Teknologia albisteak

Bilbo efektuaz Guggenheimen 10. urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-10-18 : 10:10

Bilboko Guggenheim museoaren inaugurazioaren 10. urtemuga gaur da. Analisi eta ikuspegi askotarako ematen du kontuak, baita Interneten ere. Gaiaren ertz guztiei ezin erreparatuta, hiru kontutxo ekarriko ditugu, agian inkonexoak: The New York Times-ek Bilbo efetkuaz egindako analisia, euskal kulturgileen ikuspegia berrikusia (Hasier Etxeberriaren eskutik), eta terrorismoaren biktima batzuek urtemugarekin duten kexua.

The New York Times

The New York Times

The New York Times-ek duela aste batzuk Guggenheim museoaren 10 urteez analisia argitaratu zuen. Bilbo efektua erreala da, bai, mapan jarri du hiria museoak, baina hiriak ez du gainerakoan bisitari horientzako beste aukera askorik eskaintzen. Efektua apur bat lausotua ageri da artikuluan, balantzea positiboa egiten duten arren.

Kultur Kezka

Duela 10-12 urte, Museoaren eraikintza Jaurlaritzako Kultura sailaren gastuetan zuen eraginagatik, Kultur Kezka mugimendua eratu zen, eta Hasier Etxeberria izan zen mugimendu hartan gehien nabarmendu zenetako bat. Hamar urteren buruan, Kezka Kultur artikulua argitaratu du Berrian eta bere blogean.

Ekonomikoki, Bilboko jokaldiaz bingo esan behar dela dio Etxeberriak, baina euskal kulturaren sustapenaren ikuspuntutik, porrota deritzo. Horrez gain, Guggenheim frankizia bat dela gogorarazten digu idazleak: 20 urterako pagatu zitzaion Fundaziora Bilbora etor zedin. 10 urte igaro dira jada.

Polemika euskal gatazkaz

Urtemuga honetarako, zenbait euskal artista gonbidatu dituzte, Chacun à son goût izeneko erakusketa kolektibo batean bereziki sortutako lanak sor ditzaten. Horietako batek, Clemente Bernad argazkilari nafarrak, betiko euskal gatazkari buruzko argazkiak prestatu omen ditu, eta hori ez dute izan gogoko ez Covite biktimen elkarteak ezta Miguel Angel Blanco Fundazioak.

Prentsako artikulu batzuen arabera, Bernadek Blanco erahilaren burezurraren autopsia-irudiak eskatu omen zizkien Fundazioari, eta oso mingarria suertatu zaie hori.

Bernadek erakusketa horretan zer duen ezin dugu grafikoki erakutsi hemen:

Erantzun

Sartu