Teknologia albisteak
1

Infozazpik webgune berritua du

Erabiltzailearen aurpegia
Garikoitz Mujika Zubiarrain - Infozazpi irratia
2007-12-06 : 08:12

Abenduarekin batera jantzi berria estreinatuko du Infozazpi irratiak. Gune osatuago eta biziagoa eskaintzeko asmoz egin da aldaketa, diseinu modernoagoa eta iristerrazagoa izateaz bat. Entzuleekin elkarrekintza handiagoa eta podcast eskaintza zabala ditu blog itxura hartuko duen gune berrituak

Izan ere, orain artekoa gunea motz samar geratu da irratiak azken urtebetean izan duen garapen garrantzitsuari erantzuteko, besteak beste, programazio eskaintza asko hazi baita. Egun, astelehenetik ostiralera bederatzi orduko emankizuna eskaintzen du nazio mailako irratiak albistegi, kronika, magazine eta musika saioen artean. Larunbatetan eta igandetan, berriz, lau orduko eskaintza langara iristear da.

Irratiaren programazio zabalkunde horri erantzuteaz bat, entzuleen eta irratiko esatari nahiz kolaboratzaileen arteko harreman zubi berriak eraiki nahi izan dituzte aldaketarekin. Aurrerantzean, irratiko saio bakoitzak bere atal propioa izango du eta bertan saioen edukiak, aurrerapenak eta albisteak jarriko dira entzuleen eskura. Gainera, iruzkinen bidez, entzulearen eta esatarien nahiz kolaboratzaileen arteko harremanak estutzeko aukera ere emango du blogak, entzuleak webgunean bere deialdi, iritzi eta ekarpenak zabaltzeko aukera izango baitu.

Bestetik, diseinu berriarekin nabarmen ugarituko da podcast eskaintza. Podcast sistemaren bidez irratiko albistegi, analisi tarte, kronika, musika saio, zientzia saio edo dena delako audio fitxategia modu errazean ordenagailura edo eskuzko mp3 irakurgailuetara jaisteko aukera izango du entzuleak. Sistema horrek, gainera, gustukoen dituen saio, analista edo kolaboratzailearen programa eguneratu bezain laster jakinarazten dizkio entzuleari, etengabe webgunera sartu eta zer berrikuntza izan den begiratzen ibili beharrean.

Azkenik, irratia saretik entzuteko era ere erraztu nahi izan dute. Gaurdanik aurrera, Infozazpi zuzenean entzuteko nahikoa izango da webguneko goi-eskubi aldeko Play ikurra zapaltzea.

Erantzunak

ptx !irratia.com
2007-12-06 : 14:29

info7.com


Interesgarria benetan, rss eta podcast ezberdinetara harpidetzeko aukera hau.
Interneten sortutako irratia izanik, nazionala-mundiala agian- izate horrek garrantzia berezia ematen dio.


Erantzun

Sartu