Teknologia albisteak

Arnas Dezagun taldea, haur euskaldunen "klase-sakabanaketaren" aurka

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-07-29 : 11:55

“Arnas Dezagun” guraso euskaldunen taldeko kideek eskaera egin dute, gutun ireki baten birtartez, haur euskal hiztunak ez sakabanatzeko gela desberdinetan. Haur euskaldunek erdaldunengan eragiteko egiten omen dute, eta horregatik banatzen dira gelaz gela, guraso hauek salatzen dutenez: baina erdiesten dena kontrakoa da, beraiek erdalduntzen dira kideko euskaldunen faltan.

Hona agiriko pasarte batzuk:

"Hau sinatzen dugunok euskaraz bizitzeko hautua egin dugun gurasoak gara... gauza batek batzen gaitu: geure seme-alabek ere euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dugu. Tamalez, helburu hori lortzeko zailtasun asko aurkitzen ditugu gure herrietan..."

(...) Gune erdaldunetan ezinbestekoa da, beraz, eskolan, ikasgelan, haur euskalhiztunak ez bereiztea. Inongo biziberritze prozesutan ez baita hizkuntza bat zabaltzen dauden hiztun apurrak hizkuntza hegemonikoaren erabiltzaileen artean nahasita. Hori eginez gero, kontrakoa gertatzen da: hizkuntza gutxiagotua ahuldu egiten da. Beraz, arnasgune funtzionalak sortzea da bidea, gure haurrak euskaraz biziko badira normaltasunez, larritasunik gabe. Arnasgune bilakatuko diren ikasgeletan haurrak elkartuta soilik sortuko baita motore eta antena efektua."

(...) Hizkuntza arloan nor ateratzen da irabazten gaur egungo taldekatze irizpideekin? Inor ere ez! Euskal hiztuna den umeak gaztelerara jotzen baldin badu, nork egingo du euskaraz? Orain, denak ateratzen dira galtzaile. Badakigu Euskal Herri osoan asko zaretela gure egoera berbera bizi duzuen gurasoak. Dei egiten dizuegu gurekin bat egitera. Zabal dezagun elkarrekin eztabaida hau, mugiaraz ditzagun egoera aldatzeko eskumena dutenak. Seguru gaude denon artean lortuko dugula gure seme-alaben euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea."

Arnas Dezagun taldearekin kontaktatzeko, Twitterren @ADezagun eta e-postaz, arnasdezagun (a bildua) ni.eus

Erantzun

Sartu