Teknologia albisteak

Diru elektronikoaren gainean eztabaida piztu nahi duen artikulua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-11-24 : 10:11

Escolar.net webgunetik ekarri dugu "Euro elektronikoaren alde" (Por un euro electrónico) izenburupeko artikulua. Idatziaren egilea den Ignacio Escolar-ek hainbat ideia eta gogoeta azaltzen ditu ordainketa elektronikoaren gainean. Artikulu honek, gaiaren gaineko eztabaida pizteko helburua dauka. Jatorrizko artikulua gaztelaniaz dago.

Euro elektronikoaren alde

Euro elektronikoaren alde

Diru kontuetan, paperak metala bigarren maila batean utzi zuen, txanpon txiki gisa. Modu berean desagertuko da diru fisikoa. Ia hiru hamarkadatik hona, diru digitala indarra hartzen ari da. Eta urte gutxira badirudi, halabeharrez, salerosketa ekonomiko gehienak sistema elektroniko bidez egingo direla: kreditu txartelaren, sakelako telefonoaren edo epidermis azpian ezarritako txiparen bitartez. Ezin esan zein teknologia erabiliko den, baina, seguru ez dela izango diru papera.

Egoera horretara iristea ekiditen ez bada, munduko ekonomiak ordaindu beharko die konpainiei (Visa, Mastercard, American Express…) zerga pribatua ia erosketa bakoitzeko. Europarrek ordaindu beharreko tasa handiena pribatua izango da eta Estatu Batuetako banketxeetara joango da. Zerga guztiz irrazionala izango da, edozein logika fiskalen aurkakoa. Baina, hau guztia ikusteko ez daukagu etorkizunari itxaron beharrik, orain gertatzen ari da. Egun, saltoki handiek, beren txartel propioarekin igortzen ez badute, bankuei %2a baino gutxiago ordaintzen die erosketa bakoitzeko. Aldiz, komertzio txiki batek %8a ordaintzen du. Interneteko denda batek zenbatekoaren %16a ordaintzen du; eta salerosketa aurrera irteten ez bada, ez dauka itzulpenerako inolako bermerik. Kontsumitzaileok zeharka pairatzen ditugu aipatu tasak, baina, duda barik, gure poltsikoan eragina dute. Guztion artean ordaintzen ditugu.

Txanponaren gaineko zerga honen bitartez bankuek jasotzen duten diru kopuruaren datu jakinik ez dago.

(…)

Etorkizuna hau izan daiteke: egun Internetek pairatzen duen diru pribatuaren oligopolioa. Zer gertatuko litzateke erreprodukzio grafiko digitalaren esparruan egiten ari diren aurrerapenek diru faltsuaren kopurua eta kalitatea igoko balute eta mesfidantzagatik jendeak paperezko dirua erabiltzeari utziko balio? Herrialde batzuetan gertatzen ari da hori, Hego Amerikan batez ere, hiri askotan arriskutsua da esku-dirua eramatea. Diru elektronikoa ia aukera bakarra den lekuetan, txartelen komisioak handiagoak dira.

Egia da diru elektronikoak ordainketa baino zerbitzu gehiago ematen dituela. Debito txartelak finantza zerbitzu gehigarririk ez du, bits hartu-eman bat da. Aldiz, kreditu txartelaren entitate igorleak erosketa finantzatzen du, bere dirua arriskatzen du eta atzeratutako ordainketaren abantailarengatik kobratzen du. Bigarren kasuan, komisioa justifikatuta dago. Kreditu txartelak ere baditu bere abantailak esku-dirua erabiltzearen aurrean, eta zerbitzu kostua dago. Baina, zergatik ez da zerbitzu publiko bat?

Ez da egoera hau ematen den lehen aldia. Paperezko dirua ere banku pribatuen asmakizuna izan zen; teknologia horretan aurkitu zuten bidaiarientzako arrisku eta pisu handia ekiditeko irtenbidea. Paperezko dirua erabiltzen lehenak Txinako banku pribatuak izan ziren, IX mendean. Tang dinastiaren garaian, Estatuaren babesarekin igortzen zuten bankariek. Gero, Song dinastiak elkar truke sistema hori komisio gabeko monopolio estatalean bihurtu zuen. Europan, historia ia berbera da; paperezko dirua banku pribatuek sortu zuten eta gero, estatu-nazioek beren gain hartu zuten eginbeharra, banku zentralak sortuz.

Gaur egun, aurrerapen teknologikoek zilegi egiten dute ordainketa elektroniko sistema publiko on baten garapena; egun fidagarria eta faltsutzeko zaila den paperezko dirua egitea kostatzen duena baino zerbait gehiago beharko litzateke. Europako Banku Zentralak baditu hori egiteko baliabideak. Egin beharra du. Komisiorik kobratuko ez duen alternatiba publiko bat da etorkizuneko dirua oligopolio pribatua ez izateko modu bakarra. Ez da ideia ona kontsumitzaile eta merkatarientzat bakarrik. Euro elektroniko batek gure txanpona etorkizuneko dibisa bezala finkatuko luke; mila publizitate kanpainek baino gehiago garatuko lituzke komertzio elektronikoa eta informazio gizartea. Hori egiteko Europa baino hobeagorik ez da, munduko lehen potentzia komertziala.

Esku-dirua debekatu beharrik ez dago. Ordainketa pribatuentzako lekua ere egongo da. Ideia hau garatzeko detaile teknikoak espezialistentzako dira, horiek gonbidatzen ditut eztabaida honetan parte hartzera. Gauza askotaz hitz egin beharra dago, modelo egokiena zein izango litzatekeen, kasu: pribatutasuna bermatuko duen diru elektroniko anonimoa edota guztiz araututako diru elektronikoa, iruzur fiskalei eta lurpeko ekonomiari aurre egingo diena. Artikulu honek gaur egun existitzen ez den eztabaida bat piztarazi nahi du. Kontua ez da banka nazionalizatzea. Txanponaren pribatutasuna ekidin behar da.

Ignacio Escolar - www.escolar.net

Erantzun

Sartu