Teknologia albisteak
2

Fernando Morillok teknologia bidaide

Erabiltzailearen aurpegia
Kepa Sarasola - Udako Euskal Unibertsitatea
2005-04-20 : 11:04

Fernando Morillo idazleak aho zabalik utzi gaitu ostiraleko Hiztek mintegian. Argi geratu zaigu etorri handikoa dela azpeitiar hau, baita ere teknologia funtsezkoa zaiola etorri hori aberasteko. Bi orduko saioan bere jardun profesionaleko 25 programa aurkeztu dizkigu, pantailan eta martxan. Txundituta utzi gaitu.

Ikusitako guztiak hemen aipatzea ezinezkoa da. Hona hemen zenbait ildo kilikagarri:

1) Hitz egokiaren bila.

"Idazterakoan edo idatzi eta gero, hainbat zuzenketa egin behar dira. Xuxen ona da, "zabor-biltzaile" ona da, baina testuaren orrazketako azken urratsa izan behar da. Ez erabili lehenago! Lehenengo zuzenketa literarioa izan behar da, hor jolastu egin daiteke hitz alternatiboekin edo hitzen edo testu-zatien ordenarekin. Argi dago erraztasun handia izango dugula horretan ordenagailuan aritzen bagara. Hainbat hiztegi eskura edikitzen ditut idatzi ahala, euskarazkoak ere bai, ba dira hainbat". (Programak: Elhuyar, Adorez, Uzei, Morris..., Babylon)

2) Ideiaren bila, sinonimo-hiztegietan nabigatzen.

"Sinonimo-hiztegiak jostailu zoragarriak dira. Hasi hitz batetik, bere inguruko hitzetatik abiatu eta bestela berez bururatu ez zitzaizkigun hitzak deskubrituko ditugu. Gainera hitz horiek bidea zabaltzen digute pasadizo edo ideia berriak txertatzeko gure idatzian". (Programak: Adorez eta Uzei)

3) PALM eskuko konputagailu txikian irakurri.

"Edonora erraz eramango duzu, hondartzara ere bai, paperezkoak baino arinagoak dira, eta 10.000 liburu sartzen dira horrelako txiki batean!". Fernandoren amak ere ohitura hartu omen du PALM horrekin irakurtzen. "Gainera PALM horrekin edonon zaudela gorde dezakezu momentuan bururatu zaizun ideia mundial hori".Fernandok bezala papertxoetan idatzitakoak beti galtzen badituzu behinik behin. "Horrelakoetan ordenagailua ez da konponbide, batetik astuna da edonora eramateko, bestetik luze itxaron behar da piztu eta martxan jarri arte". (Programak: Librosgratis, MIRC, InfoRapid, Micronet, Susa, Berria, Armiarma, Word to go, ...)

4) Ideiaren bila, liburu digitaletan bilatzen.

Ordenagailuan hainbat liburu sartzen direnez irakurri dituen hainbat eta hainbat liburu bertan sartu ditu Fernandok. Inoiz ideia edo datu baten bila sartzen da liburu guzti horien artean bilatzen. "Bizpahiru hitz gertu non azaltzen diren eskatu eta lortutako testuek kontakizuna aberasteko ate bat zabalduko dizute, berdin testuko hitz batekin irudiak eskatzen badituzu Interneten". Hala ere, askoz egokiago ikusten du bilatzeko esparrua mugatua izatea, hau da, berak sartu dituen liburu eta entziklopedietan bakarrik bilatzea, Internet osoan bilatzen ibiltzea baino. Internetekin lortzen dena gehiegitxo omen da eta. "Datu zehatz bat bilatzeko, ordea, entziklopedia digitala sartuta edukitzea oso praktikoa da". (Programak: Harluxet, Lur, Encarta, Yahoo Desktop Search, Google Desktop...)

5) Liburuak "entzun" gidatu ahala.

"Gidatzen denbora asko eman behar duzula? Denbora galtzen duzula uste duzu? Aprobetxatu irakurtzeko! Nola? Irakurri nahi duzun liburu edo txosten horren testua lortu eta TextAloud programaren bidez entzun ahal izango duzu. Gainera irakurtzeko abiada kontrola dezakezu". Programa horrek eskaintzen dituen 5 abiada posibleen artean laugarrena ulergarri egiten zaio Fernandori, baina mintegiko besteontzat ulertezina egiten zitzaigun. "Belarria ohitu egiten zaizu oso arin eta hori lortuta bi ordutako bidaian liburu oso bat entzuten duzu!". (Programak: TextAloud, Nero-mp3)

Eskaera batzuk egin zizkigun hizkuntza-teknologian gabiltzanoi:

1) Hiztegiak kontsultatzeko sistemak Babylon modukoak izatea, hau da, elkarrekintza sinplifikatukoak, klik gutxirekin nabigatzeko erraztasuna ematen dutena. Testuko hitz batean klikatu eta, besterik gabe, hor daukazu pantailan Babylonek hitz horri buruz dakiena.

2) Hiztegietan ere testuko hitz guztietan klikatzeko aukera izatea. Horrela askoz azkarragoa hel daiteke hitz eta ideia interesgarrienetara.

3) Kontsulta azkarrean euskarazko material gehiago egotea.

4) Euskaraz irakurtzen duen sistema bat.

5) Fernandok beta-tester, prototipo-probatzaile edo, izateko eskaini zuen bere burua.

Argi dago idazleen artean lan egiteko oso eredu desberdinak aurki daitezkeela. Bakoitzak bere trukoak dauzka eta Fernando Morillok bere truko batzuk kontatu zizkigun Eibarren UEUko Markeskoan. Idazle batentzat inspirazio-iturri emankorra izan daiteke teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak modu egokian erabiltzea. Musa bat dauka gordeta konputagailuan.

Mintegia bukatuta, autoan etxerako bidean, ordutik irriparra galdu barik gentozen Jone, Itziar, Izaskun eta Kepa. Mintegi atsegina izan zela-eta laburpena hau idatzi behar genuela erabaki genuen.

Harrigarria, Fernando! Eskerrik asko.

Erantzunak

maite
2005-05-20 : 15:28

Kaixo, euskaltzale guztioi! Ordiziako Jakintza Ikastolan euskara irakasle bezala dihardut azken aldi honetan eta zuek mahai gainean jarritako gaia benetan interesgarria iruditu zait. Morillok aurkeztutako eta zuek idatzitako materialaren artean zenbait ezaguna dut, baina beste ideia berri ugari ere jaso dut! Ildo beretik jarraituz, eta euskara-teknologia binomioa aintzat hartuz, ba al du inork ikasleekin gelan erabiltzeko ideia berririk? Hau da, norbait irakaskuntza munduan badabil, jakingo du DBHO 2ko (Batxilergoa 2. maila) ikasleak motibatzea ez dela beti lan erraza, batez ere, euskara bezalako arloetan (zeintzuk selektibitatean ez diren maila oso sakonean sartzen!). Beraz, datorren urtera begira, berrikuntzaren bat sartu nahi dut euskarako edukiak teknologia berriekin uztartuz. Norbaitek ideiaren bat badu, bota dezala mesedez! Ziur probetxugarria izango dela...

Alberto De Abajo Gonzalez/UEU
2005-05-23 : 13:16



Kaixo Maite,


bai, bai, bai, arrazoi osoa duzu.


Ikasleak motibatzea, berez, nahikoa lan zaila izaten da askotan.
Irakasle motibatuek errazagoa daukazue, baina.


Zuk bitartekoak, erreferentziak,... eskatzen dituzu.
UEUn aspaldi gabiltza irakaskuntza ez unibertsitarioa eta teknologia berriak uztartzen. Ikastetxeek eskatzen diguten formazioa eskainiz, GARATU edo IRALE plangintzaren bitartez edota gaiaren inguruko jardunaldiak (ikus UEUren informatika sailaren orrialdea) antolatuz.


Udako Ikastaro hauetan, adibidez, norbere Bloga argitaratzeko ikastaro/tailerra egingo da. Ikastaro hau ere datorren ikasturteko UEUren GARATU plangintzarako ikastaro eskaintzan sartu dugu, Eibarko Markeskoan,
UEUren ikastetxe nagusian.
Bloga, nahikoa bitarteko polita izan daiteke gela bereko partaideen komunikazioa areagotzeko.
Hau sarrera legez, menua aberatsagoa baita...


On egin! eta gora San Fermin!


Alberto
k.akademikoa@ueu.org


UEUren Etengabeko Prestakuntza

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago