Teknologia albisteak
2

Gauza gehiago Sarean-en

Erabiltzailearen aurpegia
Jabi Zabala - www.sarean.com
2004-05-03 : 13:05

Duela 13 hilabete jarri nuen abian sarean.com webgunea, Egunkaria itxi ostean, bertan Interneti buruz neuk idatzitako testuak bilduz. Orduz gero atal eta eduki berriak gehitu ditut webgune horretan: nire bitakora eta argazki bitakora sortuta.

1. Nire bitakora sortu dut, euskara hutsezko bitakora pertsonala.

Bertan, prentsarako idatzitako testuak ageri dira: Interneti buruzkoak eta hainbat artistari egindako elkarrizketak. Horiez gain, nire i-bilerak eta iritziak aurkituko dituzue bertan. Bitakoren fenomenoa eta bere ondorioak oso interesgarriak iruditzen zaizkit, gurean arlo horretan atzerapena somatzen badut ere.

Pertsonala eta bitartekorik gabekoa bezala definitu daitekeen kazetaritza molde berri honetan berezitasun batzuk dira. Sustaturen (gaikako kazetaritza kolektiboa) adar bereko beste kazetaritza mota da bitakora pertsonalena. Beste kazetari batzuren bitakorak ere badira gure inguruan erdaraz, Javier Ortizek edo Javier Armentiak (Badirudi Javierren eremua dela hau) edo Getxoko Mikel Agirregabiriak badituzte eurenak. Kazetari euskaldunek, orohar, oraindik ez dituzte bitakorak ezagutzen. Salbuespen bakarra aurkitu dut Bloglines zerbitzuari esker, Luistxo Fernandez berea osatzen baitabil.

2. Egunkarian argitaratutakoen agiritegia

Lan horretan ehunka ordu eman ostean, azkenik lortu dut Egunkarian Interneti buruz neuk idatzitako testu guztiak topatzea, sailkatzea eta sarean jartzea. Nabigatzen, Uninet, Kulturnet eta Irristatzen ataletako testuak daude, 1997 eta 2003 bitartekoak. Testuotan ageri diren gai batzuk zaharkituta eta helbide batzuk desagertuta dauden arren, euskal sarearen eta Internet osoaren azken urteotako bilakaera erakusten dute testuok eta espero dut egungo internauta euskaldunentzat baliagarriak izatea, bilakaera hori islatzen dutelako. Beno, agiritegia osatzeko Luistxorenak falta dira eta laster horiek ere ikusgai egotea espero dut.

3. Fotolog-a

Aramaio fotolog-a aurkitu nuenean ikusi nuen diseinua Quixotic Pixels webgunetik hartua zuela, bertan baitago nork bere fotologa edo argazki bitakora egiteko tutoriala, nik erabiltzen dudan Movable Type argitalpen sistema erabiliz. Huraxe jarraitu eta argazki batzuk aukeratuta nirea sortu dut. Gustatuko zaizuela espero dut eta ea lagun gehiago bitakorak sortzera animatzen diren, dene artean blogosfera euskalduna osa dezagun.

Erantzunak

Luistxo
2004-05-04 : 11:14

Zorionak, Jabi. Ondo diharduzu.


Sarean.com-eko titularrak inork bere gunean integratu behar baditu, bere gunean ematen du bidea, sarrera honetan. Ni, erantzun baten bidez, kodearena apur bat argiago jartzen saiatu naiz, Jabi.


Luistxo
2004-05-04 : 11:26

Argazkilari interesgarria ere bazara, Jabi :-)


Aizu, zure fotolog atalean ez duzu XML feedik eskaintzen agerian, baina egon, hor dago:


http://www.sarean.com/argazkiak/index.rdf


Hori bai, feed horretan argazkiak ez dira ikustarazten... ez dakit konfigurazio hori moldatzerik egongo ote zen...


Beste zalantza bat, euskaraz: fotolog, photolog, argazkilog?


Erantzun

Sartu