Teknologia albisteak
8

Hizkuntza indoeuroparrak Anatolian sortu omen ziren

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2003-11-27 : 15:11

Zeelanda Berriko hizkuntzalari talde batek egin du hizkuntza indoeuroparren arbola, jakiteko haien bilakaera, eta ondorio moduan atera du hizkuntza hauen jatorrizkoa Anatolian sortu zela, orain 9.500 urte. Gaur eman du horren berri Nature aldizkariak.

Nature aldizkariak gaur argitaratu du berri hau, eta The Guardian egunkariak ere gaur barreiatu du lau haizeetara. Honek, gainera, euskarazko hitz batzuk erabili ditu bere artikuluaren hasieran: “At last the answer in black and white, or beltz and zuri if you happen to be Basque…”, esan nahian bezala, euskarak ere Anatolian duela sorburua, hipotesi horren arabera.

Kontua da Aucklandeko Unibertsitatean, Zeelanda Berrian, bi ikertzailek —Russel Gray eta Quentin Atkinson— erabili dituztela hizkuntzak ADN balira bezala, jakiteko haien jatorria. Aukeratu dituzte 2.449 berba, 87 hizkuntzatatik hartuta, eta egin dute arbola genealogiko bat. Hala ere, ez dituzte hitzok alderatu. Aitzitik, aukeratu dituzte 200 hitz, “ni”, “ehiza”, “zeru”, eta horrelako beste batzuk, kultura guztietan aurki daitezkeenak, eta aztertu dute denboran zehar zer bilakaera izan duten hizkuntza guztietan.

Ondorioak

Hizkuntza indoeuroparren arbolak, Grayk eta Atkinsonek egina, adierazten du hizkuntza hauen jatorria dagoela Anatolian, gaur egungo Turkian, orain 9.500 urte. Garai hartan hititera hitz egiten zen Anatolian, eta handik, hain zuzen, hedatu zen nekazaritzako teknikekin batera, Europan eta Asian zehar.

Ikerketak berretsi egin ditu orain arteko zenbait uste: dio gaztelania eta portugesa anai-arrebak direla, eta alemana, bien lehengusu-lehengusina. Eta hirurek senide txikia dutela hindi hizkuntza.

Ingelesari buruz, gaurko lingua franca, ikertzaileek diote berau dela mazedoniaz egindako entsalada handi bat bezalakoa: “Oxford Ingelesaren Hiztegian dauden hitz guztien %90 mailegatuak dira beste hizkuntza batzuetatik”.

Zalaparta

Nature aldizkariak berak dio ondorio hauek zalaparta ugari sortuko dutela bazterretan, oraindik ez baitago adostasunik, nondik datozen hizkuntza indoeuroparrak.

Urte luzeetan, dio aldizkariak, ikertzaileek uste izan dute Kurganen tribua zela hizkuntza indoeuroparren sorburua, Asia erdialdean, zeinak orain 6.000 urte zaldia hezi eta Europa inbaditu baitzuen.

Beste batzuek, aldiz, uste izan dute hizkuntza indoeuroparrak zabaldu zirela garagarra eta dilistekin batera, Asiako mendebaletik.

Charles Darwinek, ostera, idatzi zuen 1871n hizkuntzak bilakatu direla animaliak eta landareak bezalatsu. Gray eta Atkinson doktoreek, azkenik, jo dute Darwinen bidetik beraien ikerlana egiteko.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2003-11-27 : 16:07

> urte. Beraz, euskara ere hititeratik etorriko litzateke.



Ez ba. Euskara ez da hizkuntza indoeuroparra.



Artikuluak badu bere interesa, baina egin diozun irakurketa okerra da, Joxe.

Joxe Aranzabal
2003-11-27 : 18:54

Lehen idatzi dut euskara hititeratik datorrela, baina ez da horrela, zuetariko zenbaitek ohartarazi didazuen moduan, euskara ez baita hizkuntza indoeuroparra.


Nahastu egin naiz, The Guardian egunkariko aipamen horrek despistaturik. Barkatu. Dagoeneko zuzendu dut albistea.


Eskerrik asko hanka sartzeaz ohartarazi didazuen guztiei.


Kutraila
2003-11-28 : 00:25

Okerrak, oker, artikulua interesgarria da oso. Merezi du. Inork nahi badu, esatea du eta pdf bertsioa helaraziko diot.

Joxe Aranzabal
2003-11-28 : 16:24

Atzo arduratuta geratu nintzen, hanka sartu nuelako eta baita The Guardianen artikuluan euskarazko hitzak agertzen zirelako. Horregatik, e-mail bat bidali nion Russell Gray irakasleari, Aucklandeko Unibertsitatera, eta galdetu nion ea euskarazko hitzik erabili zuten azterketan.


Gaur jaso dut erantzuna: “Kaixo Joxe. Ez, euskara ez baita hizkuntza indoeuroparren familiakoa. Agur”. Edo jatorrizkoan, nahi baduzue: Hi Joxe, no as Basque is not a member of the Indo-European language family. Cheers.


Karmele
2003-11-28 : 19:27

> Okerrak, oker, artikulua interesgarria da oso. Merezi du. Inork nahi badu, esatea du eta pdf bertsioa helaraziko diot.



Nik eskertuko nizuke artikulua bialtzea. Nire posta hau da: abkmezu@euskalnet.net.



"Artehistoria" orrialdean dagoeneko jaso dute teoria hau. Badirudi fidagarritasuna hartzen diotela http://www.artehistoria.com/frames.htm?http://www.artehistoria.com/historia/contextos/208.htm >> Antigua reino hitita

Oihana
2003-11-30 : 20:06

asko gustatuko litzaidake artikulua lortzea. PDF bertsioan bidaltzerik bai?

Imanol
2003-12-01 : 10:36

> Okerrak, oker, artikulua interesgarria da oso. Merezi du. Inork nahi badu, esatea du eta pdf bertsioa helaraziko diot.

Imanol
2003-12-01 : 10:36

> Okerrak, oker, artikulua interesgarria da oso. Merezi du. Inork nahi badu, esatea du eta pdf bertsioa helaraziko diot.

Erantzun

Sartu