Teknologia albisteak
1

SecondLife-n Lila Eguzkia topatu nuenekoa

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2007-03-14 : 09:03

Dexente denbora gehiago eman dut azken hilabeteotan SecondLife-ri buruz gauzak irakurtzen, SecondLife-n bertan baino. Baina tira, egin nituen neure bost minututxoak, eta haietan sentituriko emozio laburra kontatzen saiatuko naiz. Horrez gain, Ana Malagon, Iban Zaldua, Gaur8koak eta Euskarians direlako batzuk ere ari omen dira mundu birtualean euskal presentzia areagotzen.

Duela aste batzuk jarri nuen SecondLife-n ordenagailuan, eta osteratxo bat egitea erabaki nuen. Erregistroaren ondoren, sartu nintzen, eta ertz biribilduko avatar femenino batekin topo egin nuen: LILA EGUZKIA, izena zuen pantailan ikusten zenez. Kontxo, hau zortea, sartu eta zer topatuko lehenbiziko gauza, euskaldun bat! "Kaixo, euskalduna zara?", idatzi nion, eta bidali nion mezua. Zeinu arraro batzuekin erantzun zidan, zoaz pikutara esanez bezala, nire akzesoa blokeatu zuen, ez dakit, halako zeozer. Ze, klaro, nirekin barik loro erraldoi batekin zegoen berriketan edo ligatzen edo ez dakit zertan, halako zeozertan. Lila Eguzkiarekin minutu galdu ondoren, beste lau galdu nituen noraezean, eta deskonektatu nintzen.

Gero konturatu nintzen zer zen Lila Eguzkia hura: SecondLife-n erabiltzaile bat sortzen duzunean, avatar izen bat aukeratu behar duzu aukera sorta itxi batean eta, garai hartako deitura-sorta hartan, euskarazkoa zen bat: Eguzkia. Gaur egunean, izena emateko orrian deitura aurkitzeko aukeretan ez dago Eguzkia gehiago, baina bai Etchegaray (Ezpeletako kardinala bidali ote du Vatikanoak Secondlife kristautzera?). Egia esan, ez dakit nola doan izenen kontu hau, baina Eguzkia berriz ikusiz gero SecondLife-n, ez egin neuk bezala, euskalduna izango denik pentsatu.

Ez naiz harrezkero SecondLife-ra itzuli. Baina tira, hurrengo itzultzen banaiz, baditut pista batzuk bederen, benetako euskaldunekin topo egiteko.

Tira ba, horra pista batzuk. Neuk, bitartean, gustua aurkitu beharko diot halako ingurune batean mugitzeari, ez baitiot oraingoz grazia edo erakarmen berezirik ikusten, 3D mundu horretan denbora emateari. Askoz erakargarriagoak egiten zaizkit 3D inguruneak errealak direnean, Google Earth-en mendi ibilbide bat ikuskatu dezakegunean bezala.

Baina neure eszeptizismotik ere, use dut ondo dagoela euskaldunek ere bidea egitea inguru horretan, ondo dagoela Internet eta teknologikoak libreki erabiltzea nork bere afizio, esplorazio eta burutazioak aurrera eroateko, lehen pertsonan, ala bigarren bizitza avatartar batean. Gora Bigarren Bizitza!

Erantzunak

Iban Zaldua
2007-03-14 : 13:05

Gaurko Sustatuko argazkia ikustean, Txinako euskal baserriarena, berehala gogoratu naiz Ana Malagonen euskal etxe birtualarekin, eta banindoan zerbait idaztera, baina Luistxo aurreratu zait noski. Edonola ere, zalantza dicktarra kasu honetan hauxe litzateke: badakigu Txinakoa adreiluzkoa eta porlanezkoa dela, eta SecondLifekoa bit eta pixelekin eraikita dagoela, baina zein da bietatik errealagoa, azken batean? Zein birtualagoa? Aitor dut ez daukadala erantzun argirik galdera horientzako.


SecondLife, hori ezin da ukatu, oso mundu dicktarra da: atzo Volgako Batelariak-en Eli Laztangurenek emandako erantzun batetik tiraka, ohartu naiz intuizio berbera plazaratu zuela bere Kixmi blogean. Zientzia fikzioa zahar geratzen ari da, etorkizuna hemen dago jada (eta distopia, edo utopia, auskalo).


Bide batez, SecondLiferi buruz euskaraz txukun aritu ziren Argia aldizkarian, duela aste batzuk, hemen .


Erantzun

Sartu