dakit nik Pacok izango duen horren berri zehatzik, edo baliteke datu horiek ateratzea disko salmenta handiak izaten dituen jendearekin, edo "Paco pil" makailo dj-ak aterako zuen 500 pta edo merkeagoa den CDa.

>

> Ez hori bakarrik, produkzioa nolakoa den ere kontuan hartu behar da, publizitatea nola egiten zaion, digi-pack edo plastiko hutsa den, musikariei zenbat ordaindu behar zaien... eta maiz, atzean dagoen "montaje" hori guztia ahazten da.Eta segi hariari tiraka, gastu bat bestearen ostean.

>

> 500 pta edo 3 euro balitz kontua, ez lirateke bazterrean geratuko ateratzen ez diren hainbat eta hainbat disko. Euskal Herrian asko eta asko.

>

> Liburuekin ez dakit gauza bera gertatzen den.

>

> > Liburu editoreek eta idazleek ez dituzte hain irabazi zabalak. Garcia Marquez eta Perez Reverte batzuk kenduta, noski.

>

> ----------- Gurean, liburu editoreek liburua ordaintzeko laguntza jasotzen dute Jaurlaritzatik. Eta ojo! segi dezatela jasotzen! Ez legoke gaizki CD egileendako ere laguntza antzerakoa jartzea.

Xabier Artola (IXA taldea)
2003-10-02 : 22:10

Word-ekin lanean gabiltzala, eta ustekabeko zuzenketaren bat egiten digunean, ez pentsatu beti Xuxen denik kulpantea!: Xuxen-ek ez du deus zuzentzen; gehienez ere, okertzat jotzen duena azpimarratu egiten du, eta, nahi izanez gero, zuzentzeko proposamenak eman. Gure esku da, gero, zer egin hitz horrekin.

'agian' idatzi eta 'again' azaltzen bazaizu, begira ezazu Word-eko tresnetan autozuzenketa delakoa, hori baita horrelako aldaketen erantzulea: desaktibatzen baduzu, ez zaizu berriro gertatuko.

Xabier Artola (IXA taldea)
2003-10-02 : 22:37

Andu Lertxundik bere Xuxenekiko gorroto-amodiozko harremana dela-eta esandakoei erantzunez:



1) Xuxen-ekin ez dago literatura idazterik. Neurri batean ados; baina ez ahaztu Xuxen ez dela arau-emailea: arauak beste inork ematen ditu, eta Xuxenek egiten duen gauza bakarra da gure bizkar gainetik erreparatu, tekleatzen ari garela, eta arau horiek betetzen ez baditugu ohartarazi (lehengo maisu-maistren maitasunez ohartarazi ere, nahiz eta, haiek bezala, gorriz azpimarratu gure akatsak).



2) Irizpidea behar dela? Jakina! Ez sinetsi, itsu-itsuan, gorriz azpimarratzen digun guztia gaizki dagoenik, baina, badaezpadaere, kasu egin! Eta, noski, ondo dagoela ziur bagaude, aurrera, Xuxen ere ez baita (oraindik) perfektua.



3) Kontu korrontearen zenbakia ez, baina gure helbide elektronikoa bai, gustura emango dizut: xartola@si.ehu.es

Gustura hartzen baititugu, zu bezalako erabiltzaileen oharrak eta iradokizunak: zure ustez onartu beharko lukeen hitz bat onartzen ez badu, edota alderantziz, bidali guri, hurrengo bertsioetarako aztertu eta, hala badagokio, zuzen dezagun. Izugarri eskertzen ditugu horrelakoak, eta oso laguntza handikoak ditugu Xuxen hobetzeko gure ahaleginean.



4) Eta eskerrik asko debaldeko propagandagatik.



Erantzun

Sartu