Teknologia albisteak

"Mandatarien gerra", Joxi Basterretxearen nobela labur saritua

Erabiltzailearen aurpegia
Maite Rey - Ondarroako Udala
2008-01-23 : 14:01

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa Jose Inazio Basterretxea irakasle eta idazle galdakoztarrak irabazi du zazpigarren deialdian, "Mandatariaren gerra" deritzan lanari esker.

Basterretxeak jasoko ditu sariaren 5.000 euroak eta udaberrian kaleratuko du eleberria Elkar argitaletxeak. Hala erabaki zuten joan den ostiralean epaimahaia osatzen zuten hiru idazleek: Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Xabier Mendiguren Elizegik.

Mandatariaren gerra Espainiako gerra zibilean giroturiko espioitza-nobela bat da. Zehazki 1938an eta Pirinio Zentralean gertatzen dira ekintzak, mugaren alde batean zein bestean, interes politikoak, ekonomikoak eta are maitasun-istorioren bat ere tartekatzen den mataza interesgarrian. Kontatzeko erari dagokionez, berriz, gertaeretatik 20 urtera Mexikon argitaratutako erreportaje-sorta baten itxura eman dio idazleak, generoen arteko jolas moduan edo.

Jose Inazio Basterretxea Polo Galdakaon jaio zen 1959an eta Zaratamon bizi da gaur egun. Informazio-zientzietan doktorea eta kazetaritza-irakaslea da EHUn. Bere arlo akademikoko hainbat saiakeraz gain, fikziozko bi liburu kaleratu ditu orain arte: Falo zantarra (Jaone Barolo ezizenaz kaleratua 1988an) eta Marearen erraietan (2006).

Sariaren historia

2001 Alberto Ladron Arana, Xake Mate
2002 hutsik
2003 Fernando Morillo, Gloria Mundi; eta Iñaki Irasizabal, Burua txoriz beterik (ex-aequo)
2004 Julen Peñagarikano, Apologia
2005 Irati Jimenez, Bat, bi, Manchester
2006 hutsik
2007 Jose Inazio Basterretxea, Mandatariaren gerra

Erantzun

Sartu