Teknologia albisteak
8

Martxoan, Hizkuntzen I. Astea Deustuko Unibertsitatean

Erabiltzailearen aurpegia
Joseba Abaitua - Deustuko Unibertsitatea
2005-02-25 : 14:02

Martxoaren 2, 3 eta 4an. Filosofia eta Letren fakultateko irakasle, ikasle, ikasle-ohi eta kanpoko kolaboratzaileek hartuko dute parte antolatutako ekitaldietan. Sarrera librea da ekitaldi horietan guztietan.

Egitaraua (izenburu bakoitzak adierazten du ekitaldiaren hizkuntza zein izango den)

Asteazkena 2005-03-02

  • 10:00-10:10 Hizkuntzen Astearen irekiera ofiziala: Rosa Miren Pagola (Ikasleen Erretoreordea)
  • 10:10-11:40 Elebitasunaren inguruko saioa, Moderatzailea: Elixabete Murguía
    • "The acquisition of english long-distance wh-questions by Basque-Spanish bilingual subjects in school contexts" (10:10-10:40). Hizlari: Junkal Gutierrez
    • Round table: Growing bilingual (10:40-11:40). Parte-hartzaileak: Mary Hong, Bora Jin, Aisling Keane, Aisling McCauley, Olatz Mendiola, Amaia Montes, Hugh O'Flynn, Alberto Sera.
  • 11:40-12:00 Atsedena
  • 12:00-1:00 Literatura, Antzerkia eta Zinema. Moderatzailea: Mercedes Acillona
    • "Surrealismo español en distintas artes: la relación Lorca-Dalí-Buñuel" (12:00-12:30). Hizlariak: Filologia Hispanikoko 4. mailako ikasleak
    • Presentación: "Margarita Xirgu. Una actriz para una época" (12:30-1:00). Hizlaria: Mari Karmen Gil Fombellida
  • 1:00-1:30 "The double voice in Susan Moodie". Moderatzailea: Claire Firth. Hizlariak: June Anduaga, Matxalen Antxustegi-Etxarte, Agate de Blas eta Aída Ramos.

Osteguna 2005-03-03

  • 10:00-11:00 Mahai-ingurua: La adquisición de una segunda lengua (L2). Moderatzaileak: Begoña de Miguel y Susana Pueyo. Parte-hartzaileak: Sandie Courrier, Amaia Fernández, Sara Jones, Leticia López, Sarah Niehaus, Carlota Páramo, Sara Schultze.
  • 11:15-12:30 Wikipedistas en el mundo universitario vasco. Moderatzailea: Joseba Abaitua. Parte-hartzaileak: Willy eta Comae wikipedistak.
  • 12:30-1:00 "Multiple interpretations on the character of 'Lady Macbeth'". Moderatzailea: Isabel Parrondo. Hizlariak: Marta Arancín eta Zuriñe Alonso
  • 5:00-7:00 Poesiaren inguruko saioa
    • Seminario de poesía actual (5:00-6:00). Hizlariak: Penélope Casado, Sergio Oiarzabal eta Santi Pérez
    • Recital: "La soledad en la urbe" (6:00-7:00). Parte-hartzaoleak: Unibertsitateko Taller Literario delakoa. Laguntza musikarekin: Xabier Pérez de Leguina eta Taide Quintana

Ostirala 2005-03-04

  • 9:00-11:00 Hizkuntza eta teknologiak. Moderatzailea: Jon Ortiz de Urbina.
  • "Urraketa sintaktikoa eta semantikoen prozesamendua euskaraz" (9:00-9:30). Hizlaria: Adam Zawiszewski
  • "Algunas aplicaciones tecnológicas de la fonética experimental" (9:30-10:00). Hizlaria: Alex Iribar
  • "Information extraction and its applications" (10:00-10:30). Hizlaria: Elixabete Murguía
  • "Xerka: un sistema de recogida y categorización de información multilingüe"(10:30-11:00). Hizlaria: Kutz Arrieta
  • 11:00-11:30 Atsedena
  • 11:30-12:00 "El trabajo de los filólogos en el mundo audiovisual" Hizlaria: Asier Larrinaga
  • 12:00-1:00 Mahai-ingurua: "Euskal blogosfera gaur". Mahaikideak: Luistxo Fernandez (aurki.com), Jabi Zabala (sarean.com), Lander Azaola, Janire Enzunza, Janire Rodriguez, Eneko Zuloaga (littera.deusto.es)
  • 1:00-2:00 Mahai-ingurua: The day after "Licenciatura". Moderatzailea: Jon Franco. Participantes: Amagoia Agirre, Matxalen Antxustegi-Etxarte, Iranzu Ayestaran, Patricia Fernández, Izaskun Ibañez, Estibaliz Izagirre, Elixabete Murguía, Lorena Tino

Erantzunak

Pedro Arrupe
2005-02-27 : 23:43

Deustuko Unibertsitatea hemen agertzen denez harira datorren gaia aipatu nahiko nuke: unibertsitateak euskaldunoi ematen digun sasi-errespetuko trataera. Deustuko Unibertsitateko hainbat zerbitzutan euskara ez da existitzen, esaterako Liburutegian ez dira gai atzerapenez entregatzeko duzun liburuaren erreklamazioa elebitan bidaltzeko, zentralitan ez dira gai "Deustuko Unibertsitatea egunon - Universidad buenos dias" agurraz telefonoa hartzeko, Idazkaritzan pertsona bakarrak hartatuko ditu euskaldun ikasle "problematiko" guztiak, Unibertsitateko aldizkarian testu erlijioso pare batetik kanpo ez duzu euskararen itzalik ikusiko... Euskara karreretan sartzeko prozesuaz zertarako hitz egin: nirean behintzat aukera bat bera ere ez, gai bat bera ere ez. Zertan dabiltza unibertsitateko euskara normalizatzaileak? Zertan arloko arduradunak? Hitzaldiak eta Hizkuntzen Asteak bai, baina Liburutegiak bidaltzen dituen paperak elebitan jartzeko ordu bete besterik ez da behar eta urteak joan urteak etorri inorrek ez du hori euskalduntzeko ardurarik izan. Zertan dabiltza euskal filologoak? Zertan intelektualak? Zertan ikasleak? Non dago ikasleen presioa? Konklusio asko atera litezke DUko euskararen egoeraren penagarritik, baina haien artean bada bat gutxitan entzuten dena, hain zuzen ere, jakintsu gehiegi dituela euskarak eta haren normalkuntzaren alde musutruk lan egiteko euskaltzale gutxiegi. Zertarako problemetan sartu, ezta?

Honekin ez dut Josebarekin ika-mikan sartu nahi, euskaltzalea bada berak ere sentituko duelako mespretxuzko trataera hau, baina esaterako Hizkuntzen Astea inauguratzen duen arduradun akademikoak esplikazio zenbait eman beharko lituzke Asteari hasiera ematerakoan. Nik uste.

Joseba Abaitua
2005-02-28 : 03:45

Sustatuko beste artikulu bati ematen nion erantzuna errepepikatuko dut hemen:



> Deustuko Unibertsitatea gizartearen islada da eta bere inguru soziolinguistikoan, Bilbon alegia, baino askozaz gehiago erabiltzen da euskara bertan.



Are gehiago esango nuke azken urte hauetan ahalegin handia egin dela euskararen normalkuntzarako DUaren barrena, eta horren sustatzailerik sutsuena Hizkuntzen Asteari sarrera emango dion pertsona izan da hain zuzen, Rose Miren Pagola erretoreordea.



Ezaguna denez, DU ez da unibertsitate publiko bat eta alde horretatik ez ditu erakunde publikoek bete behar dituzten baldintza elebidunak. Bestalde, unibertsitate publikoaren aldean, baliabide ekonomiko murriztuagoak ditu eta, barruan lan egiten dugun ondo dakigunez, hala eta guztiz ere, esfortzu eta aurrerapen handiak egin dira azken urte hauetan.



Deustura ikastera etortzen denak jakin ondo daki (edo jakin beharko luke) ez dela Euskal Herriko bihotzean ("Euskadi profunda" delakoan) sartzen. Deustuko Unibertsitatea Euskadiko hiriburu batean kokatuta dago, eta Euskadiko hiri gehienetan gertatzen den bezala, euskara erabiltzen da erabili daitekeen neurrian eta espainera da nagusi. Baina hori Euskadiko errealitatea da.



Hizkuntzak inportanteak dira, baina ez digute gure sen ona galtzera eraman behar. Esparru unibertsitario batean euskara bultzatzeak izan dezake lehentasu handi bat, baina badira beste asko oso inportanteak direnak ere. Eta DUaren kasuan baliabideak txikiak dira, ikasle euskaldun zein erdaldunen matrikuletatik ateratzen direnak.



Diru publiko gutxi sartzen da eta sartzen denarekin mirakuluak egiten dira. Sinistu hala ez sinistu, barruan lan egiten dugunok ondo dakigun gauza da.



Dena den, hau, hots, diru publikoa nola inbestitu behar den, beste debateko gaia da.



Pedro Arrupe
2005-02-28 : 16:50









> Deustura ikastera etortzen denak jakin ondo daki (edo jakin beharko luke) ez dela Euskal Herriko bihotzean ("Euskadi profunda" delakoan) sartzen. Deustuko Unibertsitatea Euskadiko hiriburu batean kokatuta dago, eta Euskadiko hiri gehienetan gertatzen den bezala, euskara erabiltzen da erabili daitekeen neurrian eta espainera da nagusi. Baina hori Euskadiko errealitatea da.



Mila esker errealitatearen erakustaldi hau emateagatik. Dirudienez, nik bilboko hiritar naizen honek, ez dakit zein den nire inguruko errealitate soziolinguistikoa. Izan ere nik bezalako iritziak "Euskadi profundatik" (zer da Euskadi ala Euskal Herria profunda?) omen datozenek dituzte. Baina zer broma da hori? Deustuko Unibertsitateko ikasle euskaldunak ez dira denak azpeitiarrak, motel! Asko gara inguru soziolinguistiko hurbil hori gutxienez zuk bezain ongi ezagutzen dugunak. Euskaldun-baserritar-arlote-gipuzkoar identifikazioarekin funtzionatzen oraindik?



Ez dut nik eztabaida pertsonalizatuko, ezta ardurak banatzen hasiko, baina barru-barruan ikusiko dituzue euskararen aldeko urratsak, ikasle arruntek ez baititugu igartzen. Eta diru kontuekin hasita, aurrekoan aipatutako kasuetatik 3ek ez dute peseta bat bere ere balio (unibertsitateko telefonoan euskaraz ere erantzutea dohainik da, DUko aldizkarian euskararen presentzia erlijioso testimonialaz haratago joatea dohainik da, liburutegiko paperak euskaraz ere bidaltzea ordubeteko itzulpen lana da). Zenbat urte, aurrekontu eta plangintza behar dira horretarako? Emango dizut erantzuna: bat bera ere ez, egun bakarrarekin aski.



> Bitartean nik ez dut sen ona galduko, baina aspaldi galdua dut euskararen burokrata eta jakintsu askorengan konfiantza. Gainera nire ustez, edozein herri normalizatutan sena ez, inola ere ez, baina pazientzia aspaldi galdua izango zuten ikasleek eta ozen entzungo zen gure hizkuntzari ematen zaion trataeraren aurrean unibertsitarioen ezinegona. Batzuentzako zorionez, gure herria akonplejatuz betea dago, eta ikasleen portzentai haundia euskalduna izan arren (zer diote estatistikek?) pasilotan gazteleraz aritzen diren nahibeste euskaldun jator eta abertzale aurkituko ditugu. Horra gure errealitate soziolinguistikoa "Pais Vasco profundoan eta ez profundoan". Eta hobe horrela, arazorik ez baitugu sortzen.



Zuk ederki diozu matrikulak euskaldunak diren eta ez diren ikasleek ordaintzen dituztela. Joño, hori bai egia haundia. Kontua da nik oraindik ez dakidala liburutegiko zein langileri egin euskaraz, DUk ez baitu bere euskara planean langilego euskaldunaren identifikazioa bultzatu nahi. Etnizismoa ote? Kontua da nik matrikula hainbat urtetan ordainduta ere ezin dudala asignatura bakar bat ere euskaraz ikasi! Ala ordundaidugabeen listan ote gaude gu?



"Pais Vasco ez-profundotik" adeitsu.









ikasle ohi bat
2005-03-01 : 12:55

Orduan badirudi Deustuko Unibertsitatean ematen den egoera, inguru soziolinguistikoaren isladarekin justifikatu nahi dela. Eta badirudi inork ez duela hori aldatzeko ahaleginik egin nahi, ez Josebak behinik behin. Eta ni bertan izan nintzen 4 urtetako esperienztiatik esango dizuet, bertan ez dela Bilbon baino euskara gehiago egiten.

Eta gainera Josebak esaten du, ahalegin berezia egin dela euskararen normalkuntzan... eta gero horrelako jardunaldi batzuk antolatzen dituzue?? Mesedez, hizkuntzen astea antolatu nahi baduzue aurrenik zein helbururekin antolatu nahi duzuen zehaztu, bestela programa hori irakurtzen duenak ez daki (hainbeste saltsa artean) zeren inguruko jardunaldiak diren. Oso polita da, eta modan dago gainera, hizkuntzen inguruan hitz egitea, baina non dago hor euskara? Euskal Herrian hainbat erakundek dihardute hizkuntzen inguruan lanean; dela euskara bigarren hizkuntzaren jabekuntzan, hizkuntza proiektuak egiten hezkuntzan, hizkuntzen trataera bateratuaren inguruan...

Badirudi DU unibertsitate publikoa ez izatea eskuak garbitzeko modu bat dela bertakoentzat. Euskal Herrian hainbat dira publikoak ez diren erakundeak eta aurrera jarraitzen dutenak lan duina egiten eta euskararen aldeko apustua egiten. Deustun gainera ikustea baino ez dago ikasle bakoitzari, bertan ikasteagatik, eskatzen zaion diru kopuurua zenbatekoa den. Nik ez dakit diru publikoaren beharra zertarako behar duten lapurreta hori ikusita.

Ahaleginak ez dira dirutan erosten, gogoak behar dira gauzak eraldatzeko!!



Josebak idatzitako mezua erantzun nahian nabil, baina esaten diren astokeri guztiei erantzutea antzua dela uste dut. Dena dela, deigarriena. ZERA DIO DEUSTURI BURUZ:

>

> Deustura ikastera etortzen denak jakin ondo daki (edo jakin beharko luke) ez dela Euskal Herriko bihotzean ("Euskadi profunda" delakoan) sartzen. Deustuko Unibertsitatea Euskadiko hiriburu batean kokatuta dago, eta Euskadiko hiri gehienetan gertatzen den bezala, euskara erabiltzen da erabili daitekeen neurrian eta espainera da nagusi. Baina hori Euskadiko errealitatea da.



Oso ondo!!!! Orduan eskuak poltsikoan sartu eta aurrera!! Nik Euskal Filologia ikasi nuen bertan. Nik jakin nekien non ari nintzen ikasketak egiten, Bilbon, eremu erdaldun batean, oso ondo. Horrek justifikatzen al du euskarari lekuak ez irabaztearen jarrera epela? Eta horrek justifikatzen al du ikasle bati behar ez besteko formazioa ematea ikasketa batzutan? Ez hori bakarrik, horrek justifikatzen al du Euskal Filologiako ikasketetara euskararen arrastorik barik matrikulatzen den jendea gelan izan beharra? Eta liburutegian (eta orokorrean) euskararen presentzia urria? Eta esan ezin daitezkeen hainbat gauza.

Zuek zer motatako Euskal Herria nahi duzue? Azpeitian fandango eta trikitixa dantzatzeko Euskal Herria eta Bilbon Unamunorekin gora eta behera, prestijioa eta modernitatea ematen dizuen erdaran hitz egiten??

Francisco Xavier
2005-03-01 : 14:12

Pertsonalitate kontua edo izango da, baina nik neuk ez dut ikusten Deustun barruan euskara dama iraindu bat bezala, seguruenik euskaldun akonplejatuen artean nagoelako edo. Erraza da gaztelaniaz bakarrik eskeintzen diren zerbitzuak aurkitzea, bai eta elebitan eskeintzen direnak ere. Azken hauek gehiago izatea gustatuko litzaidake noski, eta nire inpresioa da gero eta gehiago badirela: unibertsitate esparruan euskararen presentzia askozaz nabariagoa da Bilboko kaleetan baino.

Baina seguruenik euskararen normalkuntza markadoreen artean, zerbitzuen elebitasuna garrantzizkoa bada, ez da inportanteena. Nire gustuko askoz kezkagarriagoa da, Hizkuntzen Astea delako horretan, ikasleek eskeinitako ekitaldien artean inglesko eta gaztelaniazko nahikotxo egotea, baina, oker ez banabil, Deustuko euskal filologia ikasleek eratutako oso gutxi. Eta hemen ezin besteri errua bota. Geure eremuetan euskarazko bizitza guk geuk ez badugu bultzatzen, bardin Hizkuntzen Astea delakoaren programa bera elebitan egotea ala ez.

Joseba Abaitua
2005-03-01 : 17:59

> Zuek zer motatako Euskal Herria nahi duzue? Azpeitian fandango eta trikitixa dantzatzeko Euskal Herria eta Bilbon Unamunorekin gora eta behera, prestijioa eta modernitatea ematen dizuen erdaran hitz egiten??


"Zuek" esaten duzunean, nor esan nahi duzu? Deustuko Unibertsitatea (instituzioa, irakaslegoa, bertoko euskaldunak)? Erantzuna ez dakit, ze mota eta kolore askotako desioak egongo dira bertan, botikan bezala. Adierazpen ofiziala irakurri dezakezu eta kontuak atera.


Niri galdetzen badidazu, esango nizuke oso EH ideala nahiko nukeela (ekologikoa, plurala, justua...). Eta elebakarrekoa edo elebiduna baino gehiago eleaniztuna. Dena den, niri "Euskal Herria" terminoak beldurra ematen dit, zeren eta lurralde kontzeptua lotzen baitu etnokulturarekin (fandango, trikitrixa, euskara...). Nahiago dut "Euskadi" terminoa, euskal "metropoli edo hiria"-ren sentsuarekin, non etorki askotako jende biltzen den. Gainera horrelako egoera dugu eta etorkizunean irmotuko dela dirudi.


Jon Ortiz de Urbina
2005-03-01 : 22:06

Nahiko harrigarria iruditu zait aurreko kontribuzioa. Gauza asko nahasten dira, eta, egia esan, ezin izan dut denen arteko lotura logikoa ulertu, nahiz eta seguru nago egon badagoela. Hala ere, ulertu ditudan alde askorekin ez nago batere ados. Batez ere, eta hau da ondokoa idaztera bultzatu nauena, Joseba guztiz era injustu batez tratatzen da.

"Orduan badirudi Deustuko Unibertsitatean ematen den egoera, inguru soziolinguistikoaren isladarekin justifikatu nahi dela. Eta badirudi inork ez duela hori aldatzeko ahaleginik egin nahi, ez Josebak behinik behin."

Bai, Josebak esaten zuenez, Deustuko zerbitzu guztiak ez dira oraindik euskaraz eskeintzen, eta honek badauka zerikusirik Bilboko inguru soziolinguiztikoarekin. Baina Josebaren hitzetatik ez da inondik ere segitzen 'hori aldatzeko ahaleginik egin nahi' ez duenik, edo hori gertatzearen kontra dagoenik.

"Eta ni bertan izan nintzen 4 urtetako esperienztiatik esango dizuet, bertan ez dela Bilbon baino euskara gehiago egiten."

Nik ere datuak edo honi buruzko ikerketak ez ditut ezagutzen, eta 18 urtetako esperientziatik bakarrik mintza naiteke. Alde instituzionaletik, euskararen erabilera hutsetik izugarrizko gorakada eman du, orain dokumentazio ofizial guztia euskaraz agertzeko politika dago, bai eta egiten diren kontratazio berrietan euskararen ezagutza garrantzi handikoa omen da. Berriro, ez ditut datu zehatzak ezagutzen eta ez dakit kontratatu berrien artean zerbatek daki euskeraz, baina lehenengo aldiz nik euskeraz egin dezaket bedel batzuekin, bai eta ni kontaktuan nagoen enplegatu berri askorekin. Eta unibertsitate barruan askoz gehiago erabiltzen dut euskara kanpoan baino.

"Eta gainera Josebak esaten du, ahalegin berezia egin dela euskararen normalkuntzan... eta gero horrelako jardunaldi batzuk antolatzen dituzue?? "

Jardunaldi hauek ez dira antolatzen 'euskararen normalkuntzarako', baizik eta filologiako ikasleek beren ikasketekin loturik dauden arloetan parte aktiboago bat har dezaten, inplikazio pertsonala haunditzeko, eta, ahal den neurri txikian, unibertsitate ikasleak ez direnek ere barruan egiten denaren zertxobait ikus ahal dezaketen. Egia da unibertsitatetik kanpo badaudela euskararekin lan egiten duten talde asko, eta beste urteetan jardunaldi ambiziosoagoak egin litezke euskararen normalkuntza hartzen bada jardunaldien ardatza bezala.

"Deustun gainera ikustea baino ez dago ikasle bakoitzari, bertan ikasteagatik, eskatzen zaion diru kopuurua zenbatekoa den. Nik ez dakit diru publikoaren beharra zertarako behar duten lapurreta hori ikusita."

Honek ere harritu nau. Ni euskal filologiak baino ikasle gehiago duen departamentu batean nago, eta kosteak (soldatak, azpiegiturak, etab.) eta ingresoak (ikasleek ordaitzen dutena) ikusita, ez zaizkit zenkabiak ateratzen. Unibertsitate publikoa baino gehiago kobratzen zaio ikasleari, argi dago, baina konparaketa ezin horrekin egin, baizik eta zerbitzu publiko horretan, behar den eta ondo dagoen bezala, presupuestoetatik ikasle bakoitzerako ematen den diruarekin. Beste informazio iturri bat Espainiako unibertsitate pribatuek eskatzen duten diru kopurua da. Hau nahiko errezki lortzen da interneten eta nahiko argigarria izan daiteke.



"Oso ondo!!!! Orduan eskuak poltsikoan sartu eta aurrera!! Nik Euskal Filologia ikasi nuen bertan. Nik jakin nekien non ari nintzen ikasketak egiten, Bilbon, eremu erdaldun batean, oso ondo. Horrek justifikatzen al du euskarari lekuak ez irabaztearen jarrera epela?"

Berriro ere, 'jarrera epelarenak' Joseba arinki juzkatzetik jarritako etiketa dirudi, nik ez baitut hori ikusten ez eta Josebaren hitzetan, ez eta bere ekintzetan. (Bidenabar, eta espero dut neuk arinki ez juzkatzea, 'jarrera epela' etiketa honek badu halako inkisidore kutsu susmagarria). Hain zuzen ere, eta eskuartean dugun Aste honetan, euskarazko bi ekintzetatik bat Josebak antolatua da.

"Zuek zer motatako Euskal Herria nahi duzue? Azpeitian fandango eta trikitixa dantzatzeko Euskal Herria eta Bilbon Unamunorekin gora eta behera, prestijioa eta modernitatea ematen dizuen erdaran hitz egiten??"

Ez dakit nor den 'zuek' hori, edo nork daukan EH gaineko idea folkloriko hori. Josebarena irakurrita nik ez dut hori inon ere ikusten. Neuk nahiko nukeen EH motan, inork jendea sumarioki ez deskalifikatzea gustatuko litzaidake.

Pedro Arrupe
2005-03-02 : 18:59



Bedeletaz ari zaretela, horra adibide hona. Badira euskaldunak, lehen ere bazen bat, baina kontua da ea ikasleok nola demontre dakigun haiek euskaldunak diren ala ez. Izan ere, normalena DUn gaztelaniaz egitea da, beraz ikasle berri batek gaztelaniaz egingo dio bedel euskaldunari. Urteak joan urteak etorri, ez al dago biderik hori apurtzeko? Hobekuntzak barrurako soilik badira ez dira horren hobekuntza.

Eta beste adibide bat jarriko dut:Idazkaritza orokorretik irtetzen diren erantzunak (nik jaso ditudanak behintzat) gaztelania hutsez doaz. Hain zaila al da ikasleari urtean zehar heltzen zaion eskutitz pertsonalizatu bakarretakoa elebidun bidaltzea? Lau formato elebidun egin eta moldatzea hain zaila al da?



Sakonera joanda, uste dut DUk ez duela guztiz serio hartzen euskararen istoria bildurra duelako zein eskuin espainolak tokea eman. Hau da, zein eliteko etiketa hori galdu euskararen itzalpean. Gure gizarteko agintera zuzendutako piezak produzitzen duen instituzioa izateari uzteko bildurra. Euskarak ez baitu saltzen, prestijioa galduaraz baidezake eta diru espainiarra uxatzen baitu. Guk, euskal hiztunok, aldiz (gehienbat) ez dugu hizkuntz-kriteriorik gure hautapen ekonomikoetan.



Imajinatzen duzue Komertzialera datorren ikasle kantabriar baten aitaren inpresioa DUra deitu eta telefonistak "Egunon DUko unibertsitatea" elebitan erantzunda? Nik bai. "Hij@, no vas".



Eta Euskal Herria, lurralde eta elementu etnokulturaletaz luze egin dezakegu, baina trikitixan mugatzea zure hautu pertsonala da. Izan ere flamenkoa, galegoa eta dantza arabiarrak Euskal Herrian sartzen eta bizi diren aldiberean Euskadin okzitanoak, xiberotarrak eta jota nafarrek ez dute lekurik.



Erantzun

Sartu