Teknologia albisteak

Euskara sustatzeko laguntzak, Eusko Jaurlaritzarenak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-04-02 : 10:04

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskara sustatzeko dirulaguntzen deialdia kaleratu du, 2004. urteari dagokiona. Apirilaren 30a arte egongo da aurkezteko epea.

EHAA buletinean argitaratu da aste honetan, ale honetan, baina horko testuan ez du datu handirik ematen, izatez iazko baldintza berak errepikatzen baititu deialdiak.

Hortaz, iazko deialdiari begiratu (epeena salbu, jakina): hementxe.

Atal hauetarako ematen dira laguntzak:

A. Aisialdia:

a.1. Euskararen erabilera aisialdian: haur eta gazteen hizkuntza-gaitasuna sendotzeko egitarauak, begiraleen prestakuntza, euskara ludikotasunarekin lotzen duten egitasmo eta material-sorkuntza.

a.2. Euskaraz egindako jostailuak eta jokoak.

a.3. Euskaraz egindako materialen erabilpena ziurtatzen duten egitasmoak, batik bat, haur eta gazteentzat prestaturikoak.

B. Euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko egitarauak (ekintzak, proiektuak edota produktu berriak):

– Literatura-sariak

– Literatura-lehiaketak

– Literatura-gidak

– Euskara idatziaren alorrean ohiko jardunetik at gera daitezkeen ekimen edota proposamenak. Betiere, egitasmoaren interesa eta bideragarritasuna diru laguntzaren xedeari egokitzen bazaio.

C. Euskara etorkinei hurreratzeko egitasmoak, euskara etorkinen artean transmititzera bideratutako ekintza eta egitarauak eta etorkinak harreman-sare euskaldunetara erakartzeko egitasmoak:

D. Euskararen historian edo hizkuntzari loturiko hainbat eremutan izen handia duten pertsonaiak eta euskararen normalizazio bidean eraginkorren izan diren egitasmoak eta omentzeko ekimenak:

E. Zabalkunde handiko biltzarretan, jardunaldietan eta ospakizun berezietan euskararen presentzia bermatzeko ekimenak:

F. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiren (EBPN) esparruan sortutako Hizkuntza Paisaia (errotulazioa, produktuen etiketajea, menuak….) euskalduntzeko ekimenak:

G. Euskararen ondarea (kantuak, bertsoak, euskalkiak, etab.) jaso, gorde eta gizarteratzeko egitarauak:

Iazko deialdian laguntzak zein proiektuk jaso zituzten ikusteko, hemen duzu zerrenda.

Erantzun

Sartu