Teknologia albisteak
25

Sautrela saioa hasiko da berriz ETBn

Erabiltzailearen aurpegia
Unai Ibarbia - Orio produkzioak
2003-10-03 : 10:10

Hasier Etxeberriak aurkezten duen Sautrela literatur programa abian izango da berriro larunbata hilak 4ean, ETB 1 ean. Azaroan gainera, 100. alea beteko du saioak.

Saioaren egitura nagusia

Saioaren egitura nagusia

Funtsean egitura nagusia ez du aldatu Sautrelak, erreportajeak eta elkarrizketak jarraituko dute saioaren oinarri izaten, horrez gain, Martin Tejeriak irakurritako hainbat literatur perla, hainbat idazle ospetsuk idazteari buruz eginiko hausnarketak eta zenbait pintore eta marrazkilariri zuzendutako Bernardo Atxagaren poesia errezitatuak izango dira. Kritikaren atalean Jose Luis Padron, Amagoia Iban eta Igor Estankona izango ditugu bidelagun.

Patxi Iturregi lehenengo gonbidatua

Sautrelako lehenengo saiorako Patxi Iturregi idazlea gonbidatu dugu, berarekin arituko gara solasean, argitara eman berri baitu “Behi eroak” izeneko ipuin bilduma, bere bigarren liburua hain zuzen ere.

Tropelari tiraka

Gure erreportaiak berriz, euskal letren mundu edo mundutxo honetan uda aurretik orain arte dabilen eztabaida bat hartuko du hizpide. “Tropela” izenburua zeraman artikulu batetik hasita, hainbat egilek bat egin du orduko iritziekin, eta batek edo bestek aurka egin ere bai. 30 eta 50 urteko idazleen arteko belaunaldian dago eztabaida, askok uste baitu irakurleen arreta euren aurreko belaunalditik euren osteko gazteengana joan dela, erdian dauden guztiengan erreparatu barik.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2003-10-03 : 11:41

Nik uste dut txalo bat merezi duela Hasier Etxeberriak une honetan. Egunkarietan zutabeak idazten jarraituko ote duen ez dakigu. Orain uzten badio ere, aurrerago ekingo dio berriro. Hori badakigu. Ikara sentitzea zilegi da eta duina da. Norberaren frakasoaren esklabu izatea, hori bai negargarria, beste zutabegile horien ezina.


markos zapiain
2003-10-03 : 12:22

zer gertatu zaio ba Hasier Etxeberriari?


zer lotura du Edorta Jimenezek gaur "Gara"n dioenarekin?


http://www.gara.net/orriak/P03102003/art55381.htm


Luistxo Fernandez
2003-10-03 : 12:45

Nonbait ETAren boletinean, Zutaben, salaketa zital batzuk egin dituzte Etxeberriaren kontra, idazten dituen zutabeen kontura.


Hasierren aste honetako Gara-ko zutabea hemen


Unai (Gasteiztik)
2003-10-03 : 12:47

Ni ez naiz oso ona idazten.... beraz hori esatera muugatuko naiz. Aurrera!, oso gustura irakurtzen ditut bere zutabeak GARAn eta Mundon. Gehienetan bat egiten dut bere iritziarekin



Orain ez denbora asko Callejak ere aipatu zuen liburu batetan.

Irene
2003-10-03 : 14:15

Garan argitaratu dituen zutabeak irakurri dizkion eta Egunkarian uda batean egin zituenak ere irakurtzen nizkion, asko gustatzen zait. Sautrela ere oso gustora ikusten dut ETBn botatzen duten harribitxietako bat dela uste dut. Bere azken liburua ere irakurri dut, Eulien bazka eta bukatu arte ezin izan nuen utzi. Nire animoak Iruñatik eta segi beti bezain fin idazten. Nik oso gustora irakurri eta ikusten zaitut telebistan. Animo.

Lurra
2003-10-03 : 14:15

Adierazpen askatasunaren alde bagagoz, Hasier Etxeberriaren alde egin behar dogu. Alde batetik eta bestetik inkisidoreek itotzen gaituzte, baina oraindino berba badeukogu, "Egunkaria"ren ostean "Berria", "Egin"en ondoren "Gara". Nozko sostengu publikoa Etxeberriarentzat "Gara"ren aldetik? Ezin dogu kalera atara geuretzako zor deuskuen adierazpen askatasunaren errespetua eskean eta etxean holako kasua edukita mutu egon.



Neuk espero dot Patriri idatzitako eskutitzak irakurten segitzea, domekako gozagarri ziran eta. Eta "Sautrela"n, zer esanik ez! ETBn gaur egun dagoen produkturik nabarmenetakoa baita, bere xumetasunean. Aurrera Hasier!

ane garate
2003-10-03 : 14:29

Niri ez zaizkit Hasier Etxeberriaren zutabeak gustatzen, Sautrela nola gidatzen zuen ez zitzaidan gehiegi gustatzen. Iritzietan ez nago ia inoiz ados berarekin. Eta zer? lotsagarria iruditzen zait adierazpen askatasunaren aurkako ekintza hori. Animo Hasier, eta eskerrik asko desberdina izateagatik!

zakarias aiztierdi
2003-10-03 : 15:08

> Adierazpen askatasuna, niretzat, zuretzat, guretzat, haientzat...guztiontzat.



Nik ere ez dut bat egin Hasierrek idatzitako askorekin. Haserretu ere egin izan naute. Baina, ze kristo, etsaia beste bat da.

Hala ere, argi dago batzuk ezin duitela idatzi ezta esan ere benetan pentsatzen dutena. Begira bestela Jon Salaberriari (Batasuna) gertatu zaiona Gasteizko Legebiltzarrean (españolez "parlamento", bitxia ezta?).



Ea Sustatuk ikasten duen izenordea baliatu nahi duenari hitza ematen. Aste honetan III. azterketa soziolinguistikoari buruzko bi albiste zentsuratu dizkit, eta zergatirik ez dakit.

hitz eta pitz
2003-10-03 : 15:24

Galderatxo bat non zabaldu dute albistea (alegia, Zutabeko kritika)? Pasadizo osoa hobeto ulertzearren, besterik gabe.



Nire Hasier asko gustatzen zait, idazle eta kazetari moduan (aukeran, batzuetan, eztiegia da; baina ez eskatu eztitasun hori zertan den azaltzeko, burutik hatz-mamirako hitza izan baita).



Hala ere, gehienetan ez nau gogaide, batik bat artikulu batzuk irakurrita. Baina ez dio ardura. Euskal herritarra dugu, euskalduna. Adierazteko askatasun osoa du, polizia politikoak besterik esan arren, gustatu ala ez.



Mesedez, ez aipatu Salaberriaren kasua, inoren lotsen estalgarri. Etsaiaren jokamoldea harexena da, ez da zuribide.

zakarias aiztierdi
2003-10-03 : 16:08

> Mesedez, ez aipatu Salaberriaren kasua, inoren lotsen estalgarri. Etsaiaren jokamoldea harexena da, ez da zuribide.



Ez dut ondo ulertu zure parabola (abestiak dioen moduan), azken zatiari dagokionez.



Argi gera bedi ez dudala inoren lotsarik estali, Jonen kasua gogorarazi dut. Ez al da egia inork ezin duela esan borroka armatuak zergatiak badituela? hau idazte hutsak espetxera eraman nazake ni neu.

Berriki hil da Edward Said filosofo palestinarra. harek palestinarren borrokari buruz esandakoak euskal herriari buruz esan izan balitu edonork...



Noski, hau ez da Palestina...Zuk jakingo duzu zer esan nahi duzun azken esaldi horrekin. Jonek askoren hitza ordezkatzen du Gasteizen, ez ahantzi.

hitz eta pitz
2003-10-03 : 16:18

> Ez dut ondo ulertu zure parabola (abestiak dioen moduan), azken zatiari dagokionez.

>



Gauzak ez direla nahastu behar. Ez hadi izan hain sentikorra, motel. Hasierrek ez zeukak zerikusirik Salaberriaren kontuarekin eta, hartara, hobe bi gauzak ez nahastu.

Ana I. Morales
2003-10-03 : 17:48

Benetan ilea puntan jartzeko modukoa da hau guztia. Zorionak orain arteko lan bikainagatik, Hasier, eta elkartasunezko besarkada handi bat ataka mingarri honetan. Esango nizun ez uzteko inori zu ikaratzen, baina, zoritxarrez, hori ez da hain erraza.

Animo eta aurrera.

Joxe Aranzabal
2003-10-03 : 19:29

Ataka gaiztoan jarri zaituzte, Hasier. Anaia Handiak hatz erakuslearekin seinalatu zaitu. Traidoreen saldoan zaude orain, hemen larrutik ordaintzen baita pentsamendu bakarrarekin ez lerratzea.


Baina ez zaude bakarrik. Nik oso gustura irakurri ditut Patriri idatzi dizkiozun gutunak: iruditu zaizkit ausartak, zintzoak eta ondo idatziak. Udaberri honetan, bestalde, zure azken eleberria irakurri nuen eta, hainbeste gustatu zitzaidan, non bost laguni oparitu nien, eurek ere irakur zezaten.


Bihar telebistaren aurrean jarriko gara eta Sautrela ikusiko dugu, hirurok, jakin dezazun zeurekin gaudela, eta zeure maiteekin.


Besarkada handi bat.


Eneko
2003-10-03 : 20:07

Nik ez ditut zure zutabeak jarraitzen, Sautrela bai ezagutzen dut ordea (ederra benetan), baita zure libururen bat edo beste. Bestalde, ez dakit Zutabe horretan zer jarri duten baina, dudarik ez, zure mailara ailegatzeko askotxo falta zaie bertako editoreei.



Besarkada bat eta animo!

Ikaratuta
2003-10-03 : 22:14

>Ez al da egia inork ezin duela esan borroka armatuak zergatiak badituela?

Ez al da egia inork ezin duela esan bortxatzaile / hiltzaile 'sexualak' zergatiak badituela?


Ez al da egia inork ezin duela esan torturatzaileak zergatiak badituela?


Ez al da egia inork ezin duela esan diktadoreak zergatiak badituela?



Jakina, zergatia -> ondorioa. Sinplea baina ulerterraza.



...eta zentsuratu izanaz arranguraka. Zelan jakingo duzu zuk zer den zentsura, adierazpen askatasuna zer den ez badakizu?

Ugaitz
2003-10-04 : 05:40

Zutabeek gehienetan sutan jartzen naute eta ez bere iritzi politikoagatik(gehienetan nirea oso bestelakoa izaten da) baizik eta gezurra erabili izan duelako. Irailaren 14ko manifaz botatakoa, adibide. Eta han ostiak jaso ez zituen ta jasotakoei lumaz botatzeko prest dagoen maltzurkeriaz.

Hala ere, jakina, adierazteko eskubide osoa duela eta norbaitek hori eragotzi nahi badio, berarentzat ene ukazioa.



Hori bai, adierazteko eskubidea ez da orri zuri bat non nahi duzuna idatz dezakezun, horrek ekartzen dituen ondorioak onartu barik. Eta azken esaldi hau bigarren irakurketarik gabe egiten dut, soilik bakoitzak esan adierazi gura dut bakoitzak bere ekintzen erantzulea dela, ni orain idazten ari naizenaren erantzulea nazen moduan.

markos zapiain
2003-10-04 : 16:02

Leninen eta Millan-Astray-ren mamuak Zutabeko idazleen eta Aznarren garunez jabetzen ari dira



hara zer zioen boltxebikeak: "etsaiei ken diezaiekegu ez soilik bortxaezintasuna, ez soilik prentsa askatasuna, baizik orobat sufragio unibertsala."



Eutsi goiari, Hasier Etxeberria, eta ea Sautrelan zure atzean eseririk agertu beharko duen bizkarzaina aukeratzeko orduan asmatzen duzuen, literatura itxura sendokoa beharko du izan, Antigonaren antzekoa esate baterako, edo Campeador'tar Cid-arena

Informazio goseduna
2003-10-05 : 00:48

> Nonbait ETAren boletinean, *Zutaben,* salaketa zital batzuk egin dituzte Etxeberriaren kontra, idazten dituen zutabeen kontura.

>

Hasieran garbi dut Hasierrek berek iritziak emateko eskubidea behar duela, bere iritzien kontra daudenak bere iritzia emateko izan beharko luketeen moduan.

Bestaldetik iritzia osoa izateko ezagutu beharko nuke,genuke, "zutabe" boletinean agertzen dena. Bestetan "Zutaben" argitaratukoa beste komunikabideek laburbiltzen dute.

> Hasierren aste honetako Gara-ko zutabea "hemen":http://www.gara.net/orriak/P28092003/art54821.htm

Gotzon Barandiaran
2003-10-06 : 11:04



Barkatu nire ezjakintasuna. Inork badaki hitzez hitz Zutaben zer dioten?



zakarias aiztierdi
2003-10-06 : 11:12

> Ez al da egia inork ezin duela esan torturatzaileak zergatiak badituela? ... Jakina, zergatia -> ondorioa. Sinplea baina ulerterraza.



Nik bazekiat zergatik torturatu ninduten, ondo gainera. Hala ere, ez da hori nik idatzitakoaren esanahia. Osorik letu eta orduan, agian, ulertuko duk.



> ...eta zentsuratu izanaz arranguraka. Zelan jakingo duzu zuk zer den zentsura, adierazpen askatasuna zer den ez badakizu?



Asko dakik hik nitaz, ezta?

Jon Abril
2003-10-06 : 12:40

Inoiz ez da aski elkartasuna barreneko sua apaltzeko. Kritikak kritika, aitzin egiteko nahikoa kemen du Hasierrek. Baina zein urrats ttikia dagoen kritikatik gorrotora, gorrototik mehatxura... Zure hitzak behar ditugu Hasier. Animo!

Xabier Mendiguren Elizegi
2003-10-06 : 14:15

Azkena enteratzen naizen inuxentea ematen dut. Astelehena arte ez dut ezer jakin Zutabe-ren kontu horretaz, eta ikaratuta geratu naiz. Eta minduta. Eta haserre.

Besarkada bat Hasierri.

Informazio goseduna
2003-10-06 : 18:56

> Azkena enteratzen naizen inuxentea ematen dut. Astelehena arte ez dut ezer jakin Zutabe-ren kontu horretaz, eta ikaratuta geratu naiz. Eta minduta. Eta haserre.

> Besarkada bat Hasierri.



Hasieran garbi dut Hasierrek berek iritziak emateko eskubidea behar duela, bere iritzien kontra daudenak bere iritzia emateko izan beharko luketeen moduan.

Bestaldetik iritzia osoa izateko ezagutu beharko nuke,genuke, "zutabe" boletinean agertzen dena. Bestetan "Zutaben" argitaratukoa beste komunikabideek laburbiltzen dute.



Sustatu
2003-10-06 : 19:33

> Bestaldetik iritzia osoa izateko ezagutu beharko nuke,genuke, "zutabe" boletinean agertzen dena. Bestetan "Zutaben" argitaratukoa beste komunikabideek laburbiltzen dute.


----------- Hasier Etxeberriak Sustatura bidali du Hasier Etxeberriaren kasuaren dokumentuak deitzen den artikulua. Berak dioenez: nork bere juzkua antola dezan.


Sustatu
2003-10-06 : 21:05

> Barkatu nire ezjakintasuna. Inork badaki hitzez hitz Zutaben zer dioten?


Hasierrek berak bidalia: Sustatun bertan.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago